Aurreko Albisteak

Bizkaiko Mugikortasuneko Agintaritzea, garraio publikoa planifiketako eskumenak izango dituan "lankidetzarako" eta "adhesino libreko" erakundea izango da

Bilbao

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuak “Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak sinatu behar daben Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzea –BMA– sortzeko Administrazinoen arteko Lankidetzarako Hitzarmena” aurkeztu dau gaur Batzar Nagusietan. Gernikan egin zan Foru Erakundearen azkenengo Gobernu kontseiluan onetsi zan, eta “gaur bertan” tramite berbera gaindituko dau Bilboko Udalean, Reyesek azaldu dauenez. Eusko Jaurlaritzaren bat egitea falta jako, baina kontuan izan behar da Eusko Jaurlaritza osotzeko prozesuan dagola, irailean egin ziran hauteskundeen ostean.

EH Bildu taldeak, Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritzaren eta tarifen integrazinoaren gaineko azalpenak emon daizan egindako agerraldirako eskariaz baliauz Reyesek azaldu dauenez, BMAren izaerea, garraio publikoaren arloan interesak dituen administrazinoen arteko “lankidetzan eta borondatean” oinarrituko da, eta operadore bakotxaren eskumenak errespetauko dira bertan.

Euskadiko Administrazinoen helburua, erakunde barriak tarifak agintzeko, garraio publikoa planifiketako eta koordinetako, sistemea finantzetako, operadoreen arteko hartu-emonei eusteko, arlo horretako lurralde plangintzea ezarteko eta operadoreei eta Administrazino publikoei aholkularitzea emoteko gaitasun juridikoa izatea da.

“Hamahiru urte zain egon ostean” –2003ko abenduan onetsi zan Euskadin Garraioaren Agintaritzea sortzeko Legea–, “garraio zerbitzu publikoa bizkaitar guztientzat eraginkorragoa” egitea posible egingo dauen erakundea sortzeko “bultzada politikoa” dago, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuak adierazo dauenez.

Reyesek azaldu dauenez, erakunde barriak partzuergo baten forma juridikoa hartu ahal izango dau, eta aitatu diran administrazinoez aparte, “atea zabalik itziko da, Estadua eta garraio publikoko lineak dituen beste udalerri batzuk be sartu daitezan”. Espainiako Gobernua bertan sartzea ez dau erraz ikusten, Asturiasekoa moduko beste erkidego batzuetako antzeko esperientziak ikusita. Bertan, Espainiako Gobernuaren erespidea kanpoan geratzea da, baina gainerako erakundeakaz modu koordinauan behar egiteari oztoporik jarri barik.

TARIFEN INTEGRAZINOA

Diputatu jaunak azaldu dauenez, eginbehar horregaz “batera”, Aldundia Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) barruan be beharrean ibili da, garraio publikoaren tarifen integrazinoa lortzeko. Irailean amaitu zan garraio publikoaren gaur egungo egoeraren “azterlan koantitatiboa eta koalitatiboa” egitean oinarritu zan egiteko horren lehenengo fasea.

“Erradiografia” horrek, Reyesek Batzarretako taldeakaz konpartidu gura izan dituan hainbat “ondorio” erakusten ditu. Aurtongo zezeilean egiten hasi zan azterlan horrek erakusten dauenez, “ez dau emoten” tarifen integrazinoa gaitza izango danik guneen antolaketari jagokonez. “Salbuespen txiki batzuk izan ezik, operadore guztiek ia berbera daukie”, esan dau. Gainera, sistemaren osotasunari begiratuta, operadore bakotxaren titulu esklusibo larregi dagoz, “eta, hori dala eta, derrigorrezkoa da Bizkaiko garraio osorako titulu moltso uniformea ezartea”.

