Enplegu anezka batean parte hartzeak "%20" handitzen ditu beharra aurkitzeko aukerak
Sara de la Rica UPV/EHUko Ekonomia katedradunak, Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun sailak eskatuta, aurton Ezkerraldean, Bilbon eta Enkarterrin martxan jarri diran hiru enplegu anezka pilotuak aztertu ostean lortu dan ebaluazinoaren emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean Batzar Nagusietan. Aldundiak bultzatutako Anezka programan parte hartu daben 60 pertsonek “%20” handitu ditue lanpostua aurkitzeko aukerak, itxaron zerrendan egoan eskatzaile talde batek batu dituan datuak kontuan izanda, katedradunak azaldu dauenez.
5 hilebetez egunean 4 orduz orientazino intentsiboak eskini ebezan anezken helburuen artean lankidetzan oinarritutako enplegua aurkitzea egoan, taldeko ahalik eta kide gehienarentzat, “coach” baten behar koordinauaren bidez. Batez besteko laneratze ehunekoa “%62,69koa” izan da. Gizonen artean eragin “handia” lortu dau, %70ekoa; baina andrazkoen artean lortu dauen eragina moderatuagoa izan da. Hamarretik seik –%59,6k– enplegua lortu eben.
Azterketa horretan aldeak aurkitu dira, baita be, enplegugarritasunak, anezkea dagon lekua dala eta, lortu dauen eraginean. Bilboko taldeak, orokorrean, %76,2ko laneratze tasea lortu dauen bitartean, Ezkerraldekoak %68,2koa lortu dau, eta Enkarterrikoak %45,8koa.
Teresa Laespada Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatu andreak amaitzeko esan dauenez, enplegu anezkek eragin “positiboa” dabe lurraldean, eta “apustu arrakastatsua” dira, baina ez dira bere sailak enplegua sustetako gauzatzen dauen ekimen bakarra. Hori dala eta, une honetan zortzi anezka dagoz martxan.
AUTOENPLEGUAREN INGURUKO DATUAK
Batzorde berean, EH Bilduk egindako itaunari erantzunez, Laespadak, apirilean onartu zan lanbakoentzako, 45 urtetik gorako pertsonentzako eta gizartetik baztertuta geratzeko arriskua daukienentzako autoenpleguaren inguruko foru dekretuaren balantzea emon dau. Aurton, Foru Aldundiak "6.442.996 euro” inbertidu ditu, “2015ean baino %56,6 gehiago", laguntzako ildo bitan. Horreetako baten helburua enpresa proiektuak sortzean eta martxan jartean aholkularitzea emotea zan; eta bestea, enpresa horreek sortzeko prozesuari diruz laguntzera egon da zuzenduta.
Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, aurkeztu diran eta eskakizunak beteten ebezan eskari “guztiek” laguntzetan gauzatutako erantzuna jaso dabe, lehenengo aldiz lehiakortasunean gauzatu dan esleipenerako prozesuan. Lehenengo ildoan, “esleipena lortu daben 27 erakundeek” "900.000 euro" jaso ditue. Bigarren ildoan, Foru Aldundiak, 5.000 eurotik 15.000 eurora doazan “1.039 laguntza” esleitu ditu. Laguntza horreek "5.542.996 euro" hartu ditue.
Laespadak adierazo dauenez, datu horreek, aurreko urteetan lortutakoak baino hobeak dira. Holan, azpimarratu dauenez, 2015ean baino “335 enpresa eta 413 enplegu” gehiago lortu dira. “Bide onetik goazala” erakusten daben emaitza “onak” dirala esan dau.
Batzarretako taldeek emaitzak txalotu ditue, autoenplegurako partida ekonomikoak handitu egin dirala eta horreek emoteko erespideak aldatu dirala azpimarratuz, aurreko edizinoetan “iritsierako ordenan” emoten ziran eta. Hemendik aurrera, Aldundiak balorau egin beharko dau zein dan sortutako enpresen “iraupen mailea”.