Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak gizarte arloko babesean inbertiduko dau bere aurrekontuaren "%40,6"

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak 2017an gastauko dituan hamar eurotik lau, hau da, 473.245.000 euro, lurraldeko gizarte babeseko sarea “indartzera” bideratuko dira, Aurrekontuen gaineko proiektuak erakusten dauenez. Gaur goizean bere sailerako erreserbautako kontuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean aurkeztu dituen Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako foru diputatuak esan dau “30.000” bizkaitar baino gehiago izango dirala datorren urtean Aldundiaren babeseko zerbitzuak erabiliko dituenak.

Sail horren aurrekontuak gora egingo dau 2017. urtean, aurtongo aurrekontuagaz alderatuta, eta horrek argi eta garbi erakusten dau lurralde “integratzaileagoa eta inklusiboagoa” eregitea eragingo daben zerbitzu publikoen sarean murrizketako neurriak ez hartzeko egin dan “esfortzu ekonomiko garrantzitsua”. “Ez dogu inor atzean itziko”, esan dau diputatu andreak.

Gaur Bilbon egin diran 2017ko Aurrekontuaren gaineko hiru informazino saioetako batean Roblesek Batzarretako taldeei jakinarazo deutsenez, datorren urtean Aldundiak sakondu egingo dau zaurgarritasun egoeran dagozan pertsonen babesera zuzendutako gizarte zerbitzuak modernizetako konpromisoan: babes barik dagozan adinbakoak, urritasunak dituen pertsonak eta mendekotasun egoeran dagozan pertsona nagusiak.

Pertsona nagusiei jagokenez, Aldundiak 172,68 milioi euro inbertiduko ditu, eta horreetatik 86,7 milioi egoitzetako plazak kontzertetako erreserbauko dira. Diputatu andreak adierazo dauenez, kopuru hori “nahikoa” izango da. Arlo horretan, Sánchez Roblesek barrikuntza moduan azpimarratu ditu, aurtongo kontuakaz alderatuta, asteburuetan eguneko zentroetan zerbitzua emotera “9,2 milioi euro gehiago” bideratuko dirala, Etxebarriko zentroa lizitau egingo dala, eta elkargoko kide diran osagileen bitartez egoitzetan egin behar diran ikuskaritzak indartzera “100.000 euroko” partida barria zuzenduko dala. Bitxia bada be, pertsona nagusiei zuzendutako kopuru osoak apur bat behera egingo dau, 2016. urtea bisurtea izan dalako.

Gastu gehien jasoko dauen bigarren atala Administrazino Orokorrak eroango dau. Programa horren barruan GUFEren finantziazinoa jasoten da, 97,6 milioi euroko partideagaz, eta baita ia 2,75 milioi euro jasoko dituan Bizkaiko Tutela Institutuarena (BTI) be. 60.160.000 euro nominak ordaintzera bideratuko dira. Programa horretan “100.000 euroko” partida bat erreserbau da Ugazkoko eraikinean barrikuntza lanak egiteko eta, gainera, aurton adinbakoen zerbitzuan sortu diran “46 plaza barriak” finkau egingo dira.

Sailean gastu gehien jasoko daben beste pakete biak urritasuna daukien pertsonei arretea eskintzekoa, proiektuan 64,82 milioi euroko aurrekontua erakusten dauena, eta Mendekotasuneko Legeak marketan dauena kontuan izanda prestazinoak eta diru-laguntzak “osorik” betetera zuzendutakoa izango dira. Ia 80 milioi euro izango dira. Azpimarratu behar da “285.000 euro erreserbauko dirala norberaren etxean urritasunari laguntzea emoteko eredu barriak probetako”.

Prestazinoei jagokenez, diputatu andreak kotizazino bako pentsinoak izeneko programea azpimarratu dau (35,87 milioi). Eta barrikuntza moduan proiektu pilotu bi jarriko dira martxan: zaintzailearen estatutua eta “ekonomia zidarreztatua”.

Umeei arretea eskintzeko programan aurreikusi dan aurrekontuari jagokonez, 6,8 milioi eurokoa izango da, eta Balorazinoaren eta Orientazinoaren gainekoa 4,2 milioikoa. Azken hori %32 handitu da, ekitaldiaren bigarren partean arreta goiztiarreko kontzertazinoa gertauko dalako, eta horretarako milioi bat euro bideratuko diralako. Umeei zuzendutako programan azpimarratzekoa da “150.000 euro” eroango dituan gizarte arloko preminak koordinetako zerbitzu barria.

Sánchez Roblesek azpimarratu dauenez, Aldundiaren esku dagozan egoitzen garbiketako eta segurtasuneko zerbitzuen zentralizazinoari esker, bere saileko fakturea “854.000 eurotan” murriztuko da.