Gainera, azterlanak, ustiapen ereduen ondorio diran “efizientzia faltak” aurkitzen ditu, sarearen morfologiaren ondoriozkoak baino gehiago, eta, azpimarratzen dauenez, ustiapenaren defizita “ez da kontuan izan behar dan kostu bakarra”, azpimarratu behar diran beste batzuk be badagozalako, klimaren aldaketaren gaineko ondorioetatik sortutakoak, atmosferako kutsadurea eta zaratea edo istripuak, besteak beste. Dana dala, horreek “neutralizatuta geratzen dira”, azterlanak erakusten dauenez, Bizkaiko garraio publikoak sortzen dituan “gizarte arloko onurengaitik”, aurreikuspenak kontuan izanda, horreek “urtean 100 milioi euro ingurukoak” izango diralako.

Txostenak etorkizunerako beste aholku batzuk be emoten ditu, garraiorako titulu gehiago ezarteak ustiapeneko defizitetan sakontzerik ez ekartea, adibidez. Bere eretxiz, integrazinoak gizarteko soslai guztiak bereganatu behar ditu. Gainera, adituek adierazoten dabenez, administrazinoek “kontu handiz jokatu behar dabe”, erabiltzaileen hazkunde “esanguratsua” eragin beharrean, batetik bestera bezeroak “aldatzea” baino eragingo ez daben garraio zerbitzu gehiago ez ezarteko.

BIZKAIKO GUNEEN BANAKETEA

Reyesek iragarri dauenez, Aldundiak beste azterlan bat agindu dau Bizkaiko guneen banaketa barria aztertzeko. Horren ostean garraio titulu barrien definizinoa etorriko da.

Guneen banaketaren azterlanak tarifen politikan dagozan aldeak be jasoko ditu, guneen arteko ibilpideak, garraio aldaketak eta dagozan titulu aukerak kontuan izanda. Hortik aurrera, titulu eta tarifa tipologia barria, erabiltzaileen soslaiak, erabilteko baldintzak eta tarifak… definiduko dira, eta baita sistemaren osotasunean eta administrazino eta operadore bakotxerako izango dituan ondorioak be.

13 URTEKO ATZERAPENA

Batzarretako taldeak bat etorri dira garraio publikoaren tarifen integrazinoan eta Agintaritza Bakarra sortzean aurrera egitea beharrezkoa dala esatean, baina talde batzuek galdera batzuk jarri ditue mahai gainean. EH Bilduk sistema barriaren finantziazinoaren eta Batzarretako taldeak prozesuan parte hartu ez izanaren gainean galdetu dau. Zigor Isuskiza batzordekidearen eretxiz, “ia ezinezkoa” izango da integrazinoa legealdi honetan lortzea, legealdiaren hasieran hori iragarri zan arren.

Talde mistoaren aldetik, Arturo Aldecoak integrazinoa “hainbat arinen” egin behar dala onartu dau, baina “garrantzitsuena ondo eta ganoraz egitea dala” gehitu dau, “sistemaren eragingarritasuna” hobetu ahal izateko.

PP taldeko Jesús Isasik adierazo dauenez, egin dan gauza bakarra diagnostikoaren egoerea errepikatzea izan da, “orain 4 urte” gauza bera egin zalako. Gainera, deitoratu egin dau Ministerioa hasiera-hasieratik erakunde horretan ez egotea, tren arloko Renfe operadorearen bitartez. Lankidetzarako erakundeak 9 ordezkari izango ditu (Eusko Jaurlaritzako 3, Foru Aldundiko 3, Bilboko Udaleko 2 eta BGPko 1), Reyesek esan dauenez.

Batzordekide popularrak BGPk hemendik aurrera bete behar dauen lekua eroan dau Batzarretara. “Ez da itxiko dan ala ez esan”. Reyesek erantzun deutsanez, Partzuergoak gaur egun dauen egitura juridikoa ez dator bat erakunde barriak bereganatuko dituen eginbeharrakaz. “Etorkizunean ez dot BPG Agintaritza moduan ikusten”, esan dau, 70eko hamarkadaren erdialdean sortu zanetik egin dauen behar guztia goraipatu ostean. “Operatibotasunaren ikuspegitik oso ondo dabil funtzionetan”, eta, hori dala eta, bere eretxiz ez da “preminazkoa” une honetan erakunde horren jarraipenaren gaineko eztabaidarik zabaltzea.

