Batzar Nagusiek Bidebarrietako Liburutegiko horma-irudiak berreskuretako aukerea "ebaluetan" Bilboko Udalagaz lankidetzan aritzeko eskatu deutsie Aldundiari
Euskera eta Kulturako batzordean, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, bere ondare arloko teknikarien laguntzea eskini deion Bilboko Udalari, Echenagusia eta Guinea margolariek Bidebarrietako Liburutegiko Hitzaldien Aretoko sabaian egindako horma-irudiak berreskuratzeko “dagozan aukera posibleak ebaluetako”, “40ko hamarkadan” pintura berdez estaldu ziran eta. Gaur goizeko saioan Talde Mistoak gai horren inguruan aurkeztu dauen arauz besteko proposamena onetsi da, Euzko Abertzaleak taldearen (EAJ-PNV), Euskal Sozialistak taldearen (PSE-EE) eta Bizkaiko Talde Popularraren (PP) aldeko botoak eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen abstentzinoa jaso ditu eta.
Liburutegia Achúcarro arkitektoak El Sitio Soziedadearen egoitzea izateko eregi eban eraikinean dago. Bidebarrietako arkitektura arloko “harribitxia” hitzaldi areto nagusia da, eta bertako gangak Echenagusia eta Guinea margolarien freskoak erakutsi ebazan. Bilboko Udalak eskuratu eta bertako sabaiak margo berdez estaldu ziran, Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariak adierazo dauenez. Gaur egun holan jarraitzen dau, margo geruzaren azpian dagozan jatorrizko irudien aztarna batzuk ikusi daitekezan arren.
Orain denpora gitxi jakin izan danez, gangaren zirriborro txiki bat “5.000 eurorengaitik” saldu zan orain urte gitxi Madrilen, EH Bilduko Txusa Padronesek zehaztu dauenez. El Sitio Soziedadeko pertsonek, Bilboko galeria bategaz batera egindako hainbat gestinoren ostean, gangaren itxurea berreskuratzeko proiektua prestau da, gainean kopia bat eginez, erreferentzia moduan zirriborro hori erabilita. Proiektu horren kostua “15.000 euro ingurukoa” izango litzateke, Aldecoak esku artean dauen informazinoak erakusten dauenez.
Jatorrizko margolanak berreskuratzea gauza “interesgarria” da, eta Talde Mistoko batzordekideak gainean kopia bat jartea aukera hoberena izango ete litzateken galdetu dau. Hori dala eta, “estrategia posible hoberena ebaluetako” orduan inpliketea eskatu deutso Aldundiari, freskoak berreskuratu ahal izateko, hori egitea posible balitz.
Proposamenaren kontra agertu ez arren, gainerako batzordekideek adierazo dabe Bilboko Udalari jagokola margolanen inguruan eta uriak Aldundiko adituen laguntzea behar dauen ala ez erabagitea. Juan Otermin batzordekide sozialistak, dana dala, onetsitako proposamena “larregikoa” dala esan dau, Aldundia “Udal guztien esku dagolako”, kultur ondarearen inguruko aholkularitzeagaz erlazionautako gaiei jagokenez.
ITSASADARREKO MUSEOA, “DEFIZIT BARIK”
Saio berean, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatuak agerraldia egin dau, Talde Mistoak eskatuta, Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoaren egoera ekonomikoaren barri emoteko. Urte honetarako dagon itxierako aurreikuspena kontuan izanda, museoak “ezelango defizit eta ezelango zor barik” amaituko dau ekitaldia, Batzarretako taldeei jakinarazo deutsenez.
Foru Aldundiak eta Museoaren Patronatuak Museoaren egoera ekonomiko negatiboari bueltea emoteko eta kultur ekipamendu hori indartzeko aurreikusi dituen estrategien inguruko galderari erantzunez, Bilbaok aurreratu dauenez, kultur gunea kudeetan dauen erakundeak aho batez onetsi dau, 2017ko lehenengo lau hilekoa amaitu aurretik, museoa, itsasoagaz erlazionautako dibulgazino gune moduan “barriro leku hoberenean kokatzea lortzeko” plan estrategikoa.
Diputatu andreak esan dauenez, planteamendu horregaz “asmetan” bada, Bilboko museoa “erreferente bilakatu daiteke”. Behar hori “erronka erakargarria, ilusinoz betea eta gaitza” dala esan dau. Egiteko horri ekin aurretik, ziklo barria “kontuak egoera onean eukita” hastea komeni dala azpimarratu dau.
Batzarretako taldeei emondako erantzunean, plan barria “asmo handikoa baina errealistea” izango dala, eta behar egiteko “epe laburreko, ertaineko eta luzeko” ildoak markauko dituala esan dau Bilbaok. Guzurtau egin dau museoaren gaiztasun ekonomikoak “kudeaketa txarraren” ondorioz diranik, Podemos taldeak aurpegiratu deutsan moduan, Museoak “%60ko auto-finantzaketea lortu dauelako”. Aldundiko arduradunak guzurtau egin dau, baita be, museoa “gain-dimentsionauta” dagonik, ez ikuspegi ekonomikotik ezta bertako beharginen aldetik be.
