Batzar Nagusiek Bizkaiko 2017ko Aurrekontuen inguruko Foru Araua onetsi dabe
Gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan osokoan behin betiko geratu dira onetsita 2017. urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak. Aldundia eusten daben talde bien aldeko botoei esker onartu da Foru Araua. Euzko Abertzaleak (EAJ/PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek, 7.394 milioi euroko zenbateko osoa hartzen daben Kontuak onetsi ditue. Diru horretatik 1.165,5 milioi kudeaketa propiorako izango dira. Batzar Nagusietan erregistrau eta ia hilebete bi igaro ostean, Lurraldeko Aurrekontuek EH Bilduren, Podemos Bizkaiaren eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) kontrako eretxia jaso dabe barriro be. Aurton, Gobernuko bazkide biek Talde Mistoko ordezkari bakarraren, Arturo Aldecoaren, laguntza be izan dabe, abstentzino moduan.
Bozketea, hiru ordu baino gehiago iraun dauen eztabaidaren ostean egin da. Eztabaida horretan, Bizkaiko Batzarretako sei taldeek euren jarrerak defendidu ditue, esku-hartzeko txanda bitan. Unai Rementeriaren Gobernuaren bigarren aurrekontuak Bizkaiko Batzar Nagusien behin betiko on ikusia jaso dau, bederatzi bozketa egin ostean, horreetatik zortzi Sail bakotxeko kontuak onesteko eta beste bat Testu Artikulaua berresteko. Bozketa guztiek emaitza berbera lortu dabe: aldeko 30 boto, kontrako 19 eta abstentzino bat.
Foru Arauaren Erespena, batzarretako oposizinoko taldeek erreserbau dituen 551 zuzenketa-eske partzialakaz (EH Bilduren 137; Podemosen 129; PPren 195; eta Talde Mistoaren 90) heldu da urteko azkenengo osoko bilkurara, egun batzuk lehenago, abenduaren 19tik 21era, egin diran Ekonomia eta Ogasuneko zortzi batzordeetan onetsi barik geratu ostean. Oposizinoak barriro ikusi dau datorren urterako gastuaren egiturea aldatzea bilatzen eben proposamen horreek baztertuta geratu dirala.
SARTUTAKO ALDAKETAK
Urriaren 31n Bizkaiko Batzarretan erregistrau zan dokumentuari jagokonez, aurrekontuak 21 aldaketa jasoten ditu –horreetako 5 teknikoak izan dira–, eta horreen eragin ekonomikoa 667.000 eurokoa izango da. Aldaketa horreek, EAJ/PNV eta PSE-EE taldeek alkarren artean aurkeztu dituen 11 zuzenketa-eskerengaitik eta talde bi horreek Talde Mistoagaz (7) eta EH Bildugaz (2) adostu dituan beste 9 zuzenketa-eskerengaitik sartu dira. Aurrekontuak PP taldearen zuzenketa-eske bat be jasoten dau.
Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailak 50.000 euro hartzen ditu, horreetatik erdia Bardintasunerako Foru Araua aurrera eroateko, eta beste erdia lankidetzara eta garapenera zuzendutako funtsa “loditzeko” eta, parte batean baino ez bada be, herritarrentzako alegazinoen fasean hainbat taldek aurrekontuen %0,7 kontzeptu horretara bideratzeko egindako eskariari erantzuteko.
Teresa Laespadak zuzentzen dauen sailak 20.000 euro gehiago izango ditu, baita, Bizkaian lan barik dagozan pertsonen laneratzearen alde behar egiten daben hirugarren sektoreko alkarteen egitekoa bultzatzeko, eta beste 30.000 euro gehiago bideratuko dira 45 urtetik gorako iraupen luzeko lanbakoen eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dagozan pertsonen artean autoenpleguari laguntzeko apustua egiten dauen programara. Aurrekontuak 50.000 eurotan handituko dau laguntasuneko programak bultzatzera bideratutako “itsulapikoa”.
Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailak, bere aldetik, 70.000 euro jasoko ditu hainbat proiektu aurrera eroan ahal izateko. Azpimarratzekoak dira Lea Artibaiko Mankomunidadean hondakin organikoen kudeaketarako “programa pilotua” martxan jartera bideratuko diran 40.000 euroak. Zallako frutikultura estazinoak 20.000 euro gehiago jasoko ditu, eta landaredia babestuko mikro erreserbak sortzera beste 5.000 euro bideratuko dira. Beste 5.000 euro igarobide ekologikoak indartzera zuzenduko dira.
Horrez gain, Euskera eta Kultura Sailak 150.000 euroko partidea izango dau Bermeoko Udaletxea barriztetako. Beste 100.000 eurok museoetan kultur ondarea berreskuratzera zuzendutako funtsa handituko dabe. Gainera, Lorea Bilbaok kudeatuko dauen aurrekontuak 2.000 euro jasoko ditu Foru Artxiboko funtsen digitalizetea planifikauko dauen azterlana egiteko, eta beste 10.000 euro eskolako kirolaren aurrekontuari gehituko jakoz.
Nagusitasunez onetsi dan azkenengo aldaketak Gizarte Ekintzako sailari jagoko, eta 185.000 euroko partidea izango da, datorren urtean ateak zabalduko dituan Etxebarriko zentroak funtzionetan emongo dauen lehenengo urtean alderdi “esperimental” bat garatu ahal izateko, mendekotasunaren prebentzinoa eta autonomia pertsonalaren sustapena uztartzen dituan arretako formula barria probetako, hain zuzen be.
