Bizkaiak "bere konpromisoak beteteko" eta Saratxo parean Urduñako A-625 errepidearen trazaua aldatzeko eskatu deutso Arabari

Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiagaz sinatutako hitzarmena beteteko eskatu deutsie gaur Arabako Foru aldundiari, Urduñarako bidean Arabako lurraldean sartzean Saratxo auzotik igaroten dan A-625 errepideari jagokonez. Bizkaiko Talde Popularraren arauz besteko proposamen bat zuzentzera etorri dan EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eske baten bitartez, Bizkaiko Batzarrek “eskaria egiten deutsie” Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Sailari, “Arabako Foru aldundiak, Zugatx Malatoaren alkarlanerako hitzarmenean, A-625 errepideari jagokonez, hartu ebazan konpromisoen gauzatze mailaren aurrean interesa erakutsi daian”. Batzarretako talde guztiek onartu dabe testua, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiak izan ezik.
Batzordean aitatu danez, Araba eta Bizkaia urte hasieratik dabilz alkartzen, lurraldeetako mugatan dagozan errepideetako arazoei konponbideak bilatzeko. Bilera horreetako batean, Aldundi biek, 2017an Zugatx Malatoaren Hitzarmena “aztertzea eta eguneratzea” erabagi eben. 1986an sinatu zan eta 1996an aldaketak jaso ebazan akordio horrek, N-625 errepide zaharrean, euren eskumenak betez, erakunde bakotxak aurrera eroan beharreko proiektuak eta obrak ezarten ditu, eta baita horreek gauzatzeko epeak be. Helburua, oraindino egin barik dagozan jarduketak eta hobekuntzako lanak hasteko aurreikusten diran epeak zehaztea da.
Bizkaiak bete ditu daborduko errepideari behin betiko konponbidea emoteko hartu ebazan konpromisoak, garai haretako pezeten “800 milioikoa” izan zan ekarpen ekonomikoaren bitartez, hainbat bozeroalek adierazo dabenez. Arabak, barriz, “ez ditu oraindino bere konpromisoak bete”. Bizkaiko Aldundiak “trazau barria” eregiteko “ordaindu eban”, Arabak “aspaldi egin behar ebazan lanak” egiteko, hain zuzen be, PPko Jesús Isasik esan dauenez. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek errazoia emon deutsie, baina kritikau egin dabe popularrak izatea hobekuntza hori eskatzen dabenak, Arabako Foru Aldundian hainbat urtez agintean egon dira eta.
EH Bilduko lerroetatik, Mikel Kormenzana urduñarrak esfortzu “berezia” eskatu dau, Urduña eta Saratxo arteko trazaua legealdi honetan egin daiten. Bere berbetan, Urduñak urteak daroaz “hildako asko eta ehunka ezusteko, Bizkaibuseko autobusen istripuak barne” eragin dituan trazau “bihurgunetsua eta arriskutsua” jasaten. Batzarkide abertzalearen eretxiz, errepide horrek asko moteltzen ditu “uriaren” garapena eta Bizkaiko Foru Aldundiak ekonomia bizibarritzeko egindako inbertsinoak. Enpresak “ez doaz industrigune barrira, bertara joateko bideak txarrak eta estuak diralako”, esan dau.
Podemos Bizkaia izan da abstenidu dan Batzarretako talde bakarra, ez dalako ados egon aukeratutako tresneagaz: arauz besteko proposamena. “Aldundiaren agerraldia eskatu eitekean”, hitzarmenak “jarraipena egitera behartzen dauelako” Foru Gobernua, Neskutz Rodríguez bozeroaleak azaldu dauenez.
BIZKAIA PELOTALEKUAREN FATXADA “OSOA” ALDATU BEHAR
Berak eskatuta batzordean egin dauen agerraldian, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapeneko foru diputatuak Bizkaia pelotalekuaren fatxadaren egoerearen barri emon dau, eta, iragarri dauenez, higiezinaren estaldura “osoa” aldatu beharko da, akatsak hauteman diralako plakak aukeratzean eta baita horreen ainguraketa sistemea aukeratzean be. Obrek “1,5 milioi euroko “ kostua izango dabe, eta, aurreikusten danez, “2017ko udaren bukaeran” amaituko dira.
Arazoen lehenengo sintomak “2015eko abenduaren 7an” hauteman ziran, Pradalesek esan dauenez, egun horretan erorketak gertatu ziralako fatxadan. Azpiegiturak erakundeak hainbat azterlan agindu ebazan, eta azterlan horreetan ikusi zanez, beharrezkoa zan jarduketa “orokorra” egitea, “etorkizunean arriskuak saihesteko”, Pradalesek esan dauenez. Orain denpora gitxi esleitu deutso Aldundiak eraikuntza proiektuaren idazketea Idom ingeniaritza etxeari “54.000 euroren” truke, eta “urtarrilean” jasotea aurreikusten dau. Une horretatik aurrera, aurreikuspenak beteten badira “5 hilebete” iraungo dituan eta “1,5 milioi euroko” kostua izango dauen lana lizitauko da.
