Aurreko Albisteak

Foru Aldundia hasi da Batzar Nagusietan zehazten 2017ko Bizkaiko Aurrekontuak

Bilbao

José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak zabaldu ditu gaur Batzar Nagusietan Bizkaiko aurrekontuak zehazteko informazino saioak. Aurrekontuen zenbateko osoa 7.394,68 milioi eurokoa da, aurtongo aurrekontuek baino %0,6 gitxiago. Foru Aldundiak bere kudeaketarako gorde dituan 1.165,55 milioi euroen artetik, 120,9 milioi Ogasun eta Finantza Sailera dagoz bideratuta, eta horreetatik %55,6 beharginen gastuetara zuzentzen da.

Iruarrizagak programaz programa aurkeztu dituan kontuek 2016. urterako kalkulau zana baino %10,4 txikiagoak dira, aurreikusi zana baino 6 milioi euro baino apur bat gehiagoko aldeagaz. Aldea lau “kontzeptutan” zentretan dira. Datorren urteko kontuetan desagertu egin da, 2016ko aurrekontuetan 1,5 milioi eurokoak ziran Artxandako Jolasgunea lurreratzeko beharrak. Aldearen erdia, 3,1 milioi euro hartzen ebezan zainketari eta garbiketari jagoke, egiteko horreek Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak hartu ditualako bere esku. Eta, bukatzeko, milioi bat eurotan murriztu da programa informatikoak erostera zuzendutako partidea. Aldundiak beste 400.000 euro murriztu ditu “mailegu orokorra” ordaintzeko.

Aurreko agerraldi batean, Batzarretako Talde Mistoak eta Podemos Bizkaiak bere sailak 2016an gauzatu dauen aurrekontuaren inguruan egindako galderei erantzun deutse. Irailaren 30era arte gauzatuta egoan daborduko, beharginen gastuak kenduta esleitutako 58,7 milioi euroetako “%53,05”. Iruarrizagak aurreikusi dauenez, ekitaldi honetan aurrekontuaren “%96” gauzatuko da. Guztira, “2,6 milioi euro” geratuko dira gauzatu barik, Artxandako Jolasgunea lurreratzeko beharrak (1,6 milioi) eta Ogasuneko eraikinean egin diran lanei jagoken “milioi bat euroko urteko ordakizun bat”.


EUSKEREA ETA KULTUREA

Beste alde batetik, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako foru diputatuak, beste saio batean, bere sailaren jarduketaren ildo nagusiak azaldu ditu. Bere sailak 43.380.000 euro izango ditu, hau da, 2016an baino %11,3 gitxiago. Dana dala, argitu behar da “benetako” jatsiera %7,71koa dala, foru egoitzen garbiketea eta segurtasuna zentralizau dirala kontuan izaten bada, bere sailean behar horreek 2 milioi euroko gastua eragiten eben eta.

Bilbaoren eretxiz, “sailaren lehentasunezko proiektuak gauzatzeko aukerea emoten dauen aurrekontu koherentea” da, eta bertan lehentasuna emoten jake “Bizkaia Goazen 2030 ekimenari eta sailaren arloetatik estrategikotzat jo diran proiektuei”. Holan, esan dauenez, aurrekontu hori dala eta, bere sailak gastu batzuen “plangintza barria” egin behar izan dau, “preminazkoenei eta atzeratu ezindakoei lehentasuna emonda, beti be proiektuen kalidadea eta garapena segurtatuz”. Lorea Bilbaok gehitu dauenez, bere sailak “moteldu egingo ditu” daukien neurria dala eta, inbertsino erritmo motelagoagaz gauzatu daitekezan proiektuak. Gainera, erakundeak, Batzar Nagusietako Euskera eta Kulturako Batzordean hartutako akordioak baztertu barik egingo dau behar.

Diru gitxiago egongo da gastua moteltzeko aukerea emoten daben programetarako. Horreen artean, Foru Liburutegiko eta Artxibategiko digitalizazino eta katalogazino prozesua eta eleizako ondarea eta ondare zibila barriztetako prozesua aitatu ditu. Foru Aldundiak, kirol instalazinoak konpontzeko udalerriei emoten deutseen laguntzetan be beharrezkoak izango dira murrizketak.

Baina, halanda be, partida barriak eta pixka bat gora egingo daben beste batzuk be egongo dira. Adibidez, euskerearen sustapenean, gora egingo dabe Foru Administrazinoan euskerearen erabilerarako planak finketara eta indartzera zuzenduko diran zenbatekoek. Partida barriak egongo dira kirolaren arloan begiraleak prestetako eta plan pilotuak ezarteko. Gainera, itsasoko ondarea gauzatzeko partida bat eta kirol federauan banakako laguntzak sartzeko beste bat be egongo dira.

Talde Mistoak eskatuta, Lorea Bilbaok 2016ko lehenengo bederatzi hilebeteetan gauzatutako aurrekontuaren barri emon dau. “%71,1ekoa” izan da, “uneagaz bat datorren” gastua, Aldundi osoko altuena, hain zuzen be. Urtea amaitzen danerako dagon aurreikuspena “aurrekontuaren %100etik oso gertukoa” izango da, esan dau.


ASTELEHENEAN ETA MARTITZENEAN JARRAITUKO DABE AGERRALDIEK

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordea astelehenean, zemendiaren 7an, alkartuko da barriro be, Batzarretako taldeek Gizarte Ekintzako (9:00etan); Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesioko (12:00etan); eta Iraunkortasun eta Ingurune Naturaleko (16:00etan) sailen kontuen barri jasoteko. Aurrekontuen Foru Arau Proiektuaren barri emoteko saioak martitzenean itxiko dira, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen saileko (9:00etan); Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako saileko (12:00etan); eta Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun saileko (16:00etan) arduradunakaz.

Saio horreen ostean, Bizkako Batzar Nagusietako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dau (15 egun). Une honetan, aurrekontua Batzar Nagusietako Herritarren Atarian dago, halan gura daben guztiek alegazinoak aurkeztu ahal daiezan, jjggbizkaia.eus webgunearen bitartez edo idazkia aurkeztuta Bizkaiko Batzarretan (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo). Herritarrek zemendiaren 14ra arteko epea daukie horretarako. Igaz herritarrek 175 zuzenketa-eske aurkeztu ebezan.