Gizarte Ekintzak "28 kexa" formal jaso ebazan Bizkaiko egoitzetan izandako 32 greba egunetan

Martiaren 17an greba jardunaldiak hasi ziranetik izandako gertakarien kronologiari jarraituz, Sánchez Roblesek adierazo dau bere sailak, garagarrilaren 8tik 14ra bitartean deitutako grebea dala eta pertsona nagusien gizarte zentroetan bizi izan ziran egoeren gaineko “jakinarazpena” bideratu eutsala gitxieneko zerbitzuak agintzeko eskumenak dituan Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzari. Aitatutako greba deialdi hori bosgarrena izan zan, eta %50 eta %60 arteko gitxieneko zerbitzuak izan ebazan azkena.
Aldundiko teknikariek eta alkargoko kide diran osagileek egindako ikuskapen aktatan oinarrituta gauzatutako jakinarazpen horretan, Aldundiaren eretxiz “lehen mailako puntuak” diranetan egoitzatan izandako egoerea jakinarazo jakon Eusko Jaurlaritzari: elikadurea, garbiketea, osasunagaz erlazionautako zainketak eta bertan dagozanen segurtasuna. Lan zuzendaritzari bideratu jakon idazkian argi adierazo zan Foru Aldundiak eukan “konpromisoa”, “ezelango egoeratan ez daiten tratu txar egoerarik gertatu, ezta greba egoeretan be”. Berbaz berba, “tratu txar instituzionaleko egoeren aurrean” egon eitekeala erakusten eben “ebidentziak” jakinarazo ebazan Aldundiak.
Diputatu andreak esan dauenez, jakinarazpen hori izan zan hurrengo greba deialdian –irailaren 21etik urriaren 4ra bitartekoan– laneko agintaritzak gitxieneko zerbitzuak “%70eraino orokorrean” eta “%80raino zentroetan behar gehien egiten dan uneetan” igotea erabagitearen zergaitia.
Diputatuak azaldu dauenez, greba jardunaldi horreen aurreko egunean, Aldundiak jarduketarako protokoloa ezarri gura izan eban bere Saileko Ikuskapen zerbitzuan aritzen diran beharginentzat, Bizkaiko gizarte zerbitzuetako zentroetako “erabiltzaileen arreta integralerako eta osasunerako eskubidea bermatzeko, arreta faltea eta euren funtsezko eskubideak urratzea eragin daikien egoeratan”.
Sánchez Roblesek adierazo dauenez, Aldundiak “zorrotz” jarraitu eban agindu hori, eragin gehieneko zentroetan batez be, eta jarduketa horretatik sortu ziran “azkenengo greba jardunaldiko hainbat kontsiderazino”. Diputatu andreak, “batez beste 15 eta 30 minutu arteko atzerapena aitatu dau armosua, bazkaria edo afaria emoteko orduan”, edo “30 minututik gorakoak izan ez diran atzerapen orokorrak pertsonak ohetik altxeteari jagokonez”. Zainketeari jagokonez, “kasu batzuetan egiaztau ahal izan da ez dala zainketarik egon erabiltzaile asko egozan gune komunetan”, esan dau. Dana dala, “orokorrean”, bete egin dirala erabiltzaileen jarteko edo ohean egoteko moduen eta xurgagailuen aldaketak, eta sendatzeek “ez dabela eraginik jasan” esan dau Sánchez Roblesek. Oinarrizko higieneari jagokonez, zentroek “gitxienez astean dutxa bategaz jarraitu eben, eta batzuek bi; eta beste zentro batzuek programautako higiene guztiakaz jarraitu dabe”.
Hori dala eta, datu horreetan oinarrituta, Sánchez Roblesek balorau dauenez, azkenengo greba deialdiaren eragina aurrekoak baino “nabarmen txikiagoa” izan da erabiltzaileentzat, greba jardunaldiak luzatu diran arren. Grebaren ondorioz, bere sailak “findu” egin ditu Ikuskapen eta jarraipenerako mekanismoak, eta horretarako eskumenak dituen agintaritzak gitxieneko zerbitzuak zabaldu egin ditu.
Aldundiko arduradunak behin baino gehiagotan esan dau Aldundiaren egitekoa “pertsona nagusien duintasuna eta integridadea zaintzea dala”, eta “greba egunetan puntu horreek eraginak ez jasatea”. “Beste ezer baino lehen egoera zaurgarrian dagozan pertsonak dira, beharginen errebindikazinoak errespetetan doguzan arren”, esan dau, eta horren ostean, lan arloko gatazkea “ahalik eta arinen konpontzea” gura dauela adierazo dau.