Bilbaok onartu dauenez, Udalak eta Aldundiak baliabide ekonomikoak bideratu behar izan ditue kontuak parekatzeko eta errazoi bi dirala eta ohiko diru-sarreren jatsiereari aurre egin ahal izateko: bisitari kopuruaren murrizketea eta, ondorioz, sarrera gitxiago saltzea; eta urian dagozan gainerako erakusketa guneen gero eta lehiakortasun handiagoa.
ZUBILETA DORRETXEAREN EGOERAREN INGURUKO TXOSTENAREN ENTREGEA
Euskera eta Kulturako batzorde berean, EH Bilduk, alde batetik, Landaida-Goikoako (Berango) indusketa batzuetatik datozan eta Euskal Arkeologia Museoari emon jakozan objektu arkeologikoen, eta bestetik, Barakaldon dagon Zubileta Dorretxearen egituraren berreskuratze eta mantentze lanen inguruan egin beharreko txostenaren gaineko azalpenak eskatu ditu.
Barakaldon dagon higiezinari jagokonez, Bilbaok, bere sailak, Barakaldoko Udalagaz lankidetzan, eraikinaren estrukturaren egoerearen eta ondarearen ikuspegitik daukan interesaren inguruan prestau dauen txostenaren kopia bat emon deutse Batzarretako taldeei. Diputatu andreak baieztu egin dau daborduko ezaguna dan eraikinaren egoera gero eta okerragoa, eta teknikarien eretxiz Zubileta Dorretxeak “zaindu beharreko” ondare balioa daukala, beste errazoi batzuen artean, Bizkaian “oso gitxi ikusten dan” moetako eraikina dalako. Teknikariek aurreikusi dabenez, jatorrizko higiezinaren parteak berreskuratzeak, geroago egin jakozan gehikuntzak kentzeak, eta balioa emoteak, “184.000 euroko” kostua izango dau. Maria Esther Furundarena jeltzaleak txostenetik bertatik atara dau datu hori.
Berangon dagon Landaida Goikoa merkataritza azalerea egongo dan lekuko hondeaketa lanetan aurkitu ziran eta daborduko Euskal Arkeologia Museora eroan diran “130 tresnei” jagokenez, Bilbaok garrantzia kendu deutso aurkikuntzari. Aurkitutako zeramikak edo “industria litikoak” “ez dauka balio arkeologiko azpimarragarririk edo berezirik”, museoko teknikariek prestau daben txostenak adierazoten dauenez. Halanda be, aurkikuntza egin zanetik, Aldundia “behar guztien azterketa arkeologikoa” ari da egiten –adierazo dau– bestelako aztarnarik agertzen bada be.
IRAUNKORTASUNERAKO ETA INGURUNE NATURALERAKO BATZORDEA
Aurretik egindako saioan, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak ez ditu onartu oposizinoak aurkeztu dituan arauz besteko hiru proposamenak. Batean, Espainiako armadak Bizkaiko lurretan “martxak edo maniobrak” egiteko baimenik ez emotea eskatu deutso EH Bildu taldeak Aldundiari. Ekimenak Podemos Bizkaiaren aldeko botoak baino ez ditu jaso, eta gainerako taldeek kontrako botoa emon dabe, lege kontuak dirala eta. Foru Aldundiari “prebariketako” eskatzea modukoa izango litzateke, adierazo dau Talde Mistoko ordezkariak.
Batzordeak arauz besteko beste proposamen bat be atzera bota dau, oraingo honetan Talde Mistoak aurkeztutakoa, Eusko Jaurlaritzak ez daian Peñas Negraseko ingurumen interpretazinoko zentroa Gallartako Euskadiko Meatzaritzaren Kultur eta Ingurumen Parkean eregiko dan eraikinera eroan. EAJ-PNV eta PSE-EE ekimenaren kontra agertu dira, eta Trianoko zentroa “ez dala desagertuko” esan dabe. Eusko Jaurlaritzaren hasierako planteamentua, “bulegoak eta erakusketaren parte bat” lekuz aldatzea da, Meatzaldeko Biotopoaren meatzaritza iragana zabaltzeko proiektu orokorraren barruan, María Presa jeltzaleak adierazo dauenez.
Arauz besteko beste proposamen baten bitartez, Talde Mistoak legealdi honetan Aldundiak Bizkaiko abeltzainen eta nekazarien artean kanpaina didaktikoak “bultzatzea” eskatu dau, abeltzainen eta nekazarien ganaduak hirugarrenengan eragin leikiezan kalteak barruan hartuko dituan erantzukizun zibileko asegurua kontratetearen komenigarritasuna zabaltzeko. PP taldea izan da planteamentuaren alde agertu dan bakarra, EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontrako botoa emon dabe eta EH Bildu eta Podemos abstenidu egin dira.
Foru Gobernua eusten daben taldeen eretxiz, sektoreak ezagutzen dau daborduko “derrigorrezkoa ez dan” aukera hori, eta baita Aldundiak aseguruen primen kostua “%25era arte” laguntzeko eskintzen dauen aukerea be. Baina kontua da, momentuz, “gitxi” dirala diru-laguntza horreek eskatzen dituen “abeltzainak”. 2015ean “zazpi” izan ziran, eta aurton “bederatzi” doaz, Gorka Beitia jeltzaleak baieztu dauenez.