Aldundiak lurren bankuko programearen inguruko "gogoetea" zabaldu dau, 2016ko deialdian lote bakarra esleitu ostean
Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak gaur goizean, Talde Mistoak eskatuta, Batzar Nagusietan izan dauen agerraldian iragarri dauenez, Nekazaritzako Lurzoruaren Fondoaren edo lurren bankuaren jarraipenaren inguruko “gogoetarako” epealdia zabalduko dau bere sailak. Foru Aldundiak 2011n jarri eban martxan ekimena, lehen sektorearen gazteagotzea bultzatzeko. Foru Aldundiak zazpi lur lote jarri ebazan gazte baserritarren esku 2016an egindako azkenengo deialdian, eta horreetako bat baino ez zan azkenean esleitu, hasieran aurkeztu ziran eskari biren artean.
Azkenengo bost urteetan, Aldundiak “47 lur lote” banatu ditu, gehienak “baratzezaintza ekologikoko ustiapen” barriak martxan jarteko. Igaz izandako eskari urria ikusita, Aldundiko arduradunek gogoetarako epealdia hasi dabe, “eredu horregaz jarraitzeko edo aldaketeari ekiteko” erabagiteko. Bizkaiko Aldundiaren planen artean ez dago programa hori alde batera iztea, “gazteak sektorera gerturatzen jarraitzen dabelako”, Unzuetak adierazo dauenez. “Ez daukagu bere egunean onetsi zan dekretua baztertzeko asmorik”, eta gitxiago oraindino Aldundiak “Gazteriaren urtea” izendau dauen urte honetan.
Teknikarien aldetik jasotako datuakaz programea ebaluau aurretik, Aldundiak fitxea mobiduko dauela aurreratu dau Unzuetak. Aurtongo deialdia “udabarrira” aurreratuko da, eta sektoreko alkarteen inplikazino handiagoa bilatuko da, eta baita dekretua norbanakoen, udalen eta bestelango erakundeen artean zabaltzea be.
Unzuetak, bere eretxiz, 2016an izandako emoitzen atzean dagozan zergaitien “lehenengo hurbilketea” egin dau. Holan, Aldundiko arduradunaren ustetan, “behar bada”, lurren erabileretako batzuk ez ziran eskarietara egokitzen, eta sektorean “joera aldaketea dauela emoten dau”, jaubetzan oinarritutako eredurantz, eta ez horrenbeste nekazaritzako alokairuan oinarritutakorantz.
Batzarretako taldeen eretxiz, “guztiz beharrezkoa” da ekimen publikoa sektorea barriztetan jarraitzeko, baserritar gazteak sartuta, gure gizarteak nagusien eskuetan izten dauelako nekazaritzeagaz erlazionautako mundua. “Asko itxaroten zan eta asmo handiak eukazan” dekretua izan arren, Mikel Kormenzana EH Bilduko batzordekideak, eskinitako loteak ustiapen jakin batzuetarako “itxita” ez egotea eskatu dau, gazteen sarrerea ez mugatzeko. Eskaria egin deutso Aldundiari, nekazaritzako lur-sailak “eskuratzea” bultzatu daian, eta une honetan erabilten diran lurrak nekazaritzarako berreskuratu daizan, baita jaubetza kentzearen bitartez be, beharrezkoa bada, eta baita bitartekaritzako beharra egin daiten, lurren transmisinoa egin daiten nagusiengandik gazteengana.
EL KARPINEN ETORKIZUNA
Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andrea, Podemos Bizkaia, PP eta Talde Mistoaren hiru agerraldi eskariri erantzuteko be etorri da Batzarretara. Talde horreek El Karpinen (Karrantza) dagon fauna basatia jasoteko zentroko instalazinoen egoera ekonomikoaren eta etorkizunaren inguruko datuak eskatzen ebezan. Oposizino taldeek “preminaz” inpliketako eskatu deutsie Aldundiari leku horren jarraipena bermatzeko. Dana dala, Foru Aldundiak erantzun dauenez, parkearen etorkizuna ez dago arriskuan.
Proposamena aurkeztu daben taldeek adierazo dabenez, urtero “50.000 pertsona baino gehiago” jasoten dituan parkearen jaubea dan Enkarterriko Mankomunidadeak (Artzentales, Galdames, Gordexola, Güeñes, Karrantza, Lanestosa, Sopuerta, Turtzioz eta Zalla udalerriek osatutakoa), parkea kudeatzen eban enpresak proiektua bertan behera itzi behar ebala esan eban orain denpora gitxi, ez eukalako bideragarritasun ekonomikorik. Hiru talde horreek –EH Bilduk be eurakaz bat egin dau–, parkeari eusteko “borondate politikoa” eskatu deutsie Foru Aldundiari, ingurumenaren aurreko errespetua zabaltzeko egiten dauen beharrarengaitik, eskualdera turismoa erakarten dauen lekua dalako eta bertan behar egiten dabenen enpleguari eutsi ahal izateko, animaliak jasoteko eta osatzeko lekua izateaz aparte.
Foru Aldundia koalizinoan zuzentzen daben EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietatik, parkearen jaubea dan Mankomunidadeak hartzen dituan erabagiak errespetau behar dirala azpimarratu dabe, eta parkearen kudeaketarako beste lehiaketa publiko bat deitzea balorau dabe. Lehiaketa hori iragarrita dago daborduko, eta “parkeari jarraipena emongo deutson eta enpleguari eustea posible egingo dauen beste kontratu bat bermatuko dau”. Oposizinoak “erantzukizun faltea” erakutsi dauela esan dabe, Aldundiari “erakundeen aldetik baztertuta itzi izana” leporatu deutsielako, azkenengo urteetan hainbat izan diralako instalazino horreei eustera bideratu diran partidak. María Presa jeltzaleak esan dauenez, parkeak “333.985 euro” jaso ditu Aldundiaren aldetik, “13.000 euro” Basalan Foru enpresatik eta “41.266 euro” Enkarterriko Mankomunidadetik bertatik. Diru kopuru horri, azken erakunde horrek “urtero bideratzen dituan 10.000 euroak” gehitu behar jakoz.
Diputatu andreak, bere aldetik, Foru Gobernua eusten daben talde bien erespide berbera agertu dau. Jaubea danez, “jardun behar dauena eskualdeko Mankomunidadea da, eta Aldunditik kudeaketa hori errespetetan dogu”, adierazo dau, eta, aldi berean, “zuhurtasunagaz eta kontu handiz ibilteko” eskatu dau, “arintasunez berba egin barik”, El Karpinen arazoa ekonomikoa dala esaten daben informazinoak ontzat hartuz. Mankomunidadeak esan deuskunez, “beharbada ez da hori arazoa”.
PANPAKO LUMAGANDORRA, ZEBRA MUSKUILUA ETA BISOI EUROPARRA
Unzuetak bi espezie inbaditzaileren hedapenaren inguruko azken barriak bideratu deutsez batzarretako taldeei, Panpako lumagandorrarena eta Zebra muskuiluarena, hain zuzen be, eta baita bisoi europarraren bizi iraupenari jagokon informazinoa be. Hiru gai horreek zirala eta barriro be Aldundiko arduradunen baten agerraldia eskatu dauen Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariari argi itzi deutsanez, ez dago barrikuntzarik, Foru Gobernuko beste ordezkari batzuek esandakoaren aurrean.
Holan, Panpako lumagandorraren presentzia nahiko “txikia” da Bizkaian, ez dalako lurraldearen “%10era” ailegetan. Landare inbaditzaile hori “geure artean geratuko dala” onartu arren, Aldundiak beharrean jarraitzen dauela adierazo dau Unzuetak, “paisaiaren aldetik balio handia daben lekuetatik” kentzeko, Barbadun errekatik, besteak beste. Leku horretan “50.000 landare baino gehiago” kendu dira. Gehiago ikusten da “errepideen eta trenbideen, gune hidraulikoen, gaseoduktoen eta hariteria elektrikoen ondoan, amaitu barik dagozan urbanizazinoetan edo hondakindegietan”.
Zebra muskuiluari jagokonez, Unzuetak aurreko agerraldi batean eskini zan informazinora jo dau. Agerraldi haretan, karguan bere aurretik egon zan diputatuak, muskuilu hori Urrunagako, Undurragako eta Mendikosoloko urtegietan eta Arratia, Ibaizabal eta Nerbioi erreketan dagola esan eban. Arazo horren kudeaketeagaz URA Agentzia arduratzen da, Aldundiak parte hartzen dauen Jarraipeneko Mahaiaren bitartez eta, bere txostenak kontuan izanda, “momentuz” zebra muskuiluak ez dau “kalterik” eragin azpiegitura hidraulikoetan.
Bizirik irauteko gatzago dauka bisoi europarrak, beste espezie inbaditzaile baten, bisoi amerikarraren, aurrean lehia hilkorrean ari da eta. Emoten dauenez, animalia horrek, bisoi amerikarrak, habitataren gero eta egoera txarragoagaz batera, ugaztun autoktonoaren “jatsiera nabarmena” eragin dau “15 urtetan”. Unzuetak adierazo dauenez, Foru Aldundiak, animalia horren populazinoa hobetzera bideratuta dagon eta EBk finantzetan dauen LIFE (2014-2018) programan hartzen dau parte. Programaren helburua bisoi europarraren jarraipena egitea eta espezie amerikarra desagertu arazotea da, tranpetan oinarritutako teknikak erabiliz.
EZEZKOA ARTAZAKO PARKEAN HOBEKUNTZAK EGITEARI
Gaurko saioa, Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren eztabaideagaz amaitu da. Proposamen horretan, 2016ko udan Bizkaiko Batzarretako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonen Batzarretik igaro ziran Leioako biztanleek, Artaza parkearen inguruan hainbat jarduketa gauzatzeko eskaria egin ebela jasoten zan. Talde moreak, Aldundia hainbat hobekuntza bere gain hartzeko ekimena aurkeztu dau: hesi bat bukatzea, umeek eta txakurrek ez daien errepidera urten; jarleku eta paperontzi gehiago instaletea; eta iturri baten hustubidea konpontzea.
Oposizinoko talde guztien aldeko botoa jaso dauen ekimena ez dabe onartu EAJ-PNV eta PSE-EE taldeetako ordezkariek. Talde biek esan dabenez, Artazako parkea hiru erakunderen esku dago –Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Udala– eta horreek barrutiaren parte bat kudeatzen dabe. Aldundiak “100.000 euro baino gehiago” gastetan ditu urtero parkearen mantentze-lanetan, eta planteau diran proposamen batzuk “beteta dagoz daborduko”, paperontziei, jarlekuei edo komun publikoei jagokezanak, besteak beste. Gainera, teknikarien eretxiz, parkean ez dago hesi bat egitea eskatzen daben “arriskurik”. Ekimena ez da onartu, aldeko 7 boto eta kontrako 8 jaso ditualako.