Batzar Nagusiek futbol talde profesionalen tratamendu fiskala aldatu dabe

Gaur Gernikan egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osokoak, batzarretako talde guztien aho bateko erabagiz, kirol talde profesionalen tratamendu fiskala aldatzen dauen Foru Arau proiektua onartu dau. Aldundiak aurkeztu dauen testuak –artikulu bakarrak– Soziedadeen Zergea aldatuko dau, lehen mailako futbol taldeek eukiezan kenkariei jagokenez, irabazi asmo bako erakunde moduan hartzen ziralako. Aldaketaren ostean, soziedade anonimoek ordaintzen daben zerga tasa bera ordaindu beharko dabe. Araua urte honetako garagarriletik aurrera aplikauko da, atzeraeraginez.
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak azaldu dauenez, aldaketa horren errazoia, Foru Ogasuna Europako Batzordeak 2016ko garagarrilaren 4an hartu eban Erabagira egokitu behar dala da, “estaduaren laguntza” moduan ulertzen dalako Espainiako Estaduko futbol taldeek lehiatzeko orduan abantailea izatea, “modu partzialean salbuetsita” egozan erakundeak ziralako, soziedade anonimoei jagoken tratamenduagaz alderatuta, soziedade anonimoek, bost puntu altuagoa dan Soziedadeen gaineko Zergaren araubide orokorra bete behar dabelako.
“Europar Batzordearen errazoinamenduakaz ados egon edo ez, egia da Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratadua kontuan izanda, bertako kide diran Estaduetako agintaritza eskudunek atoan eta modu eragingarrian gauzatu behar dituela estaduen laguntzen kontrolaren arloan Europar Batasunak hartzen dituan Erabagiak”, esan dau Iruarrizagak. Hori dala eta, Bizkaiak arauaren aldaketa hori egin beharko dau, Estaduko gobernuak daborduko egin dauen moduan.
Batzarretako talde guztiak arauaren aldaketearen alde agertu dira, beste ezer baino lehen, “derrigorrez bete behar dan” aldaketea dalako. Alemaniako talde batek egin dauen salaketatik sortu dan Europar Batzordearen erabagia “harmonizazino fiskal handiagoa” lortzeko beste pausu bat da, PPren eretxiz. Javier Ruiz talde horretako bozeroalearen berbetan, neurriak “zuzentasun fiskala eta soziala” erakusten dau, “danok bardinak izan behar garalako legearen aurrean”. Taldeek “merkataritza arloko jarduerea egiten dabe, milioi askoko aurrekontuak eta, sarri askotan, irabazi garrantzitsuak ditue”, esan dau, Athletic taldea aitatuz.
Antzeko eretxia erakutsi dabe Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek. Asun Merinero talde moreko batzordekideak esan dauenez, orain arte futbol taldeek “pribilegiozko” tratamendu fiskala eben, eta zerga tasa baxuagoaren “onurak lortu ditue”. Hori dala eta, ordaindu ez dabena “itzuli” beharko leukie. Aldundia kritikau dau, “zuzenketea agindu baten ondorioz” heldu dalako, “eta ez Aldundiaren bearen erabagiz”.
Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, bere aldetik, “errazoi osoz” erakunde horreek ezin dirala irabazi asmorik bako erakunde moduan ulertu esan dau. “Irabazi asmorik bako ze erakundek dauka 19,6 milioi euroko irabazia, Athletic taldeak moduan?”, galdetu dau. “Egia da irabaziak ez dituela bazkideen artean banatzen, baina hori ez da nahikoa tratu mesedegarria izateko”, adierazo dau.
Alexia Castelo sozialistak, “batzuek”, orain arte ezelango arau aldaketarik planteau ez daben arren orain “gurdira igoten dirala” kritikau ostean, Foru Ogasunak, Athletic taldeak kopururen bat “itzuli” behar dauen ala ez erabagi behar dauela orain, esan dau.
EAJ-PNVren eretxiz, arautegiaren aldaketearen helburua “segurtasun juridikoa bermatzea” eta kirol erakundeen arteko “tratu mesedegarria” baztertzea da, baina Ainara Aretxabaleta batzordekide jeltzaleak argitu dauenez, “Aldundiak, orain arte, lege esparrua aplikau dau”.
BATZAR NAGUSIEN AGINDUEN BETETE MAILEA
Saio berean, 2015eko irailaren 1etik 2016ko irailaren 1era bitartean Batzar Nagusietan onetsi diran arauz besteko proposamenen artean Foru Aldundiak bete dituanen kontrolari jagokon txostena aurkeztu dau Aldundiak, Bizkaiko Batzarren arautegiaren 179. artikulua beteteko.
Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak azaldu dauenez, txostenak, osoko saio batean aurkezten dan lehenengoak, azkenengo urtean Bizkaiko Batzarretan onetsi diran arauz besteko “79” proposamenen betete mailea jasoten dau. Horreetatik “51” Foru Aldundiari jagokoz zuzenean, eta “28” beste erakunde batzuei. Azken horreen artean, Bengoetxeak azpimarratu dauenez, “lautan” Aldundiak ekimenaren “izpiritua” bereganatu dau.
Bengoetxeak azpimarratu egin dau, baita be, Aldundiak proposamenen “%100a beteteko beharrezkoak diran neurriak jarri dituala”, baina Bizkaiko Foru Aldundiari jagokozan berrogeita hamaiken artetik “28” “gauzatzeko bidean” dagozala une honetan, osorik beteteko epea “laburra” izan dalako. Foru Aldundiak bete dau daborduko arauz besteko “23” proposamen gauzatzeko agindua.
Diputatu andreak Batzarrek onetsi dituen 51 proposamen horreek aitatu ditu: Herri Administrazio, Ogasun eta Finantza eta Gizarte Ekintza sailek bina izan ebezan. Bost Enplegu sailari jagokoz, sei Iraunkortasun eta Ingurune Naturalari, eta beste zazpi Ekonomiaren Garapen Sailari. Proposamen gehien bete behar izan dituen sailak Garraioak eta Euskera eta Kultura dira, arauz besteko hamabi eta hamabost proposamenakaz, hurrenez hurren.
2014KO KONTU OROKORRA ETA ALKARRIZKETARAKO MAHAIAREN DEIALDIA ONETSI DIRA
Osokoak, 2014. urteari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorra onetsi dau. José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak egin dauen atal ekonomiko-finantzazkoen laburpenak Batzarren on-eretxia jaso dau, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen eta Talde Mistoaren aldeko botoei esker. PPk eta Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dabe, eta EH Bildu abstenidu egin da.
Gainera, Bizkaiko Batzarrek aho batez onetsi dabe Bizkaiko Alkarrizketa Zibilerako Mahaiaren deialdia eskatzea, EAJ-PNVk, PSE-EEk, EH Bilduk, Podemos Bizkaiak eta Talde Mistoak aurretik lortutako akordioaren ostean.
Testuan jasoten danez, Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaria egiten deutsie Gizarte Ekintzako Foru Sailari, Alkarrizketa Zibilerako Mahaiaren lehenengo bilerea “ahalik eta arinen” deitzeko, “mahaiak berak, bere lehentasunak kontuan izanda, eta bere jarduketa eremuaren barruan, aurrera eroatea erabagiten dituan gaiak lantzeko, aurreko legealdietako esperientzia kontuan izanda”.
Batzar Nagusiek ekimen horren baliozkotasuna berresten dabe, eta erakunde horri, “gizarte arloko politikak eta foru sektore publikoko eta gizarteko esku-hartze arloko gizarteko hirugarren sektoreko beste ekimen batzuk bideratuko, bultzatuko eta ebaluauko dituen ekimenak gauzatzea” eskatzen deutsie.
EZ DIRA ONARTU UDAL FINANTZIAZINOAREN ETA AHT BILBON SARTZEAREN GAINEKO MOZINOAK
Saioaren azken partean, Batzarretako taldeek beste mozino bi eztabaidau ditue, baina bata be ez da onetsi. Podemos Bizkaiak Bizkaiko udalerri batzuen (Etxebarri, Karrantzako harana, Zaratamo, Orozko, Gorliz, Bermeo eta Zaldibar) eskaria jaso dau, udal finantziazino “zuzenagoa” ezarri daiten. PP eta Talde Mistoa alde agertu dira, EH Bildu abstenidu egin da eta EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu dabe.
PP taldeak, bere aldetik, Aldundia “laneko esparruetan” sartzea gura eban, Bilboko Udalagaz, Eusko Jaurlaritzagaz eta Sustapen Ministerioagaz batera, AHT Bilbon sartzeko lanetan laguntzeko, “ideen eta ekarpen ekonomikoaren” bitartez. Gobernua eusten daben talde biak –EAJ-PNV eta PSE-EE– popularren ekimenaren kontra agertu dira, lan horren finantziazinoa Gobernu Zentralari jagokola uste dabelako.