Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek hegazti fringilidoak harrapatzeko epealdia zabaltzeko eskatu deutsie Foru Aldundiari, hegaztiak itxian hazteko

Bilbao

Bizkaiko Batzar nagusiek, Hegazti fringilidoak bizirik harrapetea baimentzeko aukerea “barriro aztertzea” eskatu deutsie Aldundiari, hegaztiak itxian hazteko. Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak Talde Popularraren arauz besteko proposamen bat onartu dau, eta bertan eskaria egiten jako Foru Aldundiari, hegazti horreek bizirik harrapetea baimentzeko, “2018. urtera arte, hori barru, Estaduko eta Europako erregulazinoetan aurreikusten dan moduan”.

Eduardo Andrés PPko batzordekideak azaldu dauenez, eskari hori alkarte ornitologikoek eurek egin dabe, Bizkaiko Batzarretako Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzorde batean, talde horreek datozan urteetarako harrapaketa epealdia “preminaz” zabaltzea eskatu ebelako, 2016. urte honetatik bertatik hasita, espezie horreen harrapaketea irailean eta urrian egiten dalako.

Azkenean, Bizkaiko Batzarrek onartu egin dabe proposamen popularra, Euzko Abertzaleak taldearen aldeko botoagaz. EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak kontrako botoa emon dabe, eta ordezkari sozialistak abstenidu egin dira. Azken hiru talde horreek euren “zalantzak” erakutsi ditue, neurria kanpaina honetan martxan jarteari jagokonez, harrapetako epealdi egokia amaitzear dagolako. “Ez dago horrenbesteko preminarik, urriaren amaieran gagoz eta”, esan dau Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabalek.


ISURKETAK URDAIBAIN

Beste alde batetik, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andrea batzordearen aurrera etorri da, EH Bilduk eskatuta, abuztuaren bukaeran Oka errekan, Portuondo (Mundaka) ondoan, ustez izandako ur zikinen isurketaren gaineko informazinoa emoteko.

David Lopategi EH Bilduko batzordekideak esan dauenez, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan dagon inguru horretan, “3.500 udatiar” datozan garaiagaz bat etorriz, ur zikinen isurketak “eten barik” gertatzen dirala salatu dabe bertako biztanleek. Bere berbetan, udan errepiketan dan eta, beharbada jatorria pozu septiko batean izan daikean foku “puntual” hori izan zan “hondartzainek” bainetan ari ziran pertsonei “gehienez be 10 minutuko bainu laburrak” hartzeko aholkua emon izanaren errazoia.

Foru Diputatuak, uraren kalidadearen arloan Aldundiak eskumenik ez dauela adierazo ostean, inguru horretan ur zikinen ezelango isurketaren “barririk ez daukala” azpimarratu dau, bere egunean Eusko Jaurlaritzak emon eban informazinoan oinarrituta. Ohikoak diran kalidade kontrolen ostean, Osasun sailak arazoren bat aurkitu eban uraren kalidadean. Diputatu andreak jakinarazo dauenez, Gasteizko Jaurlaritzaren eretxiz, abuztuaren 29an aztertu zan uraren kalidade mailea “ez zan behar bestekoa” osasunaren ikuspuntutik, baina bainetako “ona” zala ulertu zan. Unzuetak esan dauenez, Aldundiak ez eutsien ezelango agindurik emon hareatzetako beharginei bainetea debeketako edo bainuaren iraupena laburtzea agintzeko.

Aldundiko arduradunak azpimarratu dauenez, Aldundia beti dago Eusko Jaurlaritzagaz hartu-emonetan, Bizkaiko hareatzetako erabiltzaileei emon beharreko mezuak emoteko, Osasun Sailak egiten dituan osasun kontrolak kontuan izanda. Unzuetak adierazo dauenez, une honetan egiten ari dan eta Urdaibaiko itsasadarraren ezkerraldea hartzen dauen kolektore orokorraren eraikuntzak etorkizunean gertatu daitekezan isurketa gertakariak saihestea gura leuke.