Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek 150.000 euroko balioko aldaketak onartu ditue Bizkaiko Aurrekontuen Proiektuan

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek, batzarretako taldeek Bizkaiko Aurrekontuen proiektuaren aurrean aurkeztu dituen 569 zuzenketa-eske partzialen eztabaidea hasi dabe gaur. Gaur egin diran saio bietan (Herri Administrazio eta Erakunde Harremanak eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun saila), bost zuzenketa-eske partzial onetsi dira, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidetan ziran 145etatik. Adostutako aldaketek 150.000 euroko eragin orokorra izango dabe aurrekontuetan, eta Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Euskal Sozialistak (PSE-EE) taldeek batera aurkeztu dituen ekimenak dira, oposizinoak –EH Bildu, Podemos Bizkaia, PP eta Talde Mistoa– defendidutakoak ez diralako onartu, jeltzaleek eta sozialistek osatutako gehiengoaren kontrako botoak dirala eta.

Aurrekontuetako aldaketek eragina izango dabe Teresa Laespadak zuzentzen dauen saileko aurrekontuan. 25.000 euro gehiago gehituko jakez 2017an foru gobernuak onestea aurreikusten dauen Bardintasunerako Foru Araua garatzera bideratutako partidari eta baita Garapenaren Lankidetzara jagokonari be. Azken zuzenketa-eske horrek hirugarren munduari laguntzeko hainbat taldek gauzatutako eskariari erantzuten deutsie. Eskari horreek aurrekontuen %0,7 lankidetzara eta garapenera bideratzea eskatu eben alegazinoen fasean. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek neurria kritikau egin dabe, zifra horretatik “urrun” geratzen dalako. Partida biak Herritarren Eskubideak eta Lankidetzea programaren barruan dagoz.

Gainera, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Foru Gobernua eusten daben talde bien ekimenez, baita be, 20.000 euroko hazkundea adostu dau Bizkaian lan barik dagozan pertsonen laneratzearen alde behar egiten daben hirugarren sektoreko alkarteen egitekoa bultzatzeko. Gainera, beste 30.000 euro gehiago bideratuko dira 45 urtetik gorako iraupen luzeko lanbakoen eta gizartetik kanpo geratzeko arriskuan dagozan pertsonen artean autoenpleguari laguntzeko apustua egiten dauen programara.

Bukatzeko, gizarteratze programaren barruan, batzordeak onetsi dauen zuzenketa-eske partzialak 50.000 eurotan handitzen dau laguntasuneko programak bultzatzera bideratutako zenbateko ekonomikoa. Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen eretxiz, hazkunde hori “ez da nahikoa”, ia milioi bi euroko (1.984.395) hasierako aurrekontuan oinarritzen dalako.


ALDAKETA BARIK HERRI ADMINISTRAZIO ETA ERAKUNDE HARREMANEN SAILEAN

Momentuz, aurrekontuak ez dau aldaketarik sartuko Ibone Bengoetxeak zuzentzen dauen sailean. Batzordeak ez ditu onartu Batzarretako taldeek Herri Administrazio eta Erakunde Harremanen sailaren aurrekontuaren aurrean aurkeztu dituen 68 zuzenketa-eske partzialak.

Taldeek, datorren abenduaren 27an, lurraldeko kontuen batzarretako izapidea itxiko dauen osokorako erreserbauko ditue onetsi ez diran zuzenketa-eske “guztiak”.