Aurreko Albisteak

Gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonentzako eguneko zentroak zabalduko ditu Aldundiak Barakaldon, Durangaldean eta Getxon

Bilbao

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatu andrea Batzar Nagusietara etorri da gaur, EH Bilduk eskatuta, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapearen garapenaren barri emoteko, bere arloari jagokonez. 2017ko hedapenetik sortuko dan antolakuntza barriari erantzun ahal izateko, ekitaldi honetan beste hiru zentro zabalduko dirala iragarri dau Foru arduradunak. Barakaldok eta Durangaldeak “urteko lehenengo seihilekoan” izango ditue arretarako baliabide barriak, gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonen beharrei erantzun ahal izateko. Zentro horreei beste zentro bat gehituko jake Getxon, “urteko bigarren seihilekoan”.

Arlo horretako Aldundiaren baliabideak egokitzeko asmoz, bere sailak gauzatuko dituan beste jarduketa batzuk zehaztu ditu Laespadak. Holan, 2017an, trazautako ibilpide orrian oinarrituta, “plazen foru titulartasuna eta erantzukizun publikoa indartzearen” aldeko apustua egingo da, eta zerbitzuak egokituko ditu, “pertsonengan zentrautako arretea izan daien, baliabidean zentrautakoa baino gehiago”. Aldundiak lehen eta bigarren arreta zerbitzuen arteko koordinazinoa be bultzatuko dau, “trantsizino arinagoa lortzeko”. Koordinazinoaren arloan, “osasun, etxebizitza eta enplegu sistemen artean, batez be, baina baita gizarte arloko zerbitzuakaz (emakumea, umeak, urritasunen bat daukien pertsonak eta mendekotasuna) hartu emonak eta loturak garatzeko” behar egingo dabela adierazo dau Laespadak.

Kasu bakotxean koordinazinoa “indartzea” eta erreferentziazko profesionalak gizarteratze prozesuetan beteko dauen lekua izango dira beste helburu batzuk, eta baita “genero ikuspegia garatzea” be. Ekitaldi honetan egin beharrekoen artean, Aldundiak ezarri dituan proposamenen artean “esku-hartze psikosoziala indartzea” eta “adikzinoen arloko egoitzetako plazak murriztea eta plazak esku-hartzeko erespide terapeutikoak kontuan izanda denporalizatzea” dagoz. Bukatzeko, Gizarteratze foru sailak, gizartetik baztertuta dagozan eta buru gaixotasun larria daukien pertsonei laguntzeko plaza gehiago jarriko ditu martxan.

Laespadak, Gizarte Zerbitzuen Legean eta Kartera Dekretuan aurreikusten diran zerbitzuen mapea zelan geratzen dan azaldu deutse batzarretako taldeei, eta baita bagilaren 21ean Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Erakundeen arteko Mahaian onartu zan guneen banaketa barria be. Mahai parekide hori udalen eta Aldundiaren ordezkariek osatzen dabe, eta bere helburua lurraldean zerbitzuak ahalik eta ondoen zabaltzea da. Gizartetik baztertuta dagozan pertsonen arloan, Bizkaiak 132 plaza ditu sobran bere eguneko zentroetan. Une honetan 623 plaza ditu, eta urte honetarako egin dan proiekzinoa 491koa da. Jokaereagaz erlazionautako arazoak dituen eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonentzako, denpora gitxi lehenago ospitalea itzi dabenentzako edo abstinentzia sindromea daukienentzako baliabideei jagokenez, barriz, 14tik 19ra zabaldu beharko dira dagozan plazak. Gainera, izaera pertsonaleko, sozialeko eta harremanetako arazo larriak dituen eta gizartetik baztertuta dagozan pertsonentzako beste 45 plaza sortu beharko dira.

Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak kritikau egin dau zerbitzu “asko” Bilbon zentrauta egotea, eta informazinoa hirugarren sektorera “zabaltzea” eskatu dau. Zalantzan jarri dau Laespadaren saila zerbitzu barriak aurton bermatzeko gai izango ete dan, aurrekontua txikiagoa dalako. “Bermatuta egongo dira”, erantzun deutso diputatu andreak.

118 ERREFUXIATUK JASO DABE ARRETEA 2016AN

EH Bilduren beste interpelazino bati erantzunez, Laespadak igaz Bizkaian arretea jaso eben errefuxiatuen inguruko datuak emon ditu. “Gerratik, gosetik, pobreziatik eta heriotzatik iges joiazan 20 nazionalidadeko 118 errefuxiatuk” jaso eben harrerea lurraldean, Goihabe foru programaren babespean. Laespadak azaldu dauenez, beste 254 pertsonari arretea eskini jake gizarte-laneratzeko orientazinorako jarduketetan.

“240.000 euroko” inbertsinoa izan dauen programearen helburua errefuxiatuen arreta integrala dala gogoratu dau Laespadak, eta horretarako hainbat erakunderen laguntzea izan dau (Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi, Caritas eta Ellacuria Fundazinoa). Hainbat moetatako prozesuak eta esku-hartzeak izan ditu, bizilekua eskintzetik laguntza ekonomikora, hezkuntzako, gizarteko eta lan munduko laguntzatik igarota.

Goihabe programa horren esku-hartze integralari, GGKEen bitartez Larrialdietako eta Giza Laguntzako eta Lankidetzako proiektuetan finantzau dan beharra gehitu behar jako. 2015 eta 2016 urteetan programa horreetara “milioi eta erdi euro baino gehiago” bideratu dira aurrekontuetatik.

Errefuxiatuei jagokezan Aldundiaren jarduketa horreei, sentsibilizazinora eta herritarren partaidetzara zuzendutako kanpainak gehitu deutsez Laespadak. 2015 eta 2016 urte horreetan “300.000 euro” baino gehiagokoak izan dira. Holan, #Prestgaude programea eta Gizartegune ‘Errefuxiatuak. Euren eskubideak. Gure eginbeharrak’ jardunaldia azpimarratu ditu.

Batzarretako talde guztiek “modu positiboan” balorau dabe Goihabe programea martxan jarri izana, baina EH Bildutik egoera barrira “egokitzeko” aukerea aztertzea eskatu da, programea sortu zanean Bizkaiak 1.000 errefuxiatu jasotea aurreikusten ebalako, gehienak Siriatik etorritakoak. Koalizino abertzaleko bozeroalearen eretxiz, programea, lurraldera “ailegetan diran guztiei” harrerea eskintzera bideratu behar da. Goihabe “nahikoa da dituan hartzaileentzat”, erantzun deutso Laespadak, beste soslai batzuetara egokitzen diran beste baliabide batzuk dagozala gogoratuz.