Batzar Nagusiek metroko geltoki "batzuetan" komunak instaletako aukerea "aztertzea" eskatu dabe

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak, Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek aurkeztu daben zuzenketa-eskea onartu dabe, Bilboko metroko geltoki “batzuetan” komun publikoak instaletako aukerea “aztertzeko”. Agindua Bizkaiko Garraio Partzuergoari eta Metro Bilbaori bideratzen jake, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako Sailaren bitartez. Zuzenketa-eskeak Batzarretako talde guztien aho bateko aldeko botoa jaso dau.
PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena zuzendu dauen zuzenketa-eskea aurkeztu daben talde bien eretxiz, gai hori landu ahal izateko beharrezkoa da “aurretik azterlan zorrotza egitea”. Azterlan horretan, lur azpiko trenbidearen geltokietan komunak instaletako “aukerea eta bideragarritasuna” ikusi beharko da. Popularren asmoa, geralekuren batean komun publikoak atoan jartea zan, “bi edo hiru geltokitan, ez dira zertan guztietan izan behar”. Dana dala, azkenean onartu egin dabe aurretik azterlan bat egitea.
Jeltzaleek eta Sozialistek defendidu dabenez, komun publikoak instaletea “aztertu beharreko” neurria da. Denpora gitxi barru erretirau egin behar dala iragarriz gaur bertan batzordeko kideei agur esan deutsen Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak esan dauenez, Estaduko “beste inongo metrotan” ez dagozan instalazinoak dira. 2003tik Euskal Sozialistak taldeko batzarkide izan danak eskaria egin deutse gainerako taldeei, metroko geltokietan “ez dala itxaronaldi luzeegirik” egoten“kontuan izateko”.
Unai Lerma jeltzaleak txosten horretan jaso beharreko alderdiak aitatu ditu. Bere esanetan oso kontuan izan behar dira komunen “kokalekua eta ezaugarriak”, eta baita espazio itxi horreen “segurtasuna” bermatzea be. Bere eretxiz, metroak “erabiltzaileari eskintzen deutsan zerbitzuaren balioa hobetu egingo litzateke”. “Beharbada gizarteak gura dauen gauza bat izan daiteke, eta komenigarria da aztertzea”, esan dau.
Hasierako ekimena aurkeztu dauen PP taldeko Jesús Isasi batzarkidearen eretxiz, kontua “borondatea” da, lur azpiko trenbideko beharginek badaukiezalako euren komunak. Horrek argi eta garbi erakusten dau ikuspegi teknikotik “bideragarria” dala. Harrituta agertu da Metro Bilbaok bere webgunean segurtasuna edo bidaia laburrak izatea aitatzen dauelako komunak ez instaletako, eta pertsona nagusiez –“Biztanleen laurenak 65 urte baino gehiago ditu”– eta adinbakoez arduratzeko eskatu deutso lur azpiko trenbidearen zuzendaritzari. Izan be, talde horreek izango litzatekez eskariaren jasotzaile nagusiak.
EH Bilduko Zigor Isuskizak, bere aldetik, Alde Zaharrean eregiten ari dan eta metroaren 1., 2. eta 3. lineek bat egingo daben geltoki intermodalaren proiektuan “zuzenketa” bat egitea eskatu dau, aukera hori kontuan hartu daiten. Bere eretxiz ez litzateke beharrezkoa geltoki guztietan komunak jartea, “baina bai batzuetan”. Bere ustez, errazagoa izango da komun publikoak azalerako geltokietan jartea, ez dagozalako “hain estu lotuta” Fosterren diseinura.
Podemos Bizkaiak komunak instaletearen aldeko apustu argia egin dau, metroa “jendearentzat pentsauta dagon espazio publikoaren eredua” izan behar dalako. Nuria Atienza batzordekideak, jeltzaleek eta sozialistek aurkeztu daben zuzenketa-eskea, “gero ezetz esateko aukerea emongo dauen estaldutako” ekimena ez daitela izan eskatu dau.
DOBAKO BIDAIAK GURPILDUN AULKIETAN DOAZAN PERTSONEN ETA ITSUEN LAGUNTZAILEENTZAT METRO BILBAON ETA BIZKAIBUSEN
Euskotrenen egiten dan moduan, batzordeak aho batez onartu dau Metro Bilbaora eta Bizkaibusera zabaltzea “itsu” bategaz edo “gurpildun aulkian doan pertsona” bategaz doazan pertsonek bidaia doban izatea. Barriro be, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek zuzenketa-eskea aurkeztu deutsie PP taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenari, eta, holan, Bizkaiko Batzarretako talde guztiak ados jarri dira. Bertan, laguntzen doazan pertsonei “billetea ez kobretako” eskatzen jake Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako Sailari eta lur azpiko trenbideko zuzendaritzari.
Hasiera batean, PPk aurkeztutako proposamenak, “gurpildun aulkietan doazan pertsonei eta euren laguntzaileei” bidaia ez kobretea eskatzen eban. Gainerako taldeek kritikau egin dabe proposamena, mobikortasun urriko pertsonei ez jakela dobakotasuna zabaldu behar esanez, pertsona horreek badituelako bestelako beherapenak garraio publikoan.
Eztabaidan, Arturo Aldecoa Talde Mistoko batzordekideak, neurri hori “urritasun psikikoa” daukien pertsonakaz doazanei be apliketea aztertzeko eskaria egin dau.
EH Bildu taldeak eta Talde Mistoak, laguntzaileek billete barik eta, ondorioz, “garraioko aseguru barik” bidaiatuko dabela eta erakutsi daben ardurea atoan argitu dau Colmenero sozialistak. Neurri hori apliketan dan lekuetan –Euskotrenen–, arautegia aldatu egin zan, garraio konpainiaren “bidaiarien aseguruak eta erantzukizun zibileko aseguruak” billete barik bidaiatzen dabenak be estaldu daizan.
TARIFAK BATERATZEKO "LEHENENGO PAUSUA"
Beste alde batetik, EH Bilduk Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesiorako diputatu jaunaren agerraldia eskatu dau, Bilboko lur azpiko trenbidearen 1., 2. eta 3. lineatako tarifen egokitzapena azaldu daian, Euskotrenek ustiatuko dauen trazaua denpora gitxi barru hasiko dalako martxan.
Foru diputatuak azaldu dauenez, 3. linea (Matiko-Etxebarri) martxan jartea, Lurraldean garraio publikoaren tarifak bateratzeko “lehenengo pausua” izango da, baina “hori ezin da 8 hilebetetan egin”, azpimarratu dau, metroaren linearen inaugurazinoa “pausu luzeagoa” emoteko erabili ez izana kritikau daben oposizinoko taldeei erantzunez.
Reyesek azaldu dauenez, batzorde tekniko bat aztertzen dabil une honetan zelan egingo dan integrazino hori Metro Bilbaon eta Euskotrenen, eta ze eragin izango dauen operadore bien garraio tituluetan. Kontuan izan behar da linea barria martxan jartean titulu gehiago sortuko dirala –“komunak eta multimodalak”–, hiru lineen artean “billete bakarra ordainduta” bidaiatzeko baldintzea betez.
Lur azpiko trenbidearen sarea bateratzeko erabagiak “25.000 bidaiariri egingo deutse mesede egunero”, egin diran kalkuluak kontuan izanda, 3. lineako geltokietatik etorrita Alde Zaharrean garraioa aldatu eta 1. eta 2. Lineatako jomugetara joango diran pertsonak kontuan hartuta. Kontuan izan behar da 3. lineak “9 milioi bidaiari hartuko dituala urtean”. Trazau metropolitarretik urten eta Euskal Trenbide Sareko beste jomuga batzuetara (Bermeo, Txorierri…) doazan bidaiariek beste bidaia bat ordaindu beharko dabe, orain arte egiten daben moduan.
BILBOKO LPP-PTP-AN PARTE HARTZEKO PROGRAMEA
Horrez gain, koalizino abertzaleak, beste agerraldi eskari baten bitartez, Bilbo Metropolitarreko Alde Funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren Berrikuspenaren Aurrerapenean parte hartzeko programaren gaineko informazinoa be eskatu dau. Reyesek aurreratu dauenez, informazino prozesua irailean hasi zan, “800.000 biztanle inguru dituen eta horren eragina jasoko daben 35 udalerrietara” zuzendutako informazino saioakaz. Diputatuak iragarri dauenez, 2017ko “bagiletik urrira” aurkeztuko da aurrerapeneko dokumentua jente aurrean.
Bien bitartean, herritarrek eta gizarteko eragileek dokumentu hori egiteko prozesuan parte hartu ahal izango dabe, Aldundiaren webgunearen bitartez. Gainera, Aldundiak beste bide batzuk be zabaldu ditu sare sozialetan (twitter -@lurraldebizia- eta Facebook) barrikuntza nagusien barri emoten joateko.