Batzar Nagusiek Bizkaiko errepideetan marra gorria jarteko aukerea aztertzea eskatu deutsie Aldundiari
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako batzordeak aho batez onartu dau gaur, sei hilebeteko epean, “marra gorria” deritxona ezarteko bideragarritasun “teknikoaren eta legezkoaren” gaineko txostena egitea eskatzea Bizkaiko Foru Aldundiari, txirrindulariak babesteko. Arauz besteko proposamenak Batzarretako talde guztien sinadurea daroa, PPrena izan ezik, baina talde horrek, azkenean, bat egin dau proposamenagaz, aldeko botoa emonez.
Joan zan maiatzaren 13an, Eskarien eta Herritarrakazko Hartu-emonen batzordean, Erandioko Txirrindulari Elkarteko ordezkari bik proposamen hori aurkeztu eben, Batzar Nagusietako taldeek eurenganatu eta arauz besteko proposamen moduan aurkezteko. Batzordekide batzuek adierazo dabenez Europako herrialde batzuetan “ohikoa” dan neurria apliketea erreza da, nahikoa dalako galtzadan, automobilaren eta bizikletaren artean egon behar dan 1,5 metroko segurtasuneko tartea ezarteko marra gorria margotzea, automobilek aurreratzeko maniobrak egiten dituenean kontuan izan deien.
Proposamena aurkeztu daben taldeek (EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, Podemos Bizkaia eta Talde Mistoa) gaur azaldu dabenez, Aldundiak aztertu egin beharko dau orain neurri hori arlo horretako ezelango legediaren kontra ete dagon, Errepideetako Araubide Orokorraren, Txirrindularientzako Bideen Lurraldeko Sektore Planaren edo Aldundiaren esku dagon Bizkaiko Txirrindularientzako Bideen gaineko 10/2014 Foru Arauan jasoten dan Txirrindularientzako Plan Zuzendariaren kontra, hain zuzen be.
EZEZKOA URDULIZKO OSPITALERAKO SARBIDEEN GAINEKO AZTERLANARI
Saio berean, batzordeak ez dau onartu EH Bilduk aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Proposamen horretan beste azterlan bat egitea defenditzen zan, Urdulizko ospitalea eskualdeko plangintzan eta trafikoaren fluxuen barruan “sartzeko”. Oraingo honetan, eskaria Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari bideratu eta txosten hori 3 hilebeteko epean gauzatzeko konpromisoa eskatzen jaken. Txostenean, ospitaleak bere inguruko trafikoan sortzen dituan “eraginak” murrizteko neurriak jaso beharko litzatekez. Koalizino abertzalearen proposamenak Podemos Bizkaiaren eta Talde Mistoaren aldeko botoak jaso ditu, eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkau dabe. PP abstenidu egin da.
Proposamenaren alde agertu diran hiru taldeek esan dabenez, “preminazkoa” da Alfredo Espinosa ospitaleko sarbideen arazoa konpontzea, Uribe Ospitalea Plataformak Bizkaiko Batzarretako batzorde batean orain bost hilebete adierazo eban moduan. Zigor Isuskiza EH Bilduko batzordekideak azaldu dauenez, arazoaren konponbidea Aldundiak bideratu beharko leuke, sarbideek “udalaz gaindiko” izaerea daukielako, Lurzoruaren Legeak ezarten dauen moduan, eta ez toki mailako sistemea, Foru Aldunditik adierazoten dan moduan.
EAJ-PNV taldearen eretxiz, ospitalerako proponidu dan sarbidea, oraindino osorik eregi barik dagona –Urdulizko lurretan planteatuakoa baino ez da gauzatu–, “nahikoa” da ospitalera iristea bermatzeko. Irene Edesa jeltzaleak EH Bilduri gogoratu deutsonez, Urdulizek eta Sopelak konpromisoak hartu ebezan euren udaletako osoko bilkuretan, Olabide kalearen bukaeran eregi behar dan bidea euren esku hartzeko. EH Bilduren esku egoan Sopelako Udaleko gobernu taldeak berari jagokon zatia ez egitea erabagi eban, gogoratu dau Edesak, eta horren ostean, hartutako konpromisoak betetea eskatu dau.
BIDESAREA PLANAREN EGOEREA
Beste alde batetik, Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatua be Batzarretara etorri da, Bizkaiko eskualde “guztietako” errepideetan hobekuntzak sartzen dituan Bidesarea Planaren gauzatze mailearen gaineko informazinoa emoteko, PPk eskatuta. Planaren xedea eskualde guztien “lehiakortasunari eta garapenari” laguntzea da, eta lurraldeko errepideen kontserbazinorako planaren osagarria da.
2015-2017 epealdirako, “51.415.376 euroko” aurrekontuagaz, aurreikusita dagozan “19 jarduketetatik”, Pradalesek esan dauenez, “8.440.000 euroko” aurrekontua hartu daben sei amaituta dagoz. Honeek dira: hobekuntzak BI-623 errepidean, Durangon; sarbideen eta espaloien antolaketa barria BI-631 errepidean (Orueta-Santo Domingo); BI-2121 errepidearen egonkortzea eta euspena Morgan; BI-633 errepidearen hobekuntzea Urberuaga-Markinan; BI-635 errepideko bideko segurtasunaren hobekuntzea; eta A-8aren hobekuntza funtzionala Larraskituko lotunean.
Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, “20,43 milioi” hartzen dituen beste bost jarduketa gauzatzen ari dira une honetan. Eta gainerako hobekuntzak –zortzi– datorren urtean egingo dira. Foru Aldundiak aurreikusten dauenez, lehenengo hiruhilekoan hasiko dira BI-2636 errepideko lanak Etxebarrian, eta BI-631 errepidearen trazaua arteztea gasolindegien eta Santo Domingo Gainaren artean. Urteko bigarren hiruhilekorako geratuko litzatekez Urberuaga-Plazakola-Berriatuako saihesbidea edo BI-631 errepidearen hobekuntzea (Mungiako Saihesbideko Biribilgunea eta Trobikarako Sarbidea). Eta urtearen bigarren erdialdetik aurrera hasiko litzatekez planean aurreikusten diran gainerako jarduketak.
Pradalesek esan dauenez, Bidesarea Planaren lehenengo zatia “epeak beteten ari da”, eta, “urtebete barru”, 2017-2019 epealdian gauzatu behar diran jarduketak jasoko dituan bigarren fasea aurkeztea gurako leuke. Fase horretarako jarduketa batzuk “argi dagoz” eta beste batzuk “Udalen eskarien araberakoak izango dira”.
“64.415 EUROKO ZEHAPENA” ANSAREO TALDEARI
Horrez gain, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako foru diputatuak Batzarretako taldeei esan deutsenez, Meaztegi Golf zelaia ustiatzen dauen enpresak, Ansareo taldeak, ez eban bete joan dan garagarrilaren 8an Azpiegiturak erakundeagaz sinauta daukan kontratua, eta zelaia itxi eban, festa pribadu bat egiteko. Hori dala eta, “64.415 euroko” “zehapena” jarri jako, kontratuan ezarten dan moduan, hau da, kirol barruti horretako emakidadunak berme moduan aurkeztu eban diru-kopuruaren “%5a”.
Batak besteari hainbat burofax bialdu ondoren, Azpiegiturak erakundeak, data hori baino lau egun geroago, ez eukala instalazinoak ixteko baimenik jakinarazo eutsan enpresari, horrek Meaztegi Golfeko erabiltzaileek “erabilerarako daukiezan eskubideak murrizten ebalako”, eta, Pradalesek esan dauenez, enpresak egindakoa “kontratua ez betete argia” izan da.
TURISMOAREN GAINEKO TASEA BIZKAIAN
Talde Mistoak Bizkaian “turismoaren gaineko tasea” ezarteko aukereari buruz planteau dauen gaiari jagokonez, Pradalesek esan dauenez, gai horren gaineko eztabaidea zabaldu “aurretik”, lehenengo beharrezkoa da Bilbo-Bizkaia jomuga turistikoa “finkatzea”. Aldundiko arduradunak gogoratu dauenez, izatekotan be, gai horren gaineko erabagia bultzatu behar dabenak Eusko Jaurlaritza eta Eusko Legebiltzarra dira, joan dan garagarrilaren 28an onetsi zan Turismoari buruzko Euskal Legean ezarten danez.
Bere berbetan, Bartzelona, Paris edo Erroma moduko Europako beste uri batzuetan gertetan dan moduan, turismoaren gaineko tasea apliketearen inguruko aurreko diagnostiko horretan, hainbat alderdi izan behar dira kontuan, turismoaren fidelizazino mailea, inplikautako eragileen partaidetzea eta bisitariari tasa bat ezartearen helburua, adibidez.
Pradalesek esan dauenez, 2016an, barriro be, Bizkaiak jasoko dauen turista kopuruaren markea gaindituko da eta epe laburreko itxaropenak oso onak diran arren, gure turismo eskaintzaren “finkatze prozesuan gagoz oraindino”. Irailera arte jasotako turisten kopuruan “%8,4ko” igoerea eta “2,8 milioi gau baino gehiago igarotea” ez dira nahikoak izan Bizkaiko hotelak beteteko, urteko lehenengo bederatzi hilebeteetako okupazino mailea “%66,4koa” izan dalako.
ZEMENDIAREN 1EAN AKTIBAUKO DA NEGUKO PLANA
Bizkaiko Foru Aldundiak “zemendiaren 1etik apirilaren 30era” aktibauko dau Lurraldeko errepideetako neguko plana, diputatuak jakinarazo dauenez. Erabiliko diren baliabideen artean “381 pertsona, edurra kentzeko 76 makina, 9.725 tona gatz eta 140 m³ gatzur” egongo dira.
Pradalesek operatiboaren barri zehatza emon deutse Batzarretako taldeei, eta baliabideen banaketarako lehentasunezko bederatzi guneakaz jarraituko dala gogoratu dau, hau da, A-8, AP-8 HSM, AP-8 Erletxe eta Ermua artean, N-637, N-240, Loiuko aireporturako sarbideak, Superporturako sarbideak, Ospitaleetarako sarbideak eta BI-631 errepidea Bilbo eta Derio artean (Santo Domingo).
Igazko urteagaz alderatuta, barrikuntza nagusiak edurra kentzeko hiru makina barri jaso izana, Txorierriko igarobidean gatza metatzeko lekua egokitu izana, orain denpora gitxi estreinau dan Gerediaga-Elorrio errepideko talde teknikoak, eta informazino “zehatzagoa” emongo daben estazino meteorologiko sare propioa aitatu behar dira. Azken horretan “100.000 euro” inbertidu ditu Aldundiak.