Bizkaibusen erabilereak %2,3 egin eban gora abuztura arte

Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak, aurtongo Bizkaibuseko erabilerearen gaineko datuak emon ditu gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan. Bertan adierazo dauenez, errepideko garraio publikorako foru zerbitzuak “%2,3ko” igoerea izan dau abuztura arte, 2015eko lehenengo zortzi hilebeteakaz alderatuta.
Aldundiko arduradunak, Batzarretako EH Bilduko taldeak eskatuta Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako batzordean egin dauen agerraldi publikoan eskini dau datu hori. Koalizino abertzaleak 2015ean izandako bidaiarien galerearen gainean galdetu deutso, Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) egin dauen txostenak erakusten dauenez, Bizkaibuseko lineek “1,17 milioi erabiltzaile” galdu ebezalako igaz aurreko urteagaz alderatuta, hau da, “%4,3ko” jatsierea izan eben. Zigor Isuskiza batzordekidearen eretxiz, “paradojikoa” da hori gertetea kilometro gehiago –“72”– egiten diranean, eta aurrekontuak eta linea kopuruak gora egin dabenean.
Reyesek esan dauenez, jatsiera hori, zergaiti bik eragin daben egoera “koiunturala” dala eta gertau zan. Alde batetik, Basauriko metroaren lanzadera kendu izana, hori dala eta igaz “917.267” bidaiari gitxiago izan ziralako. Eta, bestetik, Bizkaibuseko linea bi, 3139 Regato-Barakaldo eta 3216 Bilbo-Artxanda Udalen esku geratzea, horrek beste “131.484” bidaiari gitxiago egotea eragin ebalako.
Gaur egungo lineen portaereari jagokonez, Reyesek esan dauenez, 2014an eta 2015ean izandako beherako joerea aurton “aldatuz doala” ikusten da, abuztura arte jaso diran datuak kontuan izanda, baina zuhur jokatu gura izan dau, eta sistemak urtearen bukaeran izan dauen funtzionamendua ikusi, azterketa “zorrotzagoak” egin ahal izateko.
Foru diputatuak, bere eretxiz Bizkaibusek “lurraldea egituratzeko elementu” moduan dauen garrantzi handia erakusten daben hainbat datu be eskini ditu. Une honetan, Aldundiaren esku dagozan lineek 2.303 km-ko sarea hartzen dabe, Euskotren (92 km), Bilbobus (171) edo Metro Bilbao (43) moduko beste operadore batzuk baino askoz gehiago eta, hori dala eta, kilometro gehien egiten dauen garraio publikoa da eta, ondorioz, “galera gehien sortzen dituana”. Aldundiak Bizkaibus eusteko egiten dauen esfortzu ekonomikoari esker –“79 milioi euro”–, “Bizkaiko biztanleriaren %90 baino gehiagok euren etxeetatik 5 minutu baino gitxiagora” Aldundiaren autobus bat hartu daike.
MARKESINA EREDU BARRIA
Horren ostean, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak, berak eskatutako beste agerraldi batean, datorren urtetik aurrera Bizkaiko errepideetan ikusten hasiko dan markesina eredu barria aurkeztu dau. Markesina barriak, beharren arabera instalauko dira, gaur egungoen “stocka” amaitu eta gero.
Aldundiaren esku dagozan autobusen etorkizuneko geralekuak “modulagarriak, erosoak, irisgarriak eta ikusgaitasun handia emoten dabenak” izango dira, egurra, beira edo altzairu herdoilduezina moduko material “iraunkorrakaz” egindakoak, eta horrek “modernotasun” ukitua emongo deutse, diputatuak azaldu dauenez. Sabaia serigrafiatutako haretx hostoakaz egongo da eginda, udan gerizpea emoteko eta aldi berean argiari igaroten izteko, eta euriaren ura batzeko sistemea izango dabe, “itoginik egon ez daiten”.
Markesinek egurrezko hiru eserleku, burpildun aulkientzako lekua eta euskarri “iskiatikoa” izango ditue. Argiztapena estalgian egongo da integrauta, “led” argiz osatutako sistemeagaz, energiaren kontsumoa murriztu ahal izateko, eta publizidadea eta informazinoa jasoteko hainbat euskarri izango ditue. Alboko panel batean unidadeak igaroteko denporea adierazoten daben idazkunak jarteko lekua egongo da, “baina momentuz ez da holangorik instalauko, oso garestiak diralako”, “3.500 eta 4.000 euro” artean bakotxa, eta telefono mobikorren erabilerea eta hobekuntzea dirala eta, informazino hori modu merkeagoan emoteko aukerea dagolako.
Reyesek aurreikusi dauenez markesina bakotxak 15.000 euro inguru balioko ditu, gaur egungoak baino 2.000 euro gitxiago. Prezio hori “merketu” egin daiteke, edozein enpresak bere eskintzak aurkeztu ahal izango ditualako lizitazinoa egiten danean. Holan, markesinak ez ditu enpresa bakarrak egingo, une honetan gertetan dan moduan.
Markesina barriak “apurka-apurka” instalauko dira, datorren urtetik aurrera, “behar dan lekuetan”, baina aurretik, gaur egungo diseinua daben pieza guztiak amaitu beharko dira, eta kontuan izan behar da horreek be “zati baterako” egongo dirala, zehaztu dau.
Batzarretako taldeak, orokorrean, pozik agertu dira aurkeztutako diseinuagaz, baina zenbait hobekuntza sartzeko aukerea baloretako animau dabe Aldundia. Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), eserleku iskiatikoak luzatzea edo haize asko egiten dauen lekuetarako eredu itxia diseinetea posible ete dan aztertzea eskatu dau. Nuria Atienzak (Podemos), markesina barriek, ikusten ez daben pertsonentzako “ahotsezko sistemea” eroango ete daben galdetu dau. Zigor Isuskizak (EH Bildu) mantentze-lanen gaia aitatu dau, egurra erabilten dalako.
Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak, bere aldetik, diputatua zoriondu dau, txostena aurkeztean Batzarren agindua bete dauelako. Eta Unai Lerma jeltzaleak azpimarratu dauenez, eredu barria egitea eta mantentzea “errezagoa” izango da, eta horrek eragina izango dau prezioan, Aldundia ez dalako enpresa bakarraren “eskuetan” egongo.