Aurreko Albisteak

Aldundiak ontzigintzako arotzeria "ezagutzeko poloa" sortzea proponiduko dau Bilboko Itsasadar Museoan

Bilbao

Foru Aldundia Bilboko Itsasadar Museoaren kultur eskintza hobetzeko prest dago, eta horretarako, Museoaren patronatuak egingo dauen hurrengo bileran, ontzigintzako arotzeria “ezagutzeko poloa” sortzea proponiduko dau, Lorea Bilbao Euskera eta Kulturako Foru diputatuak, Bizkaiko Batzar Nagusietan egin dan batzordearen aurrean izan dauen agerraldian Batzarretako taldeei jakinarazo deutsenez.

Bilbao, EH Bildu taldeak, Aldundiak Antxustegi atun-ontzia berreskuratzeko emon dituan pausuakaz erlazionauta planteau dituan galderei erantzutera joan da Bizkaiko Batzarretara. Euskalduna kai lehorrean erakusgai dagon arrantzontzia “egonkortu” egin da orain denpora gitxi, narrioa kontroletako.

Foru arduradunak azaldu dauenez, egurrezko itsasontzia eutsita dagon estrukturea eusteko egin diran beharrez baliauta (horreen artean eguraldi txarretik babestuko dauen estalgia instaletea dago), Foru Aldundiak, patronatuko kide moduan, etorkizunerako dituan planak azalduko ditu Bilboko museoko erabagi organo nagusiaren hurrengo bileran. Plan horreen barruan, ontzigintzako arotzeria “ezagutzeko poloa” sortzea dago, diziplina hori desagertuz doalako. Une honetan, “Estadu osoan Lanbide Heziketan be ez dago”, esan dau.

Patronatu barruan hartu beharko dan erabagi hori, “Museoaren programazinoa eta eukiak eguneratzeko” beharraren barruan sartuko da. “Gure eretxiz, gure Lurraldeak bultzatu behar dauen kultur eskintza aberasgarria da”, esan dau.

Horrez gain, Euskera eta Kulturako Foru diputatuak, bilera horretara Antxustegi itsasontzia berreskuratzeko “hiru aurrekontu” eroango dirala esan dau. Itsasontzia, izen bereko familiak laga eutsan museoari, Bizkaiko itsas ondareko beste pieza garrantzitsu batzuekaz batera erakusteko.

Bilbao bat etorri da Batzarretako gainerako taldeakaz, itsasontziak “berreraikuntzea” behar dauela esatean, baina une honetan dagon leku berean, “mobiduten badogu hautsi egingo dogulako”. Testuinguru horretan planteetan dau Foru Aldundiak “ezagutzarako poloa” sortzeko proiektua, egurrezko itsasontziak eregiteko edo konpontzeko, modu artisauan, iraganean gure lurraldean garrantzi handia izan eban lanbidea berreskuratu ahal izateko. “Holan, ezagutzea lortuko dogu” eta, aldi berean, “geure ondarea berreregiko dogu”.

Oposizinoak atun-ontzia berreskuratzeko prozesua arintzeko eskaria egin dau, “denporea aurrera doalako eta narrioa gero eta handiagoa dalako”, Meritxel Elgezabal EH Bilduko batzordekideak adierazo dauenez. Bere eretxiz, instalau diran “burdinazko euskarriei” esker itsasontzia egonkortu egin da, baina “gauzak oso gitxi aldatu dira itsasontzia berreskuratzeari jagokonez”.

Izan be, “bertan behera itzita eta tratu txarra jasaten dagolako”, SOS Antxustegi plataformeak demanda aurkeztu dau Justizia Epaitegi Gorenean, koalizino abertzaleko batzordekideak gogoratu dauenez. Salaketa horren gainean galdetuta, ekimena “errespetetan” dauen arren, Aldundiak gurago dauela alde batera geratu esan dau Bilbaok.


INDUSTRIA ONDAREA

Podemos Bizkaiak eskatutako beste agerraldi batean, hiru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren artean Euskadiko industria ondarearen plana egiteko orain arte emon diran pausuak aitatu ditu Aldundiko arduradunak. Bilbaok esan dauenez, lehenengo pausua, Eusko Jaurlaritza egiten ari dan ondarearen inbentarioa, “nahiko aurreratuta” dago.

Pausu horren ostean, “jarduketarako erespideak” bateratzea eta industria ondarea berreskuratzeko “lehentasunak eta epeak” ezartea etorriko dira, eta horretarako Industria Ondarearen Euskadiko Alkartearen, unibersidadeen eta arlo horretan espezializauta dagozan erakundeen laguntza izango da.