Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek euren ardurea erakutsi dabe, Israel eta Palestina arteko pake prozesuaren "blokeoa" dala eta

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Israelek eta Palestinak, lurraldeen okupazinoa dala eta, aspalditik daben gatazkaren pake prozesuaren “blokeoa” dala eta ardurea erakusten dauen zuzenketa-eskea. Holan, Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen barruan, 50 urte beteko dituan eta munduko gatazka “luzeena” bilakau dan gatazka konpontzeko beharrean inpliketako eskatu jako nazinoarteko komunidadeari. NBEko Segurtasun Kontseiluak, polemikea sortu dauen Estatu Batuen abstentzinoagaz, beste gauza batzuen artean Israeli asentamenduen jarduerea eta handitzea gelditzeko eskatzen deutson ebazpena onetsi eta egun batzuetara heldu da Zuzenketa-eskearen onespena.

Bizkaiko Batzar Nagusiek gaur adostu daben testua Euzko Abertzaleak, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeek Podemos Bizkaiak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bati aurkeztutako zuzenketa-eskea izan da, eta zuzenketa-eske horrek Bizkaiko Talde Popularraren aldeko botoa be jaso dau. Bertan, “Giza Eskubideen eta nazinoarteko legetasunaren edozein zapalkuntza gaitzesten da”, eta Nazino Batuen Erakundean Palestinako Estaduari jagokonez hartutako ebazpenakaz bat egiten dala adierazoten da, horreek beteteko eskatuz Israeli. Batzar Nagusiek berretsi egin dabe Palestinako herriaren eskubideak defendiduteko eta herri bientzat modu berean “pakea, justizia, segurtasuna eta duintasuna” nagusi izango diran etorkizuna eregiteko behar egiteko konpromisoa.

Gainera, 2014an Eusko Legebiltzarrak onetsi eban arauz besteko proposamenari jarraituz, lurraldeko erakunde publikoek Israelgo erakundeakaz sinatu ahal izan dituen akordioen inguruko txostena aurkezteko eskatzen deutsie Bizkaiko Batzarrek Aldundiari.

Gainera, Bizkaiko Batzarretan egon diran talde guztiek –Talde Mistoko ordezkaria ez da egon– onartu daben zuzenketa-eskea nazinoarteko erakundeek adierazotako gomendioen alde agertzen da, Europar Batzordeak, lurralde okupauetatik datozan Israelgo produktuak modu berezian etiketetako egin dauen eskaria, edo “Ekialde Ertaineko Laukoteak” orain denpora gitxi idatzi dauen txostenean egin dituan iradokizunak apliketea, adibidez. Azken txosten horretan gatazkea konpontzera zuzendutako hainbat neurri zehazten dira. Hagako Nazinoarteko Epaitegiak, “Lotsaren hormea” birrintzeko aginduz emon dauen epaia beteteko eskaria be egiten jako Israeli, horma horrek “ez daukalako ezelango justifikazinorik, ezta segurtasun errazoiak dirala eta be”.


JOSE LUIS BILBAO KPEE-KO BURU IZATETIK KENTZEKO ESKATU DAU PP TALDEAK, HABIDITE KASUA DALA ETA

Beste alde batetik, PP taldeak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia izandakoak, une honetan Kontu Publikoen Euskal Epaitegiko presidente moduan beteten dauen karguan “dimisinoa aurkeztea edo atoan kargutik kentzea” eskatu dau gaur, Europako epaitegiek, 2006an Habidite enpreseari, etxe modularrak egiteko plantea eregiteko emon jakozan laguntzak “legez kanpokoak” zirala esan ostean. Joan dan urrian, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak (EBJE) ez eban onartu laguntza horreek legez kanpokoak zirala esanez 2015ean Europar Batzordeak (EB) hartu eban erabagiaren kontra Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu eban kasazino helegitea.

Ebazpen hori ezagutu ostean, Javier Ruiz PPko batzordekideak Unai Rementaria egungo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren agerraldia eskatu eban Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean, gai horren inguruko balorazino politikoa emoteko.

Agerraldia gaur egin da, agertu dana Imanol Pradales Ekonomiaren Garapen eta Lurralde diputatua izan dan arren. Diputatuak azpimarratu dauenez, aurreko legealdian, Bilbao Foru Aldundiko buru zala, Aldundiak onartu eban daborduko bere akatsa “gero porrot egin eban enpresa proiektu batean sinistu ebalako”. Azpimarratu dauenez, epai finko horrek atzera botaten ditu Bizkailurren eta Afer taldearen artean sinatu ziran hitzarmen biak, ez jakozalako Europar Batzordeari “proiektua martxan egoan unean bertan” jakinarazo, ezin ziralako aurrera eroan EBaren baimen barik.