Podemos Bizkaia taldea, bere aldetik, arduratuta agertu da, sistemea finantzetako modua dala eta, eta, gainera, hainbeste kutsatzen ez daben eta erregai fosilen mendekotasun txikiagoa daben garraio moetak sartzearen gainean be galdetu dau. Holan, gasez edo propanoz bultzatutako autobusak Bizkaibusen sartzearen gaineko galderea egin dau. “Kontuz ibili behar da kontu horregaz”, erantzun deutso Reyesek, teknologia horreek “oraindino ez dagozalako guztiz landuta”.

Foru Aldundia eusten daben taldeek –EAJ-PNV eta PSE-EE– ontzat emon ditue diputatuak orain arte egindako bidearen gainean emon dituan azalpenak, “egin behar dana geldik ez geratzea dalako”, epe itxiak kontuan izan barik, prozesuak dituan “gaiztasunak” dirala eta. Azpimarratu dabenez, herritarrentzako zerbitzu hobea ekarriko dauen bigarren fasean dabil beharrean Aldundia.

Reyesek “ulermena” eskatu deutsie taldeei, prozesuaren epeak dirala eta, “oso konplexua” dalako, administrazino eta operadore asko dagozalako inplikauta. Dana dala, azpimarratu dauenez, gobernu honek “hamahiru urtetan aurreratu ez dana aurreratu dau azken urte honetan”.

EHU-RA DOAN AUTOBUSERAKO DARSENA

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuak azaldu dauenez, Zunzunegi kalean, BAMI eraikinaren ondoan, gaur egungo geralekutik 200 metro baino gitxiagora, egongo dan A2318 Termibus-UPV/EHU lineako geraleku barriak, 18 metroko autobus artikulau bi jaso ahal izango dituan 41,60 metroko luzerako darsenea izango dau, eta baita 80 metroko espaloia be Gurtubai kalerako noranzkoan eta 40 metrokoa Bilbotik urtetako tunelen noranzkoan.

Geraleku barria datorren astelehenean, zemendiaren 7an, hasiko da zerbitzua emoten, eta, aurreikuspenak beteten badira, Termibuseko autobus geltoki barria funtzionetan hasi arte eskainiko ditu zerbitzuak. Batzarretako taldeek egindako galderei erantzunez, Reyesek ezin izan dau zehaztu autobusen terminal barriak Bizkaibuseko zerbitzu hori jasoko dauen ala ez, Bilboko Udalak erabagi behar dauen kontua dalako.

Batzarretan izan dauen agerraldiaz baliauz, 2006an sortu zanetik A2318 linea horrek, bere kokapenari jagokonez, izan dituan gaiztasunak be azaldu ditu. “Hasierako asmoa, geralekua Termibuseko instalazinoetan bertan jartea izan zan, baina autobus artikulauak erabili behar ziranez, hori ezinezkoa izan zan”.

Vicente Reyesek Batzar Nagusietan izan dauen agerraldia, Podemos Bizkaia taldeak, A2318 lineako autobusek bidaiarien bolumena bereganatzeko ahalmen faltea, eta bidaiariak bertan itzi behar izatea” dala eta egin dauen galdereak eragin dau, baina foru diputatuak guzurtatu egin dau hori.

"Joan dan astean erantzun neutsun" adierazo dau, Gerediagan egindako Kontroleko Osoko Bilkurea aitatuz, bilkura haretan, diputatuak, talde politiko berak egindako antzeko galderari erantzun eutsan eta. “Autobus bat betetan bada, atoan beste bat dator, lehenengo autobusera sartu ezin izan diran pertsonak jasoteko”. Reyesek esan dauenez, ez dago “legezko bidaiari kopurua gainditzen dauen autobusik”, EH Bilduk gai horren gainean erakutsi dauen ardureari erantzunez.