Aurreko Albisteak

Aldundiak herritarren eskariak entzungo ditu, Bizkaiko hainbat puntutan "moeta guztietako pertsonakaz" izango dituan 10 bileren bitartez

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Gerediagan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan gaur izan dauen esku-hartze bakarrean, bere gobernuak hamar bilera egingo dituala esan dau, lurraldeko hainbat eskualdetan, herritarrek planteetan dabena “entzuteko”, bere eretxiz “barritzailea” dan gizarte partaidetzako planteamendua, hain zuzen be. Jendearen “inputak” jasotzeaz gain, hamar bilera horreetan Foru Erakundeak “egin dana, egingo dana eta egin behar ez dana” jakinarazoko dau, “gauzatzen ari dan” legealdi honetako ardatzetako bategaz, “Gobernu irekiagaz” bat datorren gardentasuneko ariketan.

Rementeriak azaldu dauenez bilera horreetan “moeta guztietako” pertsonak egotea gurako leuke, eta horreen artean “ekonomia eta kultura arloko eragileak, gazteak edo nagusiak” aitatu ditu. Ahaldun Nagusiak, hitzordu bakotxera “100 pertsona” inguru joatea jarri dau helburu moduan. Pertsona horreek Aldundiaren webgunearen bitartez emon ahal izango dabe izena. Aldundiak “ausazko” telefono deiak be egingo ditu, bileretara joateko beren beregiko deia egiteko, eta gizarte zibileko taldeakaz eta kolektiboakaz “zuzenean” jarriko da hartu-emonetan.

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun nagusiak azaldu dauenez, bilerak –lehenengoa zemendiaren 11n izango da Bilbon– “taldeka” egituratuko dira, Aldundiak legealdi honetarako markau dituan lau ardatz nagusietan oinarrituta: “Enplegua eta jarduera ekonomikoa; gizarte eta lurralde kohesinoa eta aukera bardintasuna; modernotasuna, gertutasuna eta erantzukizuna; eta munduagaz loturea izatea”.

Ahaldun Nagusiak holan erantzun deutso Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak planteau dauen ahozko erantzun-eskeari. Talde horrek, Aldundiak bilera horreen bitartez markau gura eban “ekintza plana” eta, aurreikuspenak kontuan izanda, “ze pertsona eta ze talde” joan behar ziran jakin gura izan dau. Neskutz Rodríguez talde morearen bozeroalea asko poztu da, “azkenean” Aldundiak herritarrak entzun gura dituala ikusita, baina “faltan bota dau hori lehenago egin ez izana”, “benetako arazoak” sortu diranean.

JATAKO ZABORTEGIA

Ahozko beste erantzun-eske bati erantzunez, oraingo honetan EH Bilduk egindakoari, Aldundiak jakinarazo dau Jatako zabortegia “atzealdeko zabortegi” moduan erabilten jarraituko dala uriko hondakinen kudeaketan, “urriaren 5ean” hasi diran Artigaseko lanak amaitu arte, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak baieztu dauenez.

David Lopategi EH Bilduko batzarkideak salatu dauenez, Jata urte honetako zezeilean jarri zan barriro martxan, salbuespen moduan, Artigaseko zabortegia ordezkatzeko, instalazino harek bere lurrak egokitzen ebazan bitartean, “9 hilebete” iraungo eben lanen bitartez. Koalizino abertzaleko batzarkideak adierazo dauenez, momentuz “ez dago” Artigas zabaltzeko –otsailen itxi zan behin behinekotasunez– eta Jatako zabortegia zigilatzeko “datarik”. Jakinarazo dauenez, zabortegi horrek “oso usain txarrak” eragiten ditu inguruetan, ez diralako beteten ari Aldundiak holango eragozpenak saihesteko iragarri ebazan neurriak, “egunero” lurragaz zigilatzea, adibidez. Egoera hori larritu egin da TMB greban egon dan bitartean, Jatara tratatu bako hondakinak heldu diralako.

Unzuetak autortu egin dau “Aldundiaren borondatetik kanpo geratu dan hondakinen isurketa gordina” gertau dala, TMBko beharginen greba dala eta, baina argi itzi gura izan dau zaborra estaltzea “ezarritako denporak eta prozedurea betez” egiten dala, egin beharreko jarraipen teknikoaren bitartez.

Talde Mistoak eskatuta, Arturo Aldecoa batzarkidearen eretxiz “zabaldu ezkero desagertuaraztea ezinezkoa dan” “fusarium circinatum” onddoa Bizkaiko basoetan zabaltzearen gainean be egin dau berba Unzuetak. Diputatu andreak esan dauenez, 2016ko datuek erakusten dabenez, 2016an aurreko urteetan “baino gitxiago” zabaldu da, basozaintza zerbitzuak emon dituan datuak kontuan izanda. “Gaur egun”, onddoak “radiata pinuan” daukan presentzia "Aulestiko, Igorreko, Kortezubiko, Muxikako, Galdameseko eta Karrantzako" basoetara mugatzen da. Unzuetak azaldu dauenez, onddoa kontroletako tratamendu kimikoak eta mozketak egiten dira inguru horreetan, eta jaubeak euren egurra modu “egokian eta zuzenean” garraiatzera derrigortzen dira, onddoa ez zabaltzeko.

