Aurreko Albisteak

Aldundiak Bizkaiko Aurrekontu Proiektua erregistrau dau Batzar Nagusietan, Batzarretako tramitazinoari hasierea emonez

Bilbao

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak 2017ko urteko Lurraldeko Aurrekontuen Proiektua jaso dau gaur José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuaren eskutik, Bizkaiko Batzarretan proiektuaren tramitazinoari hasierea emoteko. Euskarri elektronikoan aurkeztu diran kontuak entregetearen eta erregistretearen irudiagaz jarriko da martxan, beste urteetan garai honetan egin dan moduan, abenduaren bukaerara arte luzatu daitekean prozedurea.

Eguazten honetan, Batzar Nagusietako Mahaia alkartuko da, eta Foru Arau proiektua onartu beharko dau, egun batzuk geroago, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean, informazino saioakaz hasteko. Saio horreetan, foru diputatuek, bakotxaren sailari jagokon aurrentuaren oinarrizko ildoak azalduko ditue batzarretako taldeen aurrean. Aurreikuspenak beteten badira, saio horreek zemendiaren 4an, 7an eta 8an izango dira.


HERRITARREN ALEGAZINOAK

Gainera, eta Bizkaiko Batzarretako historian igaz lehen aldiz egin zan moduan, Aurrekontuak, beste edozein Foru Arau Proiektugaz gertetan dan moduan, herritarren partaidetzara zabalduko dira. Bizkaiko Batzar Nagusiek hurrengo egunetan aurkeztuko dabe dokumentua “jjggbizkaia.eus” webguneko “Herritarren atarian”, bizkaitar guztiek proiektuaren aurrean dituen ikuspuntuak, iradokizunak eta aldaketarako proposamenak bideratu ahal daiezan. Zemendiaren 14an, izango da eguna alegazinoak prestatzeko.

Igaz, Batzarretako taldeek, herritarrek, taldeek, elkarteek edo GKEk bialdutako 175 alegazino eta iradokizun euki ebezan mahai gainean. Horreek guztiek euren proposamenak helduarazo ebezan, batzuk orokorrak eta beste batzuk oso zehatzak, oso arazo zehatzei erantzuteko edo hainbat gairen inguruan Aldundiaren esku-hartzea eskatzeko. Guztira, horreetatik 18 Bizkaiko talderen baten ekimenak izan ziran, eta gainerako 157ak, Bizkaiko Batzarretan norbanakoek erregistrautakoak.

Aurrekontuen gaineko eztabaidea, prozesua urtea bukatu aurretik amaitzeko dago antolatuta. Diputatuen agerraldiak egin eta dokumentua herritarrek egin beharreko alegazinoetarako zabaldu ostean, Batzar Nagusietako Mahaiak epea zabalduko dau batzarretako sei taldeek (Euzko Abertzaleak, EH Bildu, Euskal Sozialistak, Podemos Bizkaia, Bizkaiko Talde Popularra eta Talde Mistoa), 7.394 milioi euroko zenbateko osoa hartzen daben aurrekontuen aurreko zuzenketa-eskeak aurkeztu daiezan. Kopuru horretatik 1.165 milioi euro da sailek erabili daikiena. Batzarretako taldeek puntu horretan eurenganatu ahal izango ditue herritarrek egindako alegazinoak. Mahaiak aurreikusi dauen behin behineko egutegia kontuan izanda, zuzenketa-eskeen epea abenduaren 2an bukatuko da.

Jatorrizko testuari aurkeztu beharreko zuzenketa-eskeak aurkeztu eta gero, Bizkaiko Batzarrek aztertuko ditue, lehenengo osoko saioa deitu aurretik. Saio hori abenduaren erdialdean izango da, eta bertan testu osoaren aurrean aurkeztu diran zuzenketa-eskeak eztabaidatuko dira lehenengo. Osoko bilkura horren ostean, beharrezkoa bada, zuzenketa-eske partzialak batzordean eztabaidauko dira. Eta batzarretako izapidetzea hilebete horren bukaeran amaituko litzateke, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eske partzialak aztertuko dituan beste osoko bilkura bategaz.

Lotutako estekak: