Aurreko Albisteak

Aldundiak ia 40 milioigaz bultzatuko ditu 2017an Ermuko saihesbideko eta Autzaganeko obrak

Bilbao

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko diputatuak 2017an bere sailak izango dauen aurrekontua azaldu dau Batzar Nagusietan. Bertan obra bi azpimarratu behar dira besteen gainetik: Ermuko saihesbidea eta Autzaganeko obrea. Obra bi horreek hartuko dabe inbertsinoen atalaren parte handia, errepideei jagokenez. Bide barri bi horreen “behin betiko bultzadeak” ia 40 milioi euroko gastua hartuko dau, 22,19 milioi Gipuzkoa ondoan dagon udalerriko errepide nazionalerako alternatibea eskintzeko, eta 16,12 milioi Autzaganetik igarotea saihestuko daben Urdinbideko tunelak egiteko. Oposizinoak egindako galderei erantzunez, azken obra horren bigarren fasea ez dagola datorren urteko aurrekontuetan aurreikusita onartu dau Pradalesek.

Pradalesek zuzentzen dauen aurrekontu osoa 256 milioi eurokoa izango da, hau da, aurreko urtean baino %4,5 gehiago. Aitatutako obra biez aparte Bidesarea Planak hartuko dituan 18,94 milioi euro eta Aldundiaren esku dagon errepide sarea kontserbetako beharretara joango diran 46 milioi euro izango dituen errepideko azpiegiturek izango daben bultzada garrantzitsuaz gain, Foru Aldundiak ekonomia barrindartzeko eta kalidadeko enplegua sortzeko egingo dauen esfortzua azpimarratu dau Pradalesek.

Errepideetako azpiegiturei eta kudeaketari jagokenez, tarifen sistema integral barria eta AP-8, HSM eta Artxandako tunelak erabilteagaitik hilean gehienez be 30 euroko gastu mugea urtarrilean sartuko dirala indarrean adierazo dau Pradalesek.

Azpimarratu behar diran gainerako puntuen artean, Aldundiko arduradunak Santo Domingoko Gaineko beharrak amaituko dituan jarduketak (1,5 milioi), Bizkaiko Errepideetako Lurraldeko II. Sektore Planerako (150.000 euro) eta Txirrindularientzako bideetarako PTSrako (50.000 euro) laguntza teknikoak, Bizkaiko tuneletan ezarriko diran segurtasuneko neurriak (milioi bat) edo Batzar Nagusien aginduari jarraituz motozaleentzako babeseko sistemak jarten jarraitzea (500.000 euro) aitatu ditu Aldundiko Arduradunak Batzarretako taldeen aurrean Ekonomiako eta Ogasuneko Batzordean. La Arenako zubia konpontzeko beharrei jagokenez, 2,5 milioi euro eroango ditue, eta Derioko lotunea egokitzera 3,64 milioi bideratuko dira.

EKINTZAILETZEA ETA ENPRESEN SUSTAPENA

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko Sailak enpresen sustapenera eta ekintzailetzara bideratuko ditu bere aurrekontuko 32.227.700 euro. Arlo horretan azpimarragarria da enpresa sortu barrien alde egingo dan apustua, eta hori, “startup” barritzaileak sortzeko eta garatzeko programen hornidurak izango dauen hazkundean islatuko da, 4,51 milioi euro bideratuko diralako bertara. Gainera, Enpresen haztegien sarerako partideak 1,1 milioi jasoko ditu, eta Seed Capitalen bitartez “startup” eta enpresa txikiak eta ertainak finantzetako 1,25 milioi euro bideratuko dira.

BARRIKUNTZEA, NAZIOARTEKOTZEA ETA TURISMOA

Aurrekontuak argi eta garbi erakusten dau Bizkaiko enpresa txikiei eta ertainei eta sektore estrategikoei laguntzeko apustua, programa barriak martxan jarriz eta lehiakortasuna sustetako aurrekontuen hornidura handituz. Guztira, barrikuntzari eskinitako atalak 12 milioi euro jasoko ditu.

Barrikuntzen artean, sailak enpresa txikiak eta ertainak bultzatzeko programa barria jarriko da martxan, eta lehen pausuak emoteko programa horrek 4 milioi euroko aurrekontua izango dau. Legealdi honetan argia ikusi dauen beste proiektu garrantzitsu batek, barrikuntzarako enpresen arteko alkarlanari behin betiko bultzadea emoteko martxan jarri dan Elkarlanean programak, 1,2 milioi euro jasoko ditu.

Nazioartekotzearen atalean, 2017an, 4 milioi euroko eragiketak mobiduteko gai izango dan eta abaletan oinarrituta egongo dan ekimena jarriko da martxan alkar bermatzeko erakundeen bitartez. Proiektu barri horrek 100.000 euroko hornidurea izango dau.

Turismoari jagokonez, aurrekontuetan 4,1 milioi euro sartuko dira Bizkaia nazinoartean zabaltzeko eta ezaguna egiteko eta gure lurraldeko turismo industriari laguntzeko. Partida horren barruan, Bizkaia nazinoartean bultzatzea jasoko da, azoken eta ekitaldien bitartez, eta baita lurraldeko eragileakaz batera finkapenerako eta sustapenerako jarduketak (800.000 euroko hornidureagaz), turismoaren industriari laguntzeko programea (500.000 euro) edo BIME sariketaren ospakizuna (550.000) be.

