Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Bilboko Itsasadarreko Museoaren "irisgarritasuna eta ikusgaitasuna" hobetzea aztertzea eskatu dabe

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egin deutsie gaur Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Itsasadarreko Museoko Patronatuko beste kideakaz adostasuna lortu ostean, legealdi honetan museoaren ikusgaitasuna eta sarbideak hobetzeko proposamenak bultzatu daizan, Bihotz Sagraduaren Plazatik igongailu bat instaletako aukerea aztertuz. Talde Mistoak Bizkaiko Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako batzordera ekarri dauen proposamenak Batzarretako talde guztien aldeko botoa jaso dau, kontrako botoa emon dauen Podemos Bizkaia taldearena izan ezik.

Bizkaiko Batzarretako talde guztiek, Euskalduna Jauregira emoten dauen zabalgunean dagon museo horretan egiten dan beharra bultzatzearen aldeko apustua egin dabe. Proposamena aurkeztu dauen Arturo Aldecoaren eretxiz, kokaleku hori dala eta, hain zuzen be, museoak “arazo berezia” dauka. Museoa “apur bat baztertuta” dago, eta non dagon eta zelan joan dinoen seinaleak “batzuetan ez dira ikusten”.

Talde Mistoko batzordekidearen eretxiz, “bere egunean baztertu zan” Bihotz Sagraduaren Plazatik igongailua jarteko proiektua berreskuratzeko unea heldu da. Gainera, gaur egun dauen kokalekua, kokaleku “logikoa”, Olabeagako kai lehorraren ondoan dagolako, “oztopoa” da museoaren “ikusgaitasunerako”. Une honetan patronatuaren barruan egiten ari dan gogoetaren barruan, Aldundiak hobekuntzarako proposamen horreek jasotea proponiduten dau.

Arauz besteko proposamenaren alde agertu arren, Batzarretako taldeek hainbat “zalantza” adierazo ditue. Eduardo Andrésen (PP) eretxiz, gaur egungo sarbideek “irisgarritasunaren gaineko parametroak beteten ditue, erosoagoak edo erakargarriagoak izatea beste gauza bat da”. Batzordekide popularrak, igongailu bat instaletea Bilboko Udalaren kontua ez ete dan galdetu dau.

Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek museoaren gaur egungo kudeaketa eredua “goitik behera” aldatzearen aldeko apustua egin dabe, orain denpora gitxi, Bilboko udalak bertara 75.000 euro sartu dituala gogoratuz, Museoaren kontuen egoerea ikusita. Neskutz Rodríguez talde morearen bozeroaleak, igongailua “jaubetza pribaduko” lurretan kokatu gura izatea kritikau dau. Horrez gain, bere ustez, igongailuaren instalazinoa “beste arazo bat” izango litzateke museoarentzat. “Zor handiagoa eragingo leuke”.

Foru Gobernua eusten daben talde bientzat –EAJ-PNV eta PSE-EE–, Bilboko museoaren irisgarritasunaren eta seinaleztapenaren gaineko azterlana erakunde horretako patronatuan egin beharreko eztabaida sakonagoaren barruan sartu behar da, hau da, museoaren etorkizunaren gaineko eztabaidan. Jane Eyre Urbieta jeltzaleak gogoratu dauenez, Aldundiak ontzigintzako aroztegia instaletea aztertzeko proposamena iragarri eban Batzar Nagusietan, ontziolak hartzen ebazan kaietan, Museoaren jarduerea bultzatzeko.


AUÑAMENDI ENTZIKLOPEDIARI LAGUNTZEA

Batzordeak talde mistoaren beste proposamen bat be onartu dau, aho batez, kasu honetan. Bertan, “eskaria egiten jako” Foru aldundiari, hiru foru aldundien, Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako administrazino eta “proiektu horregaz bat egin gura daben” gainerako erakunde publikoen eta pribaduen artean, Eusko Ikaskuntzaren esku dagon Auñamendi entziklopedia digitalaren finantzaketa eta mantentze “egokia” bermatu daien.

Euskal kulturaren jakituria guztia batzeko 30eko hamarkadan Bernardo Estornések bideratutako lan handiak hainbat erakunderen laguntza ekonomikoa behar dau, eta baita Interneten beteten dauen lekua barriro orientetea be, Aldecoak azaldu dauenez, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak egindako eskariak jasoz.

Euskal kulturaren gaineko erreferentziazko “150.000 artikulu” jasoten dituen Auñamendi entziklopediarako gitxieneko estaldura ekonomikoa “bermatu” behar da, “bestela hil egingo dalako”, adierazo dau Aldecoak. Bere eretxiz, entziklopediak bizirik iraun daian beharrezkoa da bere eukiak eten barik barriztetan joatea.

Juan Oterminen (PSE-EE) eretxiz, kultur ondare hori bermatzeko “beharrezkoa da erakundeen arteko koordinazinorako esfortzua egitea”. Hori dala eta, “gogoeta prozesua” hastea eskatu dau.

Eduardo Andrések (PP) aurreratu dauenez, “zenbat eta erakunde gehiago inplikau gura”, orduan eta “gaitzagoa” izango da akordioa lortzea, eta entziklopediari eusteak ze kostu izango leuken galdetu dau.

Podemos Bizkaiak erakundeen inplikazino handiagoa eskatu dau, fondoren digitalizazino prozesua bermatzeko, hor material “asko” dagolako, eta ikerlariek “jarduera paraleloak” egiteko erabilten dabelako.

EH Bilduk eta EAJ-PNVk Auñamendi entziklopediaren euki bibliografikoa azpimarratu dabe, “euskal kulturaren on line esteka hoberena”, Txusa Padronesen berbetan. Idoia Inoriza jeltzalearen eretxiz, “orain arte be Euskadiko erakundeen laguntzea jaso dauen lehen mailako” ekimena da.


LABARRETAKO ARTEA ETA GUGGENHEIM MUSEOAREN XX. URTEURRENA

Saio berean, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako diputatu andreak, Armintxeko kobazuloko (Lekeitio) labarretako artearen aurkikuntzea aurkeztu dau Batzarretako taldeen aurrean, “Iberiar penintsula osoko grabau moltso ikusgarriena eta deigarriena”. Orain 12.000 edo 14.500 urte egindako berrogeita hamar lan inguru dira, zaldiak, ahuntzak, bisonteak, lehoiak eta zehaztu bako lau hankako animaliak irudikatuz. Lan horreen ezaugarri nagusiak teknika “parebakoa” eta konposizino berezia dira, Bilbaok adierazo dauenez.

Diputatu andreak baieztu dauenez, Foru Aldundia lurraldeko beste kobazulo batzuetan ari da une honetan beharrean, aurkikuntza gehiagoren bila. Bien bitartean, Armintxen egiten ari diran beharrek aurrera jarraitzen dabe, lurpean egon daitekezan aztarna arkeologikoak aurkitzeko.

Batzarretako taldeek egindako galderei erantzunez, 2004tik, labarretako artea jasoten daben hainbat aztarnategi aurkitzea eragin daben beharrak hazi ziranetik, Foru Aldundiak “200.000 euro” inbertidu dituala esan dau. 2017ko aurrekontuetan beste “20.000 euro” dagoz aurreikusita.

Une honetan, Bilbaok zuzentzen dauen saila, arte hori Bizkaiko gizarteari erakusteko aukerea aztertzen ari da, “erakusketa ibiltari” baten bitartez. Beharbada, gero erakusketa horrek “behin betiko” kokalekua izango leuke. Baieztu dauenez, gai horren gaineko konferentzia bat egingo da abenduaren 15ean Errekalde Aretoan, eta bertan hainbat arkeologok eta beste espezialista batzuek hartuko dabe parte.


EKIMEN “PROPIOAK”

Guggenheim Museoaren XX. urteurrenaren ospakizunari jagokonez, Bilbaok adierazo dauenez, Aldundiak “bere” ekimenak proponiduko ditu. “Abenduan”, jarduketarako hiru ildotan zentrautako proposamena aurkeztuko deutsie Guggenheim Museoari: sorkuntza gazteari laguntzea emotea, 2017. urtea Aldundiak gazteriaren urte izentau dauela baliauta; Guggenheim museoaren eta Lurraldeko kultur alkarteen eta erakundeen arteko “sinergien batuketea” eta “topalekua” izatea; eta Bilbon dagon museoak eskualdeetan presentzia handiagoa izatea.

Bilbaok adierazo dauenez, arte modernoko museoko arduradunakaz landuz joan dan proposamen hori gauzatzeko, Foru Aldundiak “300.000 euroko” partidea gorde dau aurrekontuetan. Gainera, Ogasun eta Finantzetako saila, urteurrenean laguntzen daben erakundeei “abantaila fiskalak” aurkezteko ari da beharrean, “Smithsonianen kasuan onartutakoen antzera”, esan dau.