Aurreko Albisteak

Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailak 70.000 euroko balioa daben aldaketak sartuko ditu bere aurrekontuetan

Bilbao

Gaur Batzar Nagusietako bigarren jardunaldia izan da, batzarretako taldeek Bizkaiko Aurrekontuen proiektuaren aurrean aurkeztu dituen 569 zuzenketa-eske partzialen eztabaideagaz jarraitzeko. Gaur egin diran hiru saioetan, Foru Gobernua eusten daben talde biek, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek, ez ditue onartu oposizinoak Ekonomia eta Lurralde Garapen eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailen aurrekontuen aurrean aurkeztu dituen zuzenketa-eskeetako bat be. Jardunaldiko aldaketa bakarrak Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko sailaren aurrekontuan jaso dira. Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak arauzko bost aldaketa onetsi ditu, eta horreek 70.000 euroko eragina izango dabe guztira sail horretako Kontuetan.

Zehatzago esanez, Elena Unzuetak zuzentzen dauen saileko foru aurrekontuak beste 5.000 euro izango ditu “Bizkaian igarobide ekologikoak indartzeko eta bultzatzeko espazio babestuen eta interes naturaleko guneen artean”. Azkenean, partida hori 55.000 eurokoa izango da.

Bigarren aldaketeak, hori be Talde Mistoaren eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen artean adostutakoa, Babes eta Ingurumen programaren barruan, beste 5.000 euro gehituko ditu “landaredia babestuko mikro erreserbak” sortzeko. Atal horrek, 31.000 euroko aurrekontua eukan aurretik datorren urterako.

Landareen Ekoizpena eta Osasuna programaren barruan, batzarretako talde berberek Zallako frutikultura estazinoari zuzkidura ekonomiko handiagoa emotea adostu dabe. 20.000 euro gehituko jakez hasieran aurreikusita egozan 40.000 euroei. Holan, batzordeak, gauza berbera eskatzen eban PP taldearen ekimena onetsi dau.

Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailaren Kontuek izango daben azkenengo aldaketea –diru gehien jasoko dauena– EH Bilduren eta Foru Gobernua eusten daben talde bien arteko akordioaren ondorioz lortu da, Ingurumen Azpiegituren programan. Koalizino abertzaleak, hasieran, milioi bi euroko zuzkidura eskatzen eban eskualdeetako konpostatze plantak egiteko. Azkenean, 40.000 euro bideratuko dira Lea Artibaiko Mankomunidadean “programa pilotua” martxan jarteko. Eskualde horrek behin baino gehiagotan erakutsi dau hondakin organikoen kudeaketan esku hartzeko modu “desbardina”.

Guztira, Batzarretako taldeek 201 zuzenketa-eske eztabaidau eta bozkatu ditue gaur. Imanol Pradalesek zuzentzen dauen sailaren kontua, oposizinoaren aldetik (EH Bildu, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa) aldaketarako eske gehien jasoten ebazana, 91 zuzenketa-eskegaz heldu da aurrekontuen inguruko eztabaidarako bigarren jardunaldi honetara. Vicente Reyes buru dauen sailari jagokonez, 29 zuzenketa-eskegaz heldu da Batzarretako izapide honetara. Zuzenketa-eske horreetatik guztietatik bat bera be ez da onartu.

Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko Sailaren aurrekontu proiektuak Ekonomia eta Ogasuneko Batzordera ekarri dituan 81 zuzenketa-eskeetatik, azkenean bost onartu dira, adostutako aldaketakaz, zuzenketa-eske trantsakzionauak aurkeztu diralako.