1,1 MILIOI EUROKO AURREZPENA SEGURTASUNEAN ETA GARBIKETAN

2017an bere aurrekontua gehien handituko dauen saila Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako saila izango da. Sail horrek izango dituan 46,64 milioi euroak igaz baino %12,7 gehiago izango dira. Ibone Bengoetxea arduradunak Bizkaiko Batzar Nagusietan gaur emon dauen azalpenean esan dauenez, igoera horren “zergaiti nagusia” Aldundiko foru egoitza guztien garbiketako eta segurtasuneko gastuak zentralizetean dago. Zentralizazino horri esker Aldundiak 1,1 milioi euro aurreztuko ditu.

Barrikuntza nagusien artean, eta 2,24 milioi euroko aurrekontua izango dauen Administrazinoa modernizetako programari jagokonez, Bengoetxeak informazinoa lantzeko programa barria sortuko dala azpimarratu dau. 905.000 euroko aurrekontua izango dauen programa horren helburua “izaera pertsonaleko datuen segurtasuna eta babesa hobetzea eta Gangureneko artxibategia kudeatzea” da.

Beste barrikuntza bat Suteak itzaltzeko eta Salbamentuko zerbitzuan aurreikusten da. Aldundiak 346.000 euro bideratuko ditu kamioi zisterna barria erostera, eta 100.000 euro Busturialdeko suhiltzaileen parke barriaren eraikuntza lanak hastera.

Tokiko erakundeei emoten jaken aholkularitza programari jagokonez, Aldundiak 2 milioi euroko partideagaz jarraituko dau, Udalek azpiegituretan inbertidu daien, eta beste 750.000 euro bideratuko dira gaiztasun ekonomiko egoeran dagozan udalerrietara. Atal horrek be izango dau barrikuntzea, Bizkaiko udalei aholkularitza juridikoa emoteko datu base barria sortuko da eta.

Foru Aldundiak 2,3 milioi euro bideratuko ditu herritarren partaidetzara eta herritarrakaz izan beharreko hartu emonetara. Partida horren barruan sartzen dira, eskualdeetan mila pertsona ingurugaz egingo diran hamar topaketak. Aldundiak bere gain hartu dauen beste konpromiso bat 2017. urtea gazteriaren urtea bilakatzea da. Bertan sartuko dira Bizkaia Gazte Txartela ekimena eta gazteei zuzendutako beka eskintza “zabalagoa”

INFORMAZINO BATZORDEAK LAESPADAREN AGERRALDIAGAZ AMAITU DIRA

Teresa Laespada enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatu andreak azaldu dauenez, bere sailak 2017an izango dauen aurrekontuaren 56.541.000 euroen bitartez “enplegua, alkartasuna eta bardintasuna” bultzatuko dira. Batzar Nagusien aurrean kontuak azaltzeko egin dauen agerraldian Aldundiko arduradunak azaldu dauenez, diru-sarrera publikoek behera egin daben arren, gastuari apur bat eutsita posible izango da hiru kontzeptu horreen aldeko politikakaz jarraitzea. Dana dala, oposizinotik zalantzan jarri da diputatu andreak esandakoa.

Kopuruen banaketan sartuta, Laespadak esan dauenez, Administrazino Orokorreko Programak 870.000 euroko partidea dau, eta 620.000 euro dagoz erreserbauta Aldundiaren Plan Informatikorako. Emakumeari eta Familiari buruzko Programari jagokonez, 6.283.000 euroko inbertsino osoa jasoten dau. Azken programa horrek %0,61eko igoera txikia dauka, aurtengoagaz alderatuta.

Gizarteratze arloko aurrekontua 17.853.000 eurokoa izango da. Zenbateko horren erdia egoitzen sarera bideratuko da, baina partida horrek aurten baino milioi erdi gitxiago izango dau, Aldundiak eguneko zentroak indartzen zentrauko ditualako bere esfortzuak. Atal horretan, Laespadak, Habitat Bizkaia edo Goihabe (etxe bako pertsonak eta errefuxiatuak) programak indartzeko egingo dan esfortzua azpimarratu dau, ia 2 milioi eurokoa, %62ko igoereagaz. Gainera, oposizinoa nasaitu gura izan dau, beharrezkoa bada, gizarte arloko larrialdietarako laguntzak handitzeko aukerea dagola esanez. Izan be, laguntza horreek murriztu egingo dira, “benetako” eskarira egokitzeko.

Emakumeen eta Gizonen arteko Bardintasuna Sustetako programari jagokonez, aurrekontuaren 862.000 euro hartuko ditu, eta horren barruan, “urtearen hasieran” Bardintasunaren Foru Arau Proiektua aurkeztuko dala azpimarratu dau Laespadak. Bizkaiko indarkeriaren mapea definitzeko “30.000 euro” egongo dirala esan dau. Aitatutako partidei, 6.521.000 euro hartuko dituan Lankidetzari eta Kultur Aniztasunari jagokena gehitu behar jake. Hori dala eta, aurrekontuaren “%0,48ra” helduko da lankidetzaren arloan.

Saileko politika guztien arteko kopuru handiena “kalidadeko enplegua” sustetara egongo da zuzenduta. Horretarako 16.976.000 euro erreserbauko dira, aurten baino %4,72 gitxiago. Diputatuak, jatsiera hori azaltzeko orduan, datorren urtean Eusko Jaurlaritzak Dema programara 400.000 euro bideratuko dituala esan dau, Aldundiagaz sinatu dauen akordioa dala eta. Gainera, aurton amaituko da Bizkailaben eta Deustuko Unibersidadearen arteko hitzarmena.