Aurreko Albisteak

Bizkaiak Atzerritarren Barneratze Zentroen itxierea eskatu dau

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Batzordeak, Estaduan dagozan Atzerritarren zazpi Barneratze Zentroak (CIE) ixtea eskatzea onartu dau gaur gehiengo osoz. EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeak Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenaren alde agertu dira. Proposamen horretan “giza eskubideen zapaltze larria” salatzen da. PP eta talde Mistoa, barriz, itxieraren kontra agertu dira.

Talde morearen ekimena, Bartzelonako CIEan izandako gertakari larriak ezagutu eta egun gitxira erregistrau zan Batzar Nagusietan. Bertan, 70 pertsonak protestea egin eben “bihozbako” baldintzak zirala eta, eta salaketa horreek, aurretik Alucheko zentroan izandakoei gehitu behar jakez. Mikel Isasi Podemos Bizkaia taldeko batzordekidearen eretxiz, kasu horreek, “tratu duina” eskatzen ari diran pertsonek jasaten dituen “bihozbako” baldintzen adibide “dramatiko” bi dira. “Giza Eskubideen urraketa argia eta garbia dan egoera bidebakoa eta jasan ezina” erakusten dabe.

Podemos taldeko batzordekideak, Estaduan paper barik sartzen diran pertsonen gaineko “begiradea aldatzea” eskatu deutso Gobernu zentralari. “Zentro horreetan 60 egunez egotera behartzen jake, egin daben gauza bakarra akats administratiboa danean, bertako egoiliar batentzat hori isuna baino izango ez litzateken arren”. Etorkinen edo errefuxiatuen kasuan, barriz, “eskubideak zapaltzeko” edegiten dan atea da. Isasik esan dauenez, talde horreetatik gertu dagozan erakundeek “astinaldiak, deportazinoak, higiene eta osasun zerbitzu faltea, irregulartasun juridikoak” eta baita adinbakoei eta haurdun dagozan emakumeei eragindako tratu “bihozbakoa” be salatu ditue.

Testuaren alde agertu diran batzarretako gainerako taldeak –EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu– bat etorri dira esatean zentro horreetara –2.000 pertsona jasoteko ahalmena daben zazpi zentro dira– ailegetan diran pertsonek jasaten daben tratua “bihozbakoa” dala.

Juan Oterminek (PSE-EE) azaldu dauenez, bere taldea zentro horreen funtzionamentuaren kontra dago, “ez dabelako gizakiei jagoken duintasuna beteten”. “Ez da horrenbeste legezkotasun arazoa –PP taldeak eta Talde Mistoak esan daben moduan– justiziazko kontua baino”. Tamalez, “bertako baldintzak kartzeletako baldintzak baino gogorragoak dira”, esan dau.

Arantza Urkaregi EH Bilduk batzordean dauen bozeroalearen eretxiz, leku horreetan “ez dira giza eskubideak errespetetan”. Bertan dagozanak “ez dirala gaizkileak” eta “mugak gainditzeko askatasuna” bermatu behar jakela esan ostean, koalizino abertzalearen ordezkariak, “horren guztiaren azpian dagon arazoa Atzerritartasun Legea” dala esan dau.

Euzko Abertzaleak taldeak “legezkoaren eta gizatiarraren arteko bereizketea” egin gura izan dau. Zentro horreek “Europar Batasunaren exijentzia dira, eta horreen helburua, Europako lurra zapaltzen daben dokumentau bako pertsonak identifiketea da”. Dana dala, jeltzaleak itxierea eskatzearen alde agertu dira, “eraldaketea bilatzeko, horrek barra librea egon behar dala esan gura ez dauen arren”. Gorka Beitiaren berbetan, zentro horreetara heltzen diran pertsonak “ia kartzelakoa dan erregimenean” igaroten dabez hilebete bi, “nahiko funtzionamentu bihozbakoa” jasanez, adierazo dauenez.

Talde Mistoaren eta PPren eretxiz, Batzar Nagusien agindua betetea “Schengen espazioa ez betetea” izango litzateke. “Eskaria Europar Batasunari egin behar jako, holango zentroak herrialde guztietan dagozalako”, adierazo dau Eduardo Andrés popularrak, baina onartu dau zentroen funtzionamentuan “hobekuntzak” sartu daitekezala, Espainiako CIEak “txarrenen artean ez dagozan arren”. “Eskatzen danaren ondorioak balorau behar dira, erretorikak alde batera itzita. Herrialde guztietan dagoz, gobernuan batzuk edo besteak egonda be”, gehitu dau Arturo Aldecoak.


