Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako osokoak ez ditu onartu EH Bilduk, Podemosek eta Talde Popularrak Osotasunari aurkeztutako zuzenketa-eskeak

Gernika

Bizkaiko Aurrekontuen proiektuak bere izapidetzeagaz jarraituko dau datorren astean batzordean, gaur, Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusietako osokoak, aurrekontuak Aldundira itzultzea ez onartu ostean. Bozketa bakarrean, Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta Bizkaiko Talde Popularrak (PP) osotasunari aurkeztutako zuzenketa-eskeak. Foru Gobernua eusten daben indar politikoen –Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak– baturea nahikoa izan da aurrekontuak itzultzea eskatzen eben hiru ekimenak atzera botateko, eta horreei Talde Mistoko ordezkari bakarra gehitu jake. Guztira, hiru talde horreek 31 boto batu ditue, eta EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta PPk, barriz, 20.

Holan, Lurraldeko Kontuek euren Batzarretako ibilbideagaz jarraituko dabe batzordean datorren astelehenetik, abenduaren 19tik, aurrera, batzarretako taldeek aurkeztu dituen 579 zuzenketa-eske partzialen eztabaideagaz. Aldundia eusten daben talde biek 11 zuzenketa-eske partzial defendiduko ditue. EH Bilduk gauza bera egingo dau bere 142 zuzenketa-eskeakaz; Podemos Bizkaiak 134gaz; Bizkaiko Talde Popularrak 196gaz; eta Talde Mistoak 97gaz.

“Zuzenketa” gehien jasoten dituen sailak Ekonomia eta Lurralde Garapen saila (97) eta Euskera eta Kultura saila (87) dira. Horreen ostean Iraunkortasun eta Ingurune Naturala (82), eta Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasuna (78) datoz. Bolumenari jagokonez, Herri Administrazio eta Erakunde Harreman saila (68), eta Gizarte Ekintza (57) hirugarren mailan dagoz. Eta, bukatzeko, zuzenketa-eske gitxien daukien kontuen artean, Ogasun eta Finantza sailari (37), eta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailari (30) jagokezanak dagoz.

Aitatutako zuzenketa-eske horreez aparte, beste 21ek Foru Arau Proiektuaren artikuluen alderdiren bat aldatzea eskatzen dabe, eta 4k Udal Finantzaketearen alderdiren bat zalantzan jartzen dabe. Guztira, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatu jaunak adierazo dauenez 7.394 milioi eurokoak diran (horreetatik 1.165 milioi sailek erabili daikiez) 2017. urterako Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontuek, 2016ko aurrekontuetan aurkeztutakoek baino 248 zuzenketa-eske gehiago jaso ditue. Horreetatik ia ehun, Bizkaiko Batzarretan Talde Mistoa osatu dalako, Arturo Aldecoa, talde horretako ordezkari bakarra, martian Talde Popularretik kanporatua izan ostean.

Abenduaren 19tik, astelehenetik, 21era, eguaztenera, zuzenketa-eske partzialak Ekonomia eta Ogasuneko batzordean eztabaidatu ostean, Bizkaiko aurrekontuak behin betiko onesteko batzarretako izapidea hilebete honen bukaeran egingo dan azkeneko osokoagaz amaituko da. Bizkaiko Batzarrek abenduaren 27ko eguna aurreikusten dabe horretarako.


ZUZENKETA-ESKEEN EZTABAIDEA

Batzarretako taldeetako bozeroaleek atrilera igo orduko, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak zabaldu dau saioa, aurrekontuen proiektuak, Unai Rementeria buru dan EAJ-PNV/PSE koalizino gobernuko taldeak prestau dauen bigarrenak, jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago izango dauen Bizkairantz joateko aukerea emongo dauela azalduz, “munduagaz lotuago egongo dan”, Lurralde “modernoagoa, eragingarriagoa eta gardenagoa” eta baita “lurraldearen ikuspegitik kohesinoatuago” egongo dan Bizkairantz, hain zuzen be.

Javier Ruiz PP taldeko batzarkideak, bere aldetik, bere taldeari Aurrekontu hori “ez jakola gustetan” salatu dau, baina Gobernu taldeari “eskua luzatzeko” prest agertu da, bere zuzenketa-eske partzialak onartzen baditu.

PP taldeko ordezkariak zalantzan jarri dau diru-sarreren aurreikuspena, bere eretxiz “puztuta dagozalako”. Hori dala eta, bere ustez ez gagoz Kontu “sinesgarrien” aurrean. “Hormonauta” dagoz, esan dau.

