Batzar Nagusiek, kontzertautako egoitzei "zehapenak" ezarteko aukerea aztertu daiala eskatu deutsie Aldundiari, kalidadeak behera egiten badau

Bizkaiko Batzar Nagusiek, zentru kontzertauetako plazetan “erabiltzaileei eskintzen jaken zerbitzuaren kalidadeak behera egiten badau zehapeneko neurriak” sartu ahal izatearen “bideragarritasun juridikoa eta formula barriak” aztertzeko eskaria egin deutsie gaur Foru Aldundiari. Bizkaiko Batzar Nagusietako Gizarte Ekintzako Batzordean gaur arratsaldean onetsi dan testua, Batzarretako EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen baten aurrean aurkeztutako aldaketako zuzenketa-eskea da. Talde Mistoak be bat egin dau proposamenagaz. EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek kontrako botoa emon dabe.
Onetsi dan proposamenak ateak zabaltzen ditu Foru Aldundiak txosten juridikoa egin daian, ikusteko ea posible ete dan holango neurria sartzea hemendik aurrera plazen kontzertazinorako egingo diran kontratazinoetan. Une honetan, titulartasun pribaduko egoitzek, mendekotasuna daben 10.170 pertsona nagusiri eskintzen deutsie arretea Bizkaian, eta erdiak Aldundiagaz kontzertautako plazak dira.
Onartu dan proposamena Bizkaiko Talde Popularraren arauz besteko proposamen batean oinarritzen da. Proposamenaren helburua, zentru pribaduetan egoitzetako plazak kontzertetako hemendik aurrera egingo dan hurrengo kontratuan klausulak sartzea zan. Gaur egun indarrean dagon kontratua udabarrian luzatu zan eta datorren abenduaren 31n bukatuko da. Aldundiak hemendik aurrerako kontratuetan zehapenak sartzen ibili aurretik, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen eretxiz komenigarria da aurretik azterketa bat egitea, neurri horren “bideragarritasun juridikoa bermatzeko”.
PP taldeko Eduardo Andrések zuzenketa-eskea eta, ondorioz, Foru Aldundiak aurretik azterketa hori egitea, onartu dau. Bideragarria izanez gero, bere berbetan, klausula horreek “foru zerbitzuek ordaindu beharreko zenbatekoa murriztea” eragingo leukie, erabiltzaileei eskintzen jaken zerbitzuaren kalidadeak behera egiten badau, greba jardunaldietan gertatu dan moduan, adibidez. Argitu dauenez, zehapen horreek ez dagoz greba egunetarako bakarrik pentsauta.
Batzordekide popularraren eretxiz, sektore hori, “beharginen soldatak behera egiten dauen bitartean, enpresak diru-kopuru berbera jasoten jarraitzen dauen” bakarra da. Grebak iraun dauen bitartean, zerbitzuaren kalidadea “eskatu behar dan mailaren oso azpitik egon da”, eta Aldundiak “plaza bakotxeko zenbateko bera ordaintzen jarraitu dau”. Andresen eretxiz, arazoa “larriagoa da oraindino”, “erabiltzaileari bere pentsinotik diru kopuru berbera kentzen jarraitzen jakolako, zerbitzua eskasagoa dan arren”.
Proposamenaren alde agertu diran taldeen jarlekuetatik “harrituta” agertu dira Bizkaiko Batzarretan ezkerra ordezten daben talde biak, EH Bildu eta Podemos Bizkaia, neurriaren kontra agertu diralako.
EH Bilduk argitu dauenez, euren kontrako botoa ez da enpresa zehatzearen kontra dagozalako, zehapenerako aukeratu dan ereduarengaitik baino. Arantza Urkaregiren eretxiz, erabagi horregaz “gura dan moduan zehatzeko” eta “kalidadearen arabera kopuru bat edo beste ordaintzeko atea zabaltzen da”. Gipuzkoako eredua erabiltearen alde agertu da. Bertan, beharginak eta enpresak jasoten dabena “tarifan” bananduta dagozanez, azken hori zehatzeko aukerea dago, beste aldeak ezelango kalterik jaso barik.
Josean Elgezabal Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak, “klausula hori zergaitik jarri gura dan egoitzen kasuan bakarrik” eta “zerbitzuaren kalidadea zelan neurtzen dan” galdetu dau. “Zerbitzu hobea emoten dabenei gehiago emon ahal jake”, planteau dau.