Bizkaiak Portuen eta itsasoko garraioaren gaineko Legea egituratzea eskatu deutso Eusko Legebiltzarrari

Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez erabagi dabe gaur, “ahal dan adostasun handienagaz eta epe laburrenean”, “titulartasun autonomoko instalazinoen errealidadeari legezko euskarria emoteko balioko dauen” portuen eta itsasoko garraioaren gaineko legea onetsi daiela eskatzea Eusko Legebiltzarreko taldeei. Ekimenak Bizkaiko Batzarretako talde guztien sinadurea eroan dau, PPrena izan ezik, baina talde horrek be bat egin dau arauz besteko proposamenagaz.
Horrez gain, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deutsie Eusko Jaurlaritzari, egindako azterlanetan eta indarrean dagozan plan estrategikoetan oinarrituta, titulartasun autonomoko portuek “Bizkaiko ekonomia eta lurralde garapenerako erreferente izaten jarraitu daien”. Hori dala eta, Bizkaiko Batzarretako sei taldeek, kofradiakaz eta sektoreko eragileakaz alkarlanean, “portu bakotxaren garapen egokirako egin behar diran hobekuntzak” identifiketan eta bultzatzen jarraitzea eskatu dabe, topaketarako mahaiak eta guneak sortuz, beharrezkoak badira, diseinau diran helburuak lortu ahal izateko.
Bizkaiko Batzarrek onetsi daben arauz besteko proposamena, aurreko legealdian, Euskadiko Portuen eta Itsasoko Garraioaren Lege proiektua baztertu eta bost hilebetera heldu da. Proiektu harek, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako instalazinoen kudeaketarako zuzenbide pribaduko erakunde publikoa sortzea aurreikusten eban, Bilboko eta Pasaiako portuetakoak izan ezik, horreen titulartasuna estaduarena dalako. Bizkaiko kasuan, egin daikean portu legearen aplikazino eremuak Ondarroako, Lekeitioko, Eako, Elantxobeko, Mundakako, Bermeoko, Armintzako eta Plentziako instalazinoak hartuko leukez, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko batzordean gogoratu danez.
HIPOTEKA MAILEGUEN ERREFERENTZIAZKO INDIZEA
Saio berean, eta adostasun handiagoa lortzeko asmoz, Batzarretako Podemos Bizkaia taldeak azkenean ez dau aurkeztu EH Bilduren zuzenketa-eskea jaso eban arauz besteko proposamena. Proposamen horretan, beste gauza batzuen artean, Espainiako Gobernuak Hipoteka Maileguen Erreferentzia Indizea (IRPH) indarbakotzea eskatzen zan. Hipoteka maileguetarako tasa ofizial horrek une honetan “milioi bat familia baino gehiagorengan” dauka eragina Espainiako estaduan.
Batzarretako talde guztiek kritikau dabe indize hori indarrean egotea, eta kentzearen alde agertu dira, baina adostasun handia lortuko dauen testu alternatiboa bilatuz. Batzordean gogoratu danez, Europar Batasunak berak, 2009an, IRPH deritxonaren moeta guztiak, finantza erakundeek kontrolautakoak eta, teorian, Espainiako Bankuak zaindutakoak, “susmagarriak eta oso errez manipuletako modukoak” zirala adierazo eban. Hori dala eta, Europak be eskaria egin eutsan Espainiako Gobernuari, indize hori baliobakotzeko.
KATASTROAREN GAINEKO INFORMAZINOA
EH Bilduk, Aldundiaren webgunean martxan jarri dan Katastro-balio barriak jakinarazoteko prozedura telematikoak irisgarritasun unibersal printzipioa bete daian Aldundiak hartuko dituan neurrien gainean galdetuta, bere sailak, daborduko iragarri diran komunikazinorako hiru bideak erabilten jarraituko dauela iragarri dau José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak. Bide horreek, informazinoa jaube guztiengana helduko dala “bermatuko” dabe. Bide horreek, bide telematikoa, Bizkaian banatuta dagozan 13 bulegoetara (Ogasuneko hiruak eta Balmasedan, Basaurin, Durangon, Gernikan, Getxon, Igorren, Markinan, Mungian, Barakaldon eta Portugaleten dagozan beste hamarrak) zuzenean joatea, eta, azkenik, lehenengo bietako bat be erabili ez daben pertsona guztiei posta ziurtatuz jakinarazotea, izango litzatekez.