Gastuari jagokonez, enplegua, gizarte politikak edo jarduera ekonomikoa bultzatzea moduko arloetan murrizketak jasoten dituala adierazo dau. Gizarte politiketan, adibidez, Aurrekontua “izoztuta” dago, “murrizketak” dagoz Eguneko Zentroetan, egoitzetan eta estimulazino goiztiarreko programetan.

“KALERA JATSIKO DIRAN” AURREKONTUAK

Asun Merinero Podemos taldeko batzarkideak, bere aldetik, Kontuak “kalera jatsi daitezala” eskatu dau, ez deutsielako erantzuten gizartearen “lehentasunei” eta “ez dituelako bermatzen” gizarteratzea eta pertsonei eskini beharreko zerbitzuen prestazinoa. “Ez deutsez behar dan moduan erantzuten gizarte arloko preminei, desbardintasunak gero eta handiagoak diran garai honeetan”, gehitu dau.

Merinerok adierazo dauenez, Kontu horreek “ez dagoz” aberastasunaren banaketara edo gaur egungo ereduari “bueltea emotera” zuzenduta. “Funtsezko zerbitzuak kanpora atera izana” salatu ostean, bere taldeak Aurrekontu horri emongo deutson ezezkoa “konpromisozko eta ardurazko” ezezkoa dala esan dau, “jendea ongizatetik kanpo izten jarraitzea” saihesteko. Gainera, esan dauenez, Kontu horreetan ez dagoz doikuntzak, “murrizketak” baino, eta erreforma fiskala “preminazkoa” dala defendidu dau.


“GIZARTE ARLOKO MURRIZKETAK”

Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak, bere aldetik, Soziedadeen Zergan diru gehiago batzera zuzendutako tributuen aldaketea eskatu dau, beharginak garalako “diru-bilketaren pisu handiena geure gainean daukagunok”.

Esan dau, zoritxarrez lurraldeko aspaldiko datu “txarrenak” doguzala Bizkaiko pobreziaren inguruko adierazleei jagokenez, eta “276.980 pertsona pobrezia arriskuan” dagozala. Horrez gain, Aldundiak gizarteratzerako laguntzetan, enplegu politiketan edo inklusinorako egoitzetako plazetan “murrizketak” egin dituala salatu dau. Urkaregik aurreratu dauenez, Aldundiak “ez dau beteko” Gizarte Zerbitzuen Karteraren hedapena.

EH Bilduk kritikau egin dau “zerbitzu publiko gehiago sortzeko” edo lantaldeak egonkortzeko dirurik ez egotea, eta“lehentasunak” ez dirala sustapen ekonomikoa eta enplegua esan dau, “lurraldearen garapena, hau da, azpiegiturak”, baino.

Beste alde batetik, EAJ-PNV eta PSE taldeetan ez ebela akordioetara ailegetako ezelango borondaterik ikusi esan dau, Aurrekontuen inguruan izan eben bileran, eta EH Bilduk murrizketarik ez egotea, udal finantziazinoari ekitea eta erreforma fiskala planteau ebazala gogoratu dau. Azken gai horri jagokonez, EAJ-PNV taldeak, bere proposamenak zenbat gehiago eskatuko leuken koantifiketako eskatu deutso koalizino abertzaleari.


EAJ-PNV, PSE-EE ETA TALDE MISTOA AURREKONTUEN ALDE

Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak esan dauenez, aurkeztutako Aurrekontu proiektuak “gabeziak” ditu, baina “Bizkaiko beharretara egokitzeko daukan egitekoa nahiko ondo beteten dau”. Bere esanetan “hobetu daitekez”, baina ez dau uste kaxoian sartzeko besteko “negatiboak edo desegokiak” diranik. Hori dala eta, zuzenketa-eske partzialak azpimarratzearen eta “bat egiteko lekuak” bilatzearen aldeko apustua egin dau.

Carlos Totorika PSE-EEko bozeroaleak, bere aldetik, aurrekontu horrek gizarteari “erantzun argiak eta zuzenak” eskini gura deutsazala eta “azken urteetan Espainiako Gobernutik jasaten egon garan herritarren eskubideen eta askatasunen murrizketari aurre egingo deutson hormea” izatea bilatzen dauela adierazo dau.

Batzarkide sozialistak adierazo dauenez, PSE-EEk “inor botata ez iztearen”, “aukera bardintasunaren alde” behar egitearen, eta “ekonomia berreskuratzeko eta enplegua sortzeko lanean buru belarri aritzearen” konpromisoa betetan dau. Totorikaren berbetan Aurrekontu “serioa, zorrotza, errealidadeagaz bat datorrena eta zalantzen aurrean aurreikuspenak dituana” da, eta Aldundia “mahai gainean jarrai behar dan guztia ari dala jarten” “bermetan” deutse herritarrei, “krisia gainditzeko bidean eragile aktiboa” izateko.