ALDAKETEA UNIBERSIDADEKO AUTOBUSEN GERALEKUAN

Bilboko Termibusetik Leioan dagon unibersidadeko campusera doan Bizkaibusen egungo zerbitzua zabaltzea beharrezkoa iruditzen ete jakon galdetu deutso Podemos Bizkaiak Aldundiari, Nuria Atienzaren berbetan ikasle batzuk “lurrean geratzen diralako”. Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak, orain denpora gitxi indartu egin dan zerbitzuak orain arte moduan jarraituko dauela erantzun deutso, “15 minutuz behingo” maiztasunakaz bidaiari gehieneko goizeko orduetan, 07:30etik 09:00etara, maiztasun hori nahikoa dalako eskariari erantzuteko.

Aldundiko arduradunak guzurtau egin dau bezeroak garraio barik geratzen diranik. “Asko jota, autobus batetik bestera dagozan 15 minutu horreek itxaron beharko ditue”. Gogoratu dauenez, unibersidadeko eskari handiena ikasturteko lehenengo hilebeteetan izaten da. “Iraila eta urria izaten dira bidaiari gehieneko hilebeteak”. Urteko gainerako hilebeteetan ez da gauza bera gertatzen. Reyesek esan dauenez, “zemendiaren 7tik” aurrera, Termibusen egin behar diran lanak dirala eta, autobusak Zunzunegi kaletik abiauko dira, EITBren instalazinoen ondotik.

PP taldeak Bizkaiko Mobikortasuneko Agintaritzaren gainean egin dituan erantzun-eskeei erantzunez, legealdi honetan errealidade bilakauko dala aurreratu dau Reyesek. Administrazinoen artean akordioa dago erakunde hori martxan jarteko, baina hurrengo pausua, une honetan osatzeko prozesuan dagon Eusko Jaurlaritzak emon beharko dauela esan dau, administrazino hori dalako hitzarmena onartu behar dauena. Dana dala, azaldu dauenez, erakundeak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren barruan ari dira beharrean “ondore guztietarako”.

Metroaren 5. linearen eraikuntzari jagokonez, eta Talde Popularraren beste erantzun-eske bati erantzunez, “instalazinoen proiektuen idazketea datozan egunetan” esleituko dala jakinarazo dau Reyesek. Javier Ruiz bozeroale popularrak, metroa Galdakaora luzatzeko beharrei ekitea eskatzeko 40.000 sinadura jaso izanari erantzutea eskatu deutso.

BIZKAIKO 160.000 ZERGADUNEK BGAE-AK EDO PENTSINO PLANAK DITUE

Beste alde batetik, Ogasun eta Finantzetako diputatuak behin baino gehiagotan hartu behar izan dau berbea, katastroaren barri emoteko prozesua eta diru-bilketaren jatsierea dirala eta oposizinoak egin dituan itaunei erantzuteko. Beste erantzun batean, Podemos Bizkaiak eskatuta, lurraldean BGAEak edo pentsino planak zabalik dituen zergadunen kopuruaren barri emon dau. “160.000 pertsona inguru” dira, zergadun guztien %28, hain zuzen be. Talde moreak, pertsona horreetatik biztanleen arteko errenta maila baxuenean zenbat dagozan jakin gura izan dau, bere eretxiz diru-sarrera handienak dituen pertsonen kasuan ez dalako bidezkoa Foru Ogasunak aurreikusten dituan “salbuespen” fiskalak apliketea.

Iruarrizagak, produktu horreek tributuen ikuspegitik jasoten daben tratamendua ez dala ezelango salbuespena argitu ostean, 2014ko datuak kontuan izanda, onuradunak “tramu guztietan” dagozala adierazo dau. 160.000 zergadun horreen “erdiak baino gehiagok”, “90.000 inguruk”, “0tik 31.000 eurora” doan errenta mailea daukie, eta jasoten dituen itzulketak “108 milioikoak” dira. Hurrengo tramuan, errentako "46.350" euro artekoan, "44.599" zergadun dagoz, "88 milioi euroko" murrizketakaz. "66.650" euro arteko errenta daukienak "14.921" pertsona dira, eta jasoten dituen itzulketak “45 milioikoak” dira. Eta, bukatzeko, Ogasunak “53 milioi itzuli eutsezan 66.000 eurotik gorako errentak dituen 12.000 zergadun ingururi”.

ERAKUNDE ADIERAZPENA

Saioaren hasieran, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Erakunde Adierazpena irakurri dau. Bertan eskaria egiten jake Espainiako Gobernuari eta nazinoarteko erakundeei “beharrezkoak diran ekintzak martxan jarri daiezan Marokoko gobernuaren aurrean, instituzinoen edo giza eskubideen eta lankidetzaren arloan behar egiten daben erakundeen bisitak ezelango oztopo barik sartu daitezan Mendebaldeko Saharako lurraldean eta bertako biztanleakaz alkartu daitezan”, urriaren 9an, Marokoko gobernuak “giza eskubideen ikuskatzaileen euskal ordezkaritzari berak okupauta daukan Mendebaldeko Saharara sartzea debekau eta gero”.

(Ikusi testu osoa erantsitako dokumentuan).

Lotutako artxiboak: