Euskadiko ordezkaritza bat Frantziako Tourreko antolatzaileakaz alkartu zan Parisen urrian, 2019tik aurrera Bizkaiak Tourreko etapa bat jaso daian

Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko ordezkariek bilerea izan eben joan dan urriaren 18an Parisen, Frantziako Tourreko antolakuntzak konbidauta datorren urteko edizinoaren aurkezpen ekitaldian, “barriro be martxan jarteko” Frantziako txirrindularitza probaren etapa bat Bizkaira ekarteko alkarrizketak. Topaketa horren barri gaur goizean emon dau Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dauen agerraldian. Azaldu dauenez, etapea lortzekotan, ez litzateke “2019 baino lehenago” lortuko.
Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, bilera hori, “ekonomiaren eta kirolaren ikuspegietatik nazinoarte mailan potentzial handia dauen” Frantziako Tourra moduko ekitaldi bat geuregana ekarteko erakunde guztien artean egiten ari dan beharraren barruan sartzen da. “Argi eta garbi daukagu bere eragin soziala oso handia izango litzatekela”, esan dau Pradalesek, eta proba horrek ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntuetatik lurraldean izango leukezan eraginen gaineko datu batzuk emon ditu.
Antolakuntzak 4 eta 5 izarretako hoteletan “5.000 logela” erreserbauko dirala bermatzen dau, hau da, lurraldeko hotelek daukien ahalmen osoaren “%55”. Lasterketaren karabanak berez daukan eragin ekonomikoari, Pradalesek “zalantzan jarri ezin daikean” nazinoarteko proiekzinoa gehitu deutso, txirrindularitza probea “190 herrialdetan” eskintzen dalako, eta bere ikus-entzule kopuru potentziala “3.500 milioi pertsonakoa dalako” mundu osoan. “585 komunikabidek” jarraitzen dabe egunero lasterketea.
Holango ekitaldia jasoteko zergaitien artean, “kirolagaz eta gizarteagaz” erlazionautakoak be badagoz, Pradalesek azaldu dauenez. Tourra “nazinoarteko txirrindularitza proba esanguratsuena eta garrantzitsuena” da, eta inork ezin dau zalantzan jarri “Bizkaian eta Euskadin dagon txirrindularitzarako tradizino eta zaletasun handia, kirol hori gure idiosinkrasiaren kulturako eta kiroleko partea da eta”, esan dau.
KOSTU EKONOMIKOA
Batzarretako taldeek Tourreko etapa bat ekarteak izango leuken kostuaz galdetuta, Pradalesek esan dau kostu hori aldatu egiten dala urteerea, helmugea, gauza biak edo Tourraren hasierea izatea kontuan izanda. Etapa baten helmugea edo urteerea izan ezkero, ekarpen ekonomikoa “650.000 eta 700.000 euro artekoa” izango litzateke, eta, aurreikusitakoa kontuan izanda, inbertsino horrek “10engatik edo 12rengatik” biderkatzen dan “itzulera ekonomikoa” eragingo leuke, azaldu dau.
Batzarretako talde guztiek modu positiboan balorau dabe Euskadiko Erakundeak Frantziako tourraren etapa bat Euskadira ekarteko egiten ari diran beharra. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa) esan dauenez, “ordaindu ezinezko” inbertsinoa izango litzateke, “mundu osoko titularretan jarriko ginduzana”, baina, bere berbetan, “kontu berezia” jarri beharko da trafikoan izango dauen eraginean eta hoteletan plaza libreak egotean.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaiako bozeroaleak kritikau egin dau Pradalesek alkarrizketak “isilpean” eroatea, Aldundiko arduradunaren eretxiz hori beharrezkoa dan arren, irailaren 1ean Bilbon hasi ziran negoziazinoen arrakastea segurtatzeko. Egun horretan, Christian Prudhomme Tourreko zuzendaria Bilbora etorri zan, Espainiako itzuliko etapea ikusteko. Talde moreak, administrazinoakaz beharrean ari diran “eragileen” gainean egin deutsan galdereari erantzunez, Aldundiko arduradunak “txirrindularitza taldeak eta federazinoak” aitatu ditu, beste batzuen artean.
Joaquín Colmenero ordezkari sozialistea bat etorri da Aldundiagaz, beharra “diskrezinoagaz” egin behar dala esatean. “Gauzak lotuta dagozanean iragarriko da iragarri beharrekoa, frustrazinorik egon ez daiten”. Modu berean, EAJ-PNV taldeak “diskrezinoa” eskatu eta erakundeen arteko lankidetzea azpimarratu dau. Irene Edesa jeltzaleak azpimarratu dauenez, Bizkaia holango ekitaldiak antolatzeko “prestauta dago”. “Oso albiste pozgarria izango litzateke Tourreko etapa bat erakartea, nazinoartean dauen proiekzinoarengaitik eta ekonomiaren aldetik izango leuken itzulerarengaitik”.
Joseba Gezuragak (EH Bildu), “Bilbo, Bizkaia eta Euskal Herria saltzeko oso idea interesgarria dala” autortu dau, Europako biztanle askok, frantziarrek batez be, “penintsulan sartzeko erabilten daben atea garalako”, baina, adierazo dauenez, “kontraesana” izan daiteke diru hori inbertidutea Emakumeen Bira “desagertzeko zorian” dagonean. Podemos taldeak egin dauen moduan, koalizino abertzaleak Emakumeen Tourraren antolakuntzaren aurrean be interesa agertzeko eskatu deutse Euskadiko erakundeei.