Gainera, azpimarratu dauenez, gastuari eustea beharrezkoa dan arren, ahalegin handia egin da “pertsonei arreta zuzena eskintzeko eta Ongizate Egoerea eusteko” politikakaz jarraitzeko.

Aurkeztu diran zuzenketa-eskeei jagokenez, “onartzeko inoiz baino aukera gitxiago izten dabela” uste dau, eta baliabideak “gitxiago diranean”, beste batzuk “konponbideak bilatzen doguzan bitartean”, zuzenketa-eskeak, azkenean, “zientzia fikzinozko ariketa moduan agertzen dirala” eta “ez bustiteko” eta “iges egiten ahalegintzeko” atxakia dirala gehitu dau.


AURREKONTU “KOHERENTEAK, HELBURU ARGIAK DITUENAK”

Jon Andoni Atutxa EAJ-PNV taldeak Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak, bere aldetik, Aurrekontu honeen “abiapuntua” pertsonak dirala esan dau. Zehatzago esanez, enplegua bultzatzeko ahalegina egiten dala azpimarratu dau, etorkizuna bermetako, jarduera ekonomikoan sakontzeko, pertsonengan “eragina” izan daian, eta “bizitza kalidadea hobetuko daben” zerbitzu publikoen aldeko apustua egiteko.

Atutxak adierazo dauenez, aurrekontu “koherenteak, helburu argiak dituenak” aurkezten dira, eta “beharrezkoa” dan gastuaren euspena, gizarte arloko gastuagaz “jarraitzeagaz” bateragarria dala erakusten dabe.

Gainera, “aurreikusten diran diru-sarrerei” erantzuten deutsen Aurrekontu “errealistea” dala esan dau. “Ez dogu gastauko ez daukaguna”, esan dau. Atutxak adierazo dauenez, hori “erantzukizunez jokatzea da”, eta sail bakotxak erabili daikean kopurua txikiagoa dan arren “gizarte arloko gastua blindau egiten dala” adierazo dau.


ONARTU EZ DIRAN MOZINOAK

Aurrekontuaren eztabaidaren ostean, Batzarrak ohiko gai biren eztabaidea hasi dau. Holan, Bizkaiko Batzarrek ez ditue onartu kontroleko azkenengo osokoan landu ziran itaun bitik sortutako mozino bi.

Lehenengo, Koalizino abertzaleak, Podemos Bizkaiaren eta Talde mistoaren aldeko eretxiagaz, Aldundiak, gizarte-klausula barrien inguruko Foru Arau Proiektu bat egin eta Batzarretan aurkeztu daiala eskatu dau. EAJ-PNV eta PSE-EE horren kontra agertu dira, euren eretxiz “ez dalako formula egokia”. Apirilean Eusko Legebiltzarrak onartu eban Legea “nahikoa” da gai horren inguruko esparru arautzaile moduan. Gainera, azken aldian egon diran hainbat epaik adierazoten dabenez, Aldundiak “araudi bat” egin beharko dau, Jon Sánchez jeltzaleak esan dauenez. Abstenidu egin dan PP taldeak esan dau egokia izango litzatekela Batzarretan ponentzia bat edo azterketarako batzorde bat eratzea.

Beste mozino batean, EH Bildu talde berak, eskaria egin dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deioen Foru Aldundiari, Karrantzako Minda kasuan zabalik dagon zigor prozeduran “akusazino partikular moduan” aurkeztu daiten. Oraingoan be, EAJ-PNV eta PSE-EE ekimenaren kontra agertu dira. Oposizinoa, Foru Aldundiari, Balmasedako epaitegi batean zabalik dagon kausan “modu aktiboan” esku hartzeko agindua emotearen alde agertu da, Bilboko epaitegi batean merkataritza prozesua bukatu eta epaiaren zain dagonean. Jeltzaleek eta sozialistek, orain aste bi Elena Unzueta bozeroaleak esandakoa gogoratu dabe. Bertan, Aldundia kausa horretan “parte aktiboa dala” esaten zan, porrot egin eban minda lantegian inbertidutako 2 milioi euroak berreskuratzeko asmoz.


BATZARKIDE SOZIALISTA BARRIAK

Josu Montalbán eta Ekain Rico sozialistek batzarkide jarlekua hartu dabe gaur Gernikan, orain hamabost egun, kontroleko osokoan, Bizkaiko Batzarretan azkeneko aldiz parte hartu eben Alexia Castelo eta Joaquín Colmenero ordezkatuz. Montalbán batzarkidea lau legealditan izan da aurretik, bi hamarkada hartzen dituan baina etenaldiak izan ebazan epealdian, 1991tik 2011ra. Enkarterriko batzarkidea Batzarretako talde sozialistaren bozeroalea be izatera heldu zan.