BIZKAIBUSEK BEREGANATUKO DAU GARRAIO, MUGIKORTASUN ETA LURRALDEAREN KOHESIO SAILAREN GASTUAREN IA ERDIA

Bizkaiko Batzar Nagusietan 2017ko Bizkaiko Aurrekontuen proiektua azaltzeko gaur egin den bigarren saioan, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio diputatua Ekonomia eta Ogasuneko batzordera joan da, bere sailak datorren urtean izango dituen 149,03 milioi euroen (beharginen gastuen atala aparte) nondik norakoa azaltzeko. Kopuru horrek %4,3ko jatsierea erakusten dau 2016. urtekoagaz alderatuta. Reyesek esan dauenez, aurrekontua “apala” da, baina horrek ez dau “ezelango murrizketarik” eragingo garraio publikoa eskintzeko orduan, eta ez dau kalidadea kaltetuko.

Adierazo dauenez, kontu horreek bat datoz Foru Aldundiak arlo horretan erabilten dituan ildo estrategikoakaz, hau da, “gardentasuna, eraginkortasuna eta herritarrengandik gertu egotea”. Bizkaibus zerbitzuari eusteak bakarrik –84 milioi euro– ia aurrekontuaren erdia eroango dau. Sailak “200.000 euro” erreserbauko ditu markesina gehiago erosteko.

Beste gauza batzuen artean, aurrekontuak, bere berbetan, Aldundiak garraio publikoaren arloan dituan lehentasunak jasoten ditu. Milioi asko eskatzen dituan esfortzua, Aldundiak eskintzen dauen Bizkaibuseko zerbitzuagaz jarraitzeko eta “hobetzeko” aukerea emoteaz gain, Bilboko Metroaren 1. eta 2. lineatan inbertsinoak egiteko eta datorren urtean lur azpiko trenbidearen 3. linea bukatzeko be erabiliko da. 2017ko Kontuetan, obren bukaerea datorren urteko martira eroan danez aurton gastau ez diran 7 milioi euroak be jasoten dira. 2016ko kopuru berbera sartuko da BGPren kontuetan, 38,62 milioi euro.

Reyesek adierazo dauenez, “bultzadea” emongo jake Bizkaiko Mobikortasunaren Agintaritzea sortzeari eta tarifak bateratzeari, eta “200.000 euro” erreserbauko dira horretarako. Aparcabisaren aurrekontuak ez dau aldaketarik izango, 1,2 milioi eurotan geratuko da. Eta tasengaitik, prezioengaitik eta zehapenengaitik egongo diran diru-sarrerak “egoera errealera egokituko dira”. Aldundiak aurreikusi dauenez, diru-sarrera horreek “927.000 euro” ingurukoak izango dira.

Lurraldearen kohesinoaren eta uri berrantolaketaren arloan, sailaren helburu “nagusia” Bilbo Metropolitarraren Lurraldeko Plan Partziala barrikusteko beharrakaz jarraitzea da. Dokumentu horrek "167.000 euroko" aurrekontua izango dau 2017an.


IRAUNKORTASUNA ETA INGURUNE NATURALA

Arratsaldean daborduko, Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko diputatu andreak, bere sailean 94,97 milioi eurora helduko diran aurrekontuen ildo nagusiak aurkeztu ditu, igaz baino %9,71 gitxiago. Diputatuaren berbetan, murrizketa horrek ez ditu “oinarrizko edo lehentasunezko gaiak baztertuko” bere gobernu ekintzan. Aurrekontuaren barruan azpimarratzekoak dira, daukien bolumen ekonomikoarengaitik, ingurumen arloko azpiegituretara (57,21 milioiko horniduragaz), landa guneetako garapenera (14,91 milioi), ingurumenaren babesera (6,81 milioi) eta baliabide naturalen kontserbazinora eta antolamendura (5,16 milioi) zuzendutakoak.

Hurrengo ekitaldirako barrikuntzen artean, Gaztelugatxeko San Joanerako Jarduketa Plan Integralaren garapenerako lehenengo pausuak emongo dirala esan dau Unzuetak. Batzarretako taldeen aurrean izan dauen esku-hartzean diputatu andreak iragarri dauenez, Baserritarraren Ataria martxan jarten egingo dabe behar, eta bertatik on line baimenak izapidetu ahal izango dira. Gainera, aurrekontuen proiektuak, lurraldeko Garbiguneen ezarpena, lehen sektoreko profesionalei zuzenduta egongo dan fitosanitarioak batzeko sistemea eta hondakinen arloko sentsibilizazino kanpainea aurrera eroatea aurreikusten dau.


AURREKONTUA GAUZATZEA

Saioen hasieran Talde Mistoak eta Podemos Bizkaia taldeak aurtongo aurrekontuen gauzatzearen gainean galdetu deutse Aldundiko hiru arduradunei. Irailaren 30ean, Gizarte Ekintzako gauzatze mailea %65,35ekoa izan da; Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesio sailekoa “ia %62koa”. Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko sailari jagokonez, Elena Unzuetak adierazo dauenez, ekitaldiaren bukaeran aurrekontuaren “%90” inguru egongo dala beteta aurreikusten da.