BARDINTASUENRAKO V. FORU PLANA

Batzorde berean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako diputatu andrea Podemos Bizkaia taldeak eskatuta agertu da, Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko Bardintasunerako IV. Foru Planaren ebaluazinoa egiteko eta legealdi honetan bertan indarrean sartuko dan 2016-2021 hurrengo planaren eukiak, helburuak, baliabideak eta aurreikusitako ekintzak aurkezteko.

“Denpora gitxi barru” Batzar Nagusietan herritarrei zuzenduago egongo dan Bardintasunerako Foru Arau proiektua aurkeztuko dala gogoratu ostean, Laespadak esan dau “barne eragineko” V. Plana gauzatu ahal izateko hainbat sailetako “70 pertsona” ibili dirala beharrean. Legealdi honetarako “123 ekintza” aurrera eroatea aurreikusten da, indarkeria baztertzean zentrautako helburuagaz, “mikromatxismoetan” sakonduz. Bere berbetan, mikromatxismo horreek, “desbardintasunak gertetako oinarri diran gai informalagoak” dira. Ekintza horreen artean, Laespadak “maskulinidade barriak” lantzera bideratutakoak azpimarratu ditu. Horreen artean, “gizonezkoen rolak eta estereotipoak apurtzeko 20 ekintza” gauzatuko dira. Hamar ekintza inguru gazteen “ko-hezkuntzea” lantzera bideratuko dira.

Aurreko planari –Bardintasunerako IV. Plana– jagokonez, Laespadak esan dauenez, indarrean egon dan lau urteetan, urtean batez beste “187 ekintza” gauzatu dira, “%96ko” betete maileagaz. Diputatuaren berbetan, plan horri esker, bardintasunerako prozesua “sendotu egin da, jenero ikuspegiak sartzeari jagokonez”. Lorpenen artean, diputatuak, ekintza kopuru handia eta horreen betete mailea, kontratuetako pleguetan bardintasunagaz erlazionautako klausulak sartzea, enpresa publikoetarako eta pribaduetarako trakzinoa eragiteko gaitasuna izatea, eta barne mailan “130 pertsonak” parte hartu daben metodologia diseinetea azpimarratu ditu. 2015ean bakarrik, Aldundiak “211 bardintasun txosten” lortu ebazan, eta horreek eragina izan eben Foru Aldundiaren eta haren eskuetan dagozan soziedadeen barruko egituran.


ETXEBARRIKO EGUNEKO ZENTROA “2017KO LEHENENGO HIRUHILEKOAN” EDEGIKO DA

Beste alde batetik, aurretik egin dan Gizarte Ekintzako batzordeak Isabel Sánchez Robles Foru diputatuaren agerraldia izan dau, Talde Mistoak eskatuta, Etxebarriko Eguneko Zentroaren edegitearen gaineko azalpenak emoteko. Gizarte Ekintzako Foru diputatuak iragarri dauenez, “2017ko lehenengo hiruhilekoan” inauguratuko da. Zentroa, Aldundiaren esku dagozan Eguneko Zentroen “eredu klasikotik iges egiteko” mugarria izango da. “Barrikuntza moduan”, “mendekotasunaren prebentzinoan eta autonomia pertsonalaren sustapenean” pentsautako “arretarako formula barria” probetako balioko dau.

Gogoratu dauenez, Azpiegiturak erakundeak uda ostean amaitu ebazan Etxebarriko “Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako Zentroaren” obrak, eta Aldundia orain kontratazino prozesua martxan jarteko “prest” dago, zentroaren kudeaketea agintzeko eta, holan, “geroago lurraldeko beste zentro batzuetara zabaldu daiteken” eredua probetako balioko dauen zentro “aitzindaria” martxan jarteko.

Sánchez Roblesek zerbitzua martxan jarteko itxaron izana justifiketako orduan esan dau Foru Aldundiak, ezer baino lehen, Etxebarriko udalerria Zerbitzuen Kartera onetsi ostean zelan geratzen zan eta gizarte zerbitzuen mapa barrian lurraldearen guneen araberako zatiketea zein izango zan argitu gura ebala, Basaurik eta Etxebarrik, orain, zerbitzu gune bakarra osatzen dabelako. “Hilebete apur batzuengaitik, gure eretxiz ez zan egokia” zentroa gai hori argitu aurretik edegitea, azaldu dau.

Arretea eskintzeko proposamen barria Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Etxebarriko Udalaren arteko akordioaren ostean sortu da. Etxebarriko Udalak zentroa egongo dan lokalak itzi deutsaz Foru Aldundiari, eta Aldundia arduratu da obrak egiteaz eta hemendik aurrerako kudeaketeagaz. Egitasmoa, herritarren, erakundeen eta alkarteen partaidetzea izan dauen prozesutik sortu da.