Francisco de Garay lehenengo euskal esploratzaile garrantzitsuari buruzko liburuaren aurkezpena

Goio Bañales, J. Andoni Llaguno, Ana Madariaga eta Javier Barrio.
Goio Bañales ikertzaileak idatzitako Francisco de Garay lehenengo euskal esploratzaile garrantzitsuari buruzko liburuaren aurkezpena egin zan urriaren 20an Bizkaiko Batzar Nagusietan. Egileagaz batera Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria, Ana Madariaga andrea, Sopuertako Alkatea, Joseba Andoni Llaguno jauna, eta Enkarterrietako Museoaren zuzendaria, Javier Barrio jauna, izan ziran aurkezpen-ekitaldian.
Liburuan Francisco de Garay jaunaren bizitza (Sopuerta, 1475 - Mexiko, 1523) kontaten jaku. 18 urtegaz heldu zan Ameriketara, 1493. urtean, Cristóbal Colón-en bigarren bidaian, seguruenik itsasontzirik nagusienetariko baten, Almirantearen laguntzaileetako bat izan zan-eta. Beraz, aurkitutako lurrotan geratu ziranen lehenengo belaunaldikoa dogu Francisco de Garay, eta kornisten testuetan behin baino gehiagotan aitatzen dabe orduko beste batzukaz batera, esaterako Alonso de Ojeda, Juan de la Cosa, Diego Velázquez edo Juan Ponce de León.
Baina gaur egun, eta ulergatxa dan arren, ia inork —ikerlari adituek kenduta— ez dau ezagutzen Francisco de Garay, nahiz eta orduan ia beste guztietatik gailendu, eta gaur eguneko historiografiak bigarren mailakotzat dauka Ameriketako konkistatzaileen artean.
Francisco de Garay urte askotan izan zan Mundu Barriko aberatsena. Cristóbal Colón-en senide izatera heldu zan, baita Fernado Katolikoa erregearen bazkide be. Jamaikako gobernadore izendatu eben, eta Ameriketan eregi zan lehenengo harrizko etxea berak egin eban. Seno mexikarra deritxan lurralde handia, Floridatik hasita Ertameriketaraino hartzen dauena, berak aurkitu eban. Horren boteretsua izan zen ze, lurralde guzti hori Victoria Garayana edo Garayren Lurra izenez ezagutzen zan.
Lurralde zabal horretan zehar egindako aurkikuntzak eta aurkikuntza horreek egiteko bidaiak finantziatu izanak dira Francisco de Garay lehenengo euskal esploratzaile garrantzitsutzat hartzeko arrazoiak. Garrantzi hori nabariagoa da kontuan badaukagu Hernán Cortés Ameriketako konkistatzailerik ezagunenetakoaren arerio izan zala, eta Cortés izan zala Garay 48 urtegaz hil izanaren erantzule.
Dana dala, Francisco de Garay ia guztiz ahaztuta geratu da, alde batetik orain arte ez dalako ezaguna izan bere jatorria. Egile askok euskalduntzat eukien, abizenagaitik, baina bere jaioterria ez zan ezagutzen, eta horrek atzeratu egin ditu seguruenik bere inguruko ikerketak, jatorri ezagunekoen ikerketak lehenetsi egin izan diralako.
Liburuaren egile dogun Goio Bañales-en landa ikerketei esker —bere semearen testamendua aurkitu eban— gaur badakigu Sopuertakoa zala, eta herri horren ondoko mendietan jaio zala.
Euskal esploratzailerik garrantzitsuenetakoaren oroimena berreskuratu gura da liburu honegaz. Merkatari zuhurra izan zan eta aberastu egin zan, eta ganera, konkistaldiaren hasierako garaietako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoak bultzatu ebazan.