Oinarrian, proiektu irabazleak, arinagoak eta eguraldiaren gorabeheren aurrean erresistenteagoak izan beharko diran zelulosa zuntzeko plakak izango dituan fatxada aireztatu sistemea izan beharko dau. Pradalesek azaldu dauenez, holan, “energiaren ikuspegitik eraginkorragoa izango dan” fatxadea lortuko da.
Diputatuak esan dauenez, obrek ez dabe eragin negatiborik izango bertan egingo diran kirol jardueretan, eta Aldundiak “kostu guztiak” eskatuko deutsez hautemandako akatsen ardurea daukien enpresei, bere egunean lanak egin ebezan enpresei, hain zuzen be. Izan be, kanpoko txosten biek argi eta garbi erakusten dabe arazoak materialaren aukeraketa txarraren eta ainguraketa sisteman dagozan arazoen ondorioz sortu dirala.
Pradalesek azpimarratu dauenez, une honetan fatxadak ez dau ezelango arriskurik pertsonentzat, “lehenengo minututik” plakak aseguretako beharrak egin ziralako eta segurtasuneko aldamio-biserea jarri zalako.
MILIOI 2 MECÁNICA DE LA PEÑAKO TORREAN
Mecánica de La Peña (Urduliz) enpresea izandakoaren eraikinean inbertsinoa egin behar dala be iragarri dau Diputatuak. EH Bilduren eskariaren erantzunez, Pradalesek baieztu egin dau Sprilur eta Azpiegiturak erakundeen partaidetzea daukan Urdulizko Industrialdeak “2015. urtearen bukaeran” esleitu ebala bulegoen eraikinaren lanen lehenengo fasea, milioi bi euro baino apur bat gehiagorengaitik. Lan horreek “garagarrilaren bukaeran” hasi ziran, eta aurreikuspenak beteten badira, “2017ko udan” bukatuko dira.
Lan horreetan fatxadea, teilatua, kanpoko urbanizazinoa eta elementu komunak barriztauko dira, eta eraikinaren 4. solairua egokitu egingo da, lanak bukatu eta gero bulego “pilotuak” erakutsi ahal izateko. Pradalesek adierazo dauenez, enpresen okupazinoaren gainean dagozan aurreikuspenak beteten badira –“eskari zehatzak dagoz”–, eraikina barrutik barriztetako bigarren fasea hasiko da, “baina ez 2017. urtearen bukaerea baino lehen”. Bigarren fase horrek beste 3 milioi euroko inbertsinoa eskatuko leuke.
BIZKAIAK EZ DAU BERE HONDAKINEN PLANA BETEKO, TMB-REN GREBEA DALA ETA
TMB Arraiz ABEEko lantaldeak sei hilebete baino gehiagoz egin dauen grebea dala eta, aurton 2015ean baino heren bat hondakin gitxiago tratatuko da. Holan azaldu dau Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak, berak eskatuta Batzar Nagusien aurrean egin dauen agerraldian. Agerraldi berean adierazo dauenez, greba hori dala eta, sei hilebete baino apur bat gehiagotan bete ahal izan da isurketa gordin zero helburua.
Grebak iraun dituan hilebeteetan, eta lantegia bere jarduera osoan barriro hasi arte, –zemendiaren 2an gertatu zan hori–, 64.246 tona hondakin beste leku batzuetara eroan behar izan dira. Horreetatik 54.904 tona Jatako hondakindegira eroan dira, eta gainerako 9.341 tonak Zabalgarbira. Aurreikuspenak beteten badira, aurton 112.167 tona tratatuko dira TMBn, eta igaz 176.000 tona izan ziran planta horretan tratatutakoak. Horrek erakusten dauenez, aurton, 2015ean baino “heren bat hondakin gitxiago” tratatuko da.
ZEHAPENAK GOGORTZEA “IDI PROBETAN”
Unzuetak, herri kiroletako probetan erabilten diran animalien osasuna eta ongizatea kontroletako abuztuaren 23ko Foru Dekretu barriaren gaineko azalpenak be emon ditu. Dekretu horrek hainbat aldaketa “azpimarragarri” sartzen ditu, diputatuak esan dauenez, “idi probetan” parte hartzen daben animalientzako erregistro berezia, besteak beste, aginte gehiago emoten deutso kantxako epaileari eta kirol jarduerarik bako sei hilebeteko epealdia ezarten dau kontsumora bideratu gura diran animalientzat. Horrez gain, dekretuak dopinaren kontrako kontrolak “indartu” eta zehapenak “gogortu” egiten ditu. “Asmoak kentzeko” neurri moduan, kirol probetan aritzea “4 urtera arte” debekauko jake dopautako animaliakaz lehiatzen diran ustiapenei.
Oposizinoak dekretu horrek eraginik izan ete dauen galdetuta, Unzuetak denpora “gehiago” eskatu dau balorazinoa egiteko, baina daborduko ustiapen batzuen “kautelazko geldialdiak” agindu dirala onartu dau.