Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek, artean oinarrituta totalitarismo guztien kontrako burrukalari nekaezina izan zan Mari Dapenaren artelanaren parte bat erakutsiko dabe

Balmasedako artistak marraztu eban lanean oinarrituta dagon “Mari Dapena. Lerro artean” erakusketearen helburua, frankismoaren kontrako burrukan konpromiso aktiboa izan eban XX. mendeko sortzaile garrantzitsua hobeto ezagutzea da. Bizkaiko Batzar Nagusien ekimenak osatu egingo dau abendura arte Enkarterrietako Museoan, Abellanedan, ikusi ahal izango dan erakusketea (Mari Dapena. Artista baten konpromisoa). Urtarrilaren 8ra arte egongo da zabalik Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6).

Erakusketeak balioa emoten deutso Dapenak marraztu eban lanari. Zemendiaren 17tik 20ra bitartean Bilbon egingo dan FIG izeneko zirkuituaren (Paper Gaineko Grabauaren eta Artearen Nazinoarteko Azokea) barruan egongo diran ehun marrazki eta hainbat grabau baino gehiago jasoten ditu. Holan, Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa azoka horren egoitzetako bat izango da, Arte Ederretako Museoagaz, Bizkaia Aretoagaz, Itsasbarrutiko Museoagaz eta Zabalguneko Eraikinagaz batera.

Frankismoaren kontrako burrukan konpromiso aktiboa izan eban Mari Dapenak frankismoaren kontrako oposizinoa alkartzeko leku bilakatu ebazan bere bizileku izan ziranak, eta hori dala eta, kartzelan sartu eben (1962-1964). Atseden barik ibili zan beharrean gizarte zuzenagoaren alde, eta hori dala eta, feminismoagaz eta ekologismoagaz erlazionautako jarrerak defendidu ebazan, idea horreek jendearentzat guztiz ezezagunak ziran garaian. Bizipen horreek be bere lan guztietan ikusten dira.

Bere bizitzea politikak, gizarteak eta arteak osatu eben, eta hori eten barik transmitidu eban bere lanetan (bertan pertsonak, moeta guztietako eszenak, paisajeak, bizipenak eta baita ametsak eta gurariak be agertzen dira), eta gainera oso modu polifazetikoan egin eban. Enkarterrietako Museoan dagon erakusketan ikusi daikegun moduan olio-pinturea, grabaua edo eskulturea lantzeaz gain, marrazketea be landu eban, Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan ikusi daiteken moduan. Bertan, artistaren moldakortasun handia eta berak egindako lanen kalidade maila bikaina ikusi daitekez.

“Mari Dapena. Marra artean” erakusketa horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek balioan jarri gura dabe Mari Dapenak egin ebazan marrazkiak, zirriborro xumeak edo daborduko amaituta dagozan lanak. Izan be, Balmasedako artistak bere bizitza osoan landu eban marrazketea, eta batzuetan modu obsesiboan. Moeta guztietako eszenak irudikatu ebazan, eta oso teknika eta material anitzak erabili ebazan horretarako. Eta sarri askotan, gai horreek berberak olio-pinturan margotu edo egurrean landu edo grabau ebazan, lan bera hainbat formatutan irudikatzeko ohitura eukan eta.

Agustín Ibarrolagaz eta Ismael Fidalgogaz batera, Bizkaian egindako lehenengo erakusketa ibiltariak bultzau ebazan Mari Dapenak (1956), Agustín Ibarrolagaz beragaz eta Dionisio Blancogaz, Estampa Popular de Bizkaia izenekoa sortu eban (1961), eta Emen (1966) eta Indar (1970) taldeetako kide izan zan.


FIG BARRUKO ERAKUSKETEA

Gainera, erakusketea, zemendiaren 17tik 20ra bitartean Bilbon egingo dan FIG izenekoaren (Paper Gaineko Grabauaren eta Artearen Nazinoarteko Azokea) barruan egongo da. Holan, Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoa azoka horren egoitzetako bat izango da, Arte Ederretako Museoagaz, Bizkaia Aretoagaz, Itsasbarrutiko Museoagaz eta Zabalguneko Eraikinagaz batera.

Mari Dapena (1924-1995), Bizkaiak XX. mendean emon dauen artista garrantzitsuenetakoa da. Ismael Fidalgo, Agustín Ibarrola, Dionisio Blanco, Blas de Otero edo Gabriel Aresti moduko artisten garaikidea eta laguna, bere bizitzea artean eta frankismoaren kontrako burrukan zentrau zan. Margolaria, grabatzailea, eskulturagilea, idazlea… Dapena, gerra osteko eta demokraziaren hasierako jarduera artistikoan parte hartu eban artista polifazetikoa izan zan.


BERE LANA KOLDO MITXELENA KULTURUNEAN, DONOSTIA 2016 KULTUR HIRIBURUTZAKO PROGRAMAZINOAREN BARRUAN

Azken urte bietan Enkarterrietako Museoa eta Bizkaiko Foru Aldundia aztertzen ari diran Mari Dapenaren (1924-1995) obrak bere lekua be izango dau Donostia 2016 Europako Hiriburutzaren proiektuaren barruan. Zemendiaren 17an, arratsaldeko 19:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean (Donostia), “Lekurik gabe, denborarik Gabe” erakusketea inaugurauko da, DSS2016ren Beharrerako Ildoetako bat dan eta Dario Malventik zuzenduko dauen Bakearen Itsasargia programazinoaren barruan. Erakusketea urtarrilaren 19ra arte luzatuko da, “Presas” lanagaz, Batzar Nagusiek laga daben eta Ventaseko kartzelan preso egon zan garaian margotu eban olio-artelanagaz hain zuzen be, erakusketak, kartzelan egon zan tartean egin ebazan artelan guztiak jaso gura ditualako. Gainera, Balmasedako artistaren familiak lagatako beste artelan batzuekaz osatuko da.

Lotutako artxiboak: