Aurreko Albisteak

Aldundiak zemendiaren 17rako deitu ditu herritarrak Foru Jauregira, "kontuen barri emoteko"

Bilbao

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur goizean, EH Bilduk eskatuta, bere Gobernuak datozan sei hilebeteetan Bizkaiko herritarrakaz gauzatuko dauen “kontuen barri emoteko” prozesua azaltzeko. “Gobernu edegia” ekimenaren barruan aurreikusita dagozan eskualdeetako hamar bileren arteko lehenengoa datorren eguenean, zemendiaren 17an, izango da, Foru Jauregian. Ahaldun Nagusiaren eretxiz, hiru helburu dituan esperientzia “barritzailea” da: “gardentasuna, herritarren parte hartzea eta kontuen barri emotea”.

Rementeriak aurreikusten dauenez, hitzordu bakotxean “80 eta 100 pertsona inguru” alkartuko dira, eta Bizkaiko gizartearen errealidadetik ahalik eta gertuen egongo dan argazkia bilauko da. Datorren eguenean Ahaldun Nagusiagaz eta Aldundiko arduradunakaz, arratsaldeko zazpietatik aurrera, “ordu bi inguru” alkartuko diran gizonen eta emakumeen aukeraketea kanpoko enpresa batek egingo dau. Bilera horretan “gazteak eta nagusiak” eta “gizarte, ekonomia, kultura eta kirol arloetako” eragileak alkartuko dira.

Ahaldun Nagusiak azaldu dauenez, topaketa “halan gura daben pertsona guztiei” dago zabalik, baina aurretik beharrezkoa izango da Erakundearen webgunean izena emotea (bizkaia.eus). Gonbidapen batzuk “ausaz” egingo dira, telefono bidezko deien bitartez.

Bilboko hitzorduaren ostean, topaketak Nerbio-Ibaizabal, Arratia, Durangaldea, Ezkerraldea, Lea Artibai, Enkarterri, Txorierri, Eskuinaldea eta Busturialdea eskualdeetan egingo dira, eta atal bi izango ditue. Hasierakoan, Aldundiak bere Gobernuaren ekintza azalduko dau. Eta bigarren partean, Foru Gobernuaren ardatzetan oinarritutako lau eztabaida zabalduko dira (jarduera ekonomikoa eta enplegua; gizarteko eta lurraldeko kohesinoa eta aukera bardintasuna; Bizkaia modernoa, gertukoa eta arduratsua; eta mundu osoagaz lotuta egongo dan Bizkaia). Bertara doazen pertsona gutiek gai horreen gaineko eretxia emon ahal izango dabe.

Herritarrakaz egingo diran topaketak Aldundiaren webgunearen bitartez zabalduko dira. Bizkaiko Batzar Nagusietan bilera horreen balantzea aurkezteko konpromisoa agertu dau Ahaldun Nagusiak.

2017, GAZTERIAREN URTEA

Beste alde batetik, EH Bilduk eskatuta, bere gobernuak 2017an gazteen alde aurrera eroan gura dituan proiektuak azaldu ditu Rementeriak. Toki erakundeakaz alkarlanean, Aldundiak Bizkaiko gazteei zuzendutako “98 jarduketa” prestau ditu. Jarduketa horreen aurrekontua "849.000 euro" ingurukoa izango da.

Gazteei zuzendutako neurrien pakete horretan Aldundiko sail “guztiek” hartu dabe parte. Ekintzen artean, ekintzailetzeagaz erlazionauta dagozanak azpimarratu ditu Rementeriak. “Beka eta laneko praktika gehiago” egongo da. Arlo horretan, gure lurraldeko “ikasle hoberenak nazinoarteko unibersidade hoberenetan” prestau ahal izateko sortu dan “Bizkaia bekaren” ezarpena azpimarratu behar da. Ahaldun Nagusiak azpimarratu dauenez, gazteen sorkuntza artistikorako laguntzak be emongo dira, eta Bizkaia Txartelean abantailak sartzea ari dira aztertzen, kulturagaz erlazionautako eskintzan beherapen gehigarriak jasoz.

DIRU-BILKETAK “%3,4” EGINGO DAU GORA AURTON

Horrez gain, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Batzar Nagusien aurrean, bere ekimenez gauzatutako agerraldian, adierazo dauenez, urte honetan, tributu kontzertauak dirala eta jasoko dan diru-bilketaren itxieraren aurreikuspenak %3,4ko igoerea erakusten dau 2015. urteagaz alderatuta. Dana dala, “ez doguz hasierako aurreikuspenak beteko”, aurreikuspen horreek “baino 327 milioi euro gitxiago eskuratuko doguzalako”. Halanda be, 2015ean izandako diru-bilketea baino “220,7 milioi euro” gehiago dira. Datorren urterako dagozan aurreikuspenak beteten badira, diru-bilketak %3,8ko igoerea izango dau, BPGaren aurreikuspena eta koefizienteen aldaketea kontuan izanda.

Rementeria Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako batzordearen aurrera agertu da, joan dan urriaren 14an egin zan Finantza Publikoetako Euskal Kontseiluaren (FEK-CVF) azken bileraren barri emoteko Batzarretako taldeei. Bilera horretan ekitaldi honetarako diru-bilketaren itxierako aurreikuspenak eta hurrengo ekitaldirako diru-bilketaren aurreikuspenak onetsi ziran.

PFEZ “emaitza ona ari da izaten, %5,2ko igoereagaz”, aurreko urteagaz alderatuta. FEK-CVFn emon diran datuak kontuan izanda, itxierako aurreikuspena 2.554 milioi eurokoa da. Soziedadeen Zergak, bere aldetik, 524 milioi euroko aurreikuspena dauka, “aurreikusitakoa baino gitxiago, kapital handitzeak eta bere egunean balantzeen eguneratzea aukeratu eben enpresek egindako amortizazino handiagoak dirala eta, batez be”, Aldundiko arduradunak adierazo dauenez. Ondarearen gaineko Zergari jagokonez, Bizkaiko Foru Aldundiak 74 milioi euro batzea aurreikusten dau. Igaz 66 milioi euro batu ziran.

Inposizino ez zuzenerako aurreikuspenei jagokenez, BEZa dala eta 2015. urtean baino %3,7 gehiago batzea aurreikusten da (2.595 milioi euroko aurreikuspena), itzulketek behera egin dabelako. Kontzeptu horri jagokonez, beste aldundi biei 615,5 milioi banatzea aurreikusten dau Bizkaiak.

Beste alde batetik, 2017rako tributu kontzertauengaitiko diru-bilketaren aurreikuspenak 6.990 milioi eurokoak dira, BPG izendunak %3,4ko igoerea izango dauela eta “koefiziente horizontala ehuneko bitan igotngo deuskuela” kontuan izanda. Horren ondorioz, batez be barrukoak diran doikuntzak dirala eta “gehiago batuko da”, Unai Rementeriak zehaztu dauenez. Hori dala eta, diru-bilketea %3,8 altuagoa izango da.

Gainera, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak azaldu dauenez, FEK-CVFren bileran, 2017. urterako Eusko Jaurlaritzarako ezarri diran ekarpenak adostu ziran. Bizkaiak kopuru osoaren %50,66 hartuko dau bere gain, 4.611,7 milioi euro, hain zuzen be.