AURREKONTUEN ALDEKO ERETXIAK
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek euren gobernu hitzarmena defendidu dabe eta, holan, baita Unai Rementeria buru dan legealdian onetsi diran bigarren Kontuak be. Euren eretxiz, aurrekontuak, aurton be, lehentasunezko lau ardatzetan oinarritzen dira: “pertsonak, enplegua, ekonomia berreskuratzea eta indarbarritzea eta zerbitzu publikoei eustea”.
Jon Andoni Atutxa Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeko bozeroalearen eretxiz, onetsi dan Foru Araua “errealistea, koherentea eta helburu argiak dituana” da. Errealistea “ez dogula gastauko ez daukaguna. Diru-sarrerek behera egiten badabe, aurrekontuak behera egingo dau. Eta hori erantzukizunez jokatzea baino ez da”, esan dau. Sail bakotxak erabilgarri daukan diru-kopurua 2016an eukana baino zer edo zertxo gitxiago da, baina inork ez dau “zalantzan jarten” “gizarte arloko gastua blindauta dagonik”, aurreikusitako gastuaren “%84” zuzenean dagolako pertsonengana, enplegura, jarduera ekonomikoa sortzera eta zerbitzu publikoak eustera zuzenduta.
Ildo horretan bertan, Carlos Totorika bozeroale sozialistak esan dau aurrekontua “funtsezko” tresnea dala krisi garaietan eta Foru Gobernuaren aitatutako lau lehentasunei “aurre egin ahal izateko” diseinau dala. “Desbardinen arteko akordioaren” ondorioz sortu da, eta helburua “krisialdiaren urteerako bidea finkatzea da”. Batzarkide sozialistaren eretxiz, oposizinoak aurkeztu dituan zuzenketa-eskeek “alternatibarik ez dagola” erakusten dabe, eta balioan jarri dau orain urte batzuk jeltzaleek, sozialistek eta popularrek adostu eben erreforma fiskala. Holan, kritikau egin ditu orain PP taldeak eskatzen dauen zergen jatsierea eta Podemos Bizkaiaren “alternatiba fiskal” faltea, ez dauelako alternatibarik aurkezten Aldundiko kutxan diru-sarrera gehiago lortzeko, gizarte arloko gastua handitu ahal izateko.
Aurton, Foru Gobernua eusten daben talde biek beste laguntza bat be lortu dabe. Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkari bakarrak Lurraldeko kontuen alde agertzea erabagi dau –absteniduz edo aldeko botoa emonez– bere eretxiz “ona dalako Bizkaiarentzat eta Aldundiarentzat”. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeei eztabaidaren bidea ez ixteko eskaria egin deutse, urtean zehar hobekuntzak sartzen jarraitu ahal izateko. “Oso garrantzitsua da negozietan jarraitzera zabalik egotea”, “zenbat eta adostasun gehiago lortu Bizkaia indartsuagoa izango dalako”.
“EZTABAIDA BARIK”, OPOSIZINOAREN ERETXIZ
EH Bildu, Podemos Bizkaia eta PP taldeek bat egin dabe Kontuen kontra agertzeko orduan, eta Foru Gobernua eusten daben taldeek hiru talde horreek aurkeztu dituen “ia zuzenketa-eske guztiak” atzera bota izana kritikau dabe.
Javier Ruiz PP taldeak Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak zabaldu dau eztabaidaren txandea, Aldundiaren eta Foru Gobernua eusten daben talde bien jokatzeko modua kritikauz, ez dabelako “hurbiltzeko” asmorik erakutsi “ezelango partidarik” negozietako. Bere eretxiz, bere taldea eztabaidatik “baztertuta” geratu da, “zigor moduan”. Kritiken artean, batzarkide popularrak esan dau “ez dala oso sinisgarria” 2017an diru-bilketak “%5,2” igoko dirala esatea, 2016an diru-bilketaren igoerea aurreikusitakoaren “erdia” izango dala kontuan izanda.
Podemos Bizkaia taldetik, Asun Merinerok kritikau egin dau aurrekontuen inguruko eztabaidak “ez dauela amaiera zoriontsurik izango”, aurrekontua “Bizkaia sozialetik, iraunkorretik eta inklusibotik urrun” geratuko dalako. Talde moreko batzarkidearen eretxiz, onetsi diran Kontuak “gizarte arloko murrizketaz beteta” dagoz, eta Aldundi honen “bezero-eredua” berresten dabe.
Arantza Urkaregik (EH Bildu) be eztabaidarik ez egotea penagarria dala esan dau, eta adibide moduan Foru Gobernua eusten daben taldeek bere taldeak aurkeztu dituan 139 zuzenketa-eskeetatik bi baino ez dituela onartu azpimarratu dau. Koalizino abertzaleko batzarkideak kritikau egin dau Lurraldeko Kontu Publikoek udalen finantzaketara eta kalidadeko enplegu publikora zuzendutako partidak murriztea. Aurrekontu horreek “ez dabe aurreikusten”, ezta, gizarte zerbitzuen karteraren hedapena, eta bere eretxiz, Bizkaia beste lurralde bien atzetik doa arlo horretan. Tributuen “doikuntzea” eskatu dau, baliabide gehiago lortu ahal izateko.
IZENDAPENAK
Beste alde batetik, osoko bilkurak onetsi egin dau Jon Iñaki Zarraga Bujedo UPV/EHUko Gizarte Kontseiluko kide eta Nazario Oleaga Páramo Zuzenbide Zibileko Euskal Batzordeko kide izendatzea, biak be Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkari moduan.