Aurreko Albisteak

Gernikako arbolaren kimuak 25 urte bete ditu Amorebieta-Etxanon

Amorebieta-Etxanoko Alkateak, Andoni Agirrebeitiak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak, Ana Otaduik, Udalbatzaren hainbat ordezkarirekin batera, Amorebieta-Etxanoko Gernika plazan Gernikako arbolaren kimu bat landatu zela 25 urte igaro direla ospatzeko egindako ekintzan parte hartu dute.

Gernikako arbola euskaldunon sinbolorik unibertsalenetarikoa da. Bizkaiko askatasun tradizionalak eta bizkaitarrenak ordezkatzen ditu. 1991ko azaroaren 17an, Amorebieta-Etxanon haritz honen kimu bat landatu zen.

Gaur, hogeita bost urte beranduago, Amorebieta-Etxanoko Alkateak adierazi du “hemen zuhaitz bat landatzea zerbait berezia eta esanguratsua izan zela baina batez ere gure historiaren zati bat landatu genuelako”. Bestalde, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gogorarazi du “Gernikako arbola eta zuhaitz honek munduan zehar dituen kimuak, euskaldun guztiok ordezkatzen gaituela, gu denok ordezkatzen gaitu. Demokrazia, askatasuna, euskal eskubide historikoak, bakearen desioa. Kimu hau Gernikako lehen arbolatik dator, gure arbola sakratua. Kimu hau gure iragana da eta gure askatasuneko etorkizuna”.