Pradalesek ziurtatu dauenez, aurreko gobernu taldearen erabagiak ez dau ondorio ekonomikorik izan bizkaitarrentzat, Habiditeri “ez jakolako euro bakar bat be emon laguntzetan”. Proiektu horren bultzatzailea, Jabyer Fernández, kartzelan dago, beste gai bategaz erlazionautako kaudimen falta zigorgarri delitua dala eta, Iurbenor kasu moduan ezagutzen danagaz, hain zuzen be.

Diputatuak esan dauenez, Foru erakundeak “130.855,35 euro” gastau ditu Habidite kasuan, aholkularitza juridikoan. Bere eretxiz, Habidite kokatu behar zan Alonsotegiko lur-zoru industrialeko 200.000 metro karratu baino gehiagoko lurrarengaitik Aldundiak ordaindu ebazan 4,8 milioi euroak “inbertsinoa dira, eta ez gastua”, oraindino erakundearen esku jarraitzen dabelako. Pradalesen eretxiz, Bizkaiko herritarrentzat onargarria da Administrazinoek “arriskuak hartzea, batzuetan, proiektu horreetako batzuek porrot egiten daben arren”.

Azalpen horreen ostean, Javier Ruizek berretsi egin dau kasu horretan “aldeko tratu nabarmena” egon zala Jabyer Fernándezen alde, eta baita haren enpresearen “alde jotzeko interesa” be, eta “oraindino ez dakigu zeintzuk izan diran horren guztiaren kontrapartidak”. Dana dala, beste edozein herrialdetan, garai haretan Ahaldun Nagusia zanak, Jose Luis Bilbaok, zigorra jasoko eban, baina hemen zigorbakotasun politiko kasuak emoten dira, eta horren ondorio moduan, azpimarratu egin behar da Kontu Publikoen Euskal Epaitegiko presidente izendatu ebela. Hori dala eta, kargu horretatik “atoan kentzeko” eskatu dau.

EAJ-PNV taldearen aldetik, Ruizen kontakizunak “zuzentasun falta handia dauela eta ozartasunetik oso gertu dagola” esan dau Jon Sánchezek, eta esaten dauena egia dala uste badau “serioa izateko eta epaitegietara joateko” eskatu deutso. Bere esanetan, Aldundia “obsesinau egin zan Bizkaiko interesen defentsan”, Jabyer Fernándezek bizkaitarroi guzurra esatea gure ebala konturatu zanean; dana dala, ez da ahaztu behar Jabyer Fernándezek gauza bera egin ebala “Espainiako Erresumeagaz eta Aragoiko, Andaluziako eta Euskadiko gobernuekaz”, Pradalesen berbetan.

PSE-EEko Ekain Ricok aurreko Foru Gobernuak gai honen inguruan aurrera eroan eban kudeaketa “negargarria” kritikau dau, baina “erantzukizun politikoak erabagi hareek hartu ebezananak dirala azpimarratu dau, eta ez gaur egun erakundea zuzentzen dabenenak”.

EH Bilduko eta Podemoseko batzordekideek, euren aldetik, proiektu horren kudeaketa “penagarria” azpimarratu dabe, eta “erantzukizunik hartuko ete dan” galdetu dabe, “parkamena eskatzea ez dalako nahikoa”.


BATERAEZINTASUNEN INGURUKO FORU ARAUA

Batzorde berean, Podemos Bizkaia taldeak “Osotasunari, interes-gatazkari eta bateraezintasunei buruzko Foru Arauaren” betete mailaren inguruan egin dauen galderari erantzunez, lbone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Andreak arauzko proiektuaren erregistroan zelanbaiteko atzerapena dagola onartu dau, gaur egun indarrean dagozan gardentasunaren eta gizarte klausulen foru arauak kontuan izanda arautegi hori egiteak behar asko eskatzen dauelako. Dana dala, Aldundiko arduradunak esan dauenez, Aldundiko baliabideak erabilita prestauko dan dokumentua 2017ko “lehenengo hilebeteetan” egongo da prest. Talde moreak esan dauenez, Aldundiak aurton aurkezteko konpromisoa hartu eban, Bizkaia Goazen 2030 planean argitaratu zan kronograman oinarrituta.