BATZARRETAKO TALDEAK
Batzarretako taldeak bat etorri dira diputatu andreagaz, grebari esker, lurraldean dagozan nagusientzako zentroetarako gura dogun kudeaketa ereduaren gaineko “eztabaidea zabaldu egin dala” esatean. Arturo Aldecoak (Talde mistoa) esan dauenez, beharbada “hirugarren adinekoen arretaren eta titanioaren artean aukeratzeko” unea izan daiteke, biztanleriaren piramidearen eboluzinoa ikusita gaur egungo ereduak “ez dauela funtzionauko” pentsau daitekelako. Konponbiderako “gogoeta sakona” egin behar da.
PP taldeak, Eduardo Andrés batzordekidearen ahotan, Aldundiak bere ikuskapeneko mekanismoak hainbat hilebete lehenago zabaldu ez izana tamalgarria dala esan dau, grebek iraun eben bitartean nagusien egoitzetan zer ari zan gertatzen jakiteko. Diputatu andreak eta EAJ-PNVko Batzarretako taldeak bagilean eta garagarrilean “egia ezkutau” ebela esan dau, “ez zala ezer gertatzen eta tratua egokia zala” behin eta barriro esaten ebelako, garai haretan daborduko “tratu txarreko egoerak” gertatzen ari ziran arren.
Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak “kalidadeko enplegua” eskatu dau, egoitzetako erabiltzaileen “duintasuna bermatzeko”, arazoaren jatorria egoitza pribaduetako beharginen soldatan dagolako, sare publikoan baino “%40 eta %60 artean gitxiago” kobretan dabelako eta, gainera, lan karga “handia” jasaten dabelako.
Josu Unanue EH Bilduko bozeroalearen eretxiz, sindikatuek kritiketan dituen lan baldintza horreek “zerbitzu txarragaz lotuta dagoz”. “Grebak agerian itzi dau sektorearen errebindikazinoa dan arazoa”. Egoitza publiko edo pribadu batean behar egitearen arteko aldeak be aitatu ditu, eta diputatuari Bizkaian egiten dan kontzertazino moetaren gainean galdetu deutso “enpresa batzuk milioi askoko irabaziak lortzen ari diralako”.
Foru Gobernua eusten daben Batzarretako taldeek –EAJ-PNV eta PSE-EE– euren aldetik, Aldecoak beste eredu bat aztertzeko egin dauen proposamena jaso dabe. Juan Otermin sozialistak eskaria egin dau “hemen –Batzar Nagusietan– eta Eusko Legebiltzarrean etorkizunerako gura dogun eredua eztabaidetako”. Jon Sánchezek, bere aldetik, “euren eretxia argi eta garbi azaltzera” eta “eredu bakotxaren kostuaren gainean berba egitera” animau ditu oposizinoko taldeak.
Bere esku-hartzean, batzordekide jeltzaleak kritikau egin dau Bizkaiko egoitzetan nagusitasuna dauen sindikatuaren bidearen nondik norakoa, adierazo dauenez, 2014an sinau zan hitzarmena “oso ona” zala esatetik bi urte geroago hitzarmen bera kritikatzera pasau dalako. Holan, sindikatu “batzuek” egiten daben behar “politiko-soziala” definidu dau, eta Aldundiak egindako Neurbi azterlan soziologikoa jarri dau mahai gainean. Azterlan horretan, beharginek “2,80 eta 4,01 puntu” arteko noteagaz baloretan eben gizarteko eragileen beharra.
Egoitzetako lan gatazkaren kasuan, Aldundiari zerbitzuak gainbegiratzea jagokola esan dau Sánchezek, eta ez beharginen eta enpresen arteko lan gatazka bateko “bitartekaria” izatea, laneko hartu-emonen ereduan aldaketaren bat ez badago.
ARRETA GOIZTIARRARI BURUZKO FORU DEKRETU BARRIA
Beste alde batetik, saio berean, PP taldeak, 2015eko martian Batzar Nagusiek onartutako arauz besteko proposamena kontuan izanda, arreta goiztiarreko norbanako laguntzak zabaltzeko hartu diran neurrien gaineko azalpenak eskatuko deutsaz Sánchez Roblesi. Diputatu andreak azaldu dauenez, informazinoa emoteko behar hori Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailetik bertatik egin zan, ikastetxeetara bialdu ziran gutunen bitartez.
Diputatu andreak saioan iragarri dauenez, “urte amaierarako” prest egongo da daborduko administrazinoen arteko “koordinazinoa” eta laguntza horreek eskuratzeko “bidea” arautuko dauen foru dekretua. Eskarien “sarrerako puntuak” Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikastetxeak eta “Berritzeguneak” izango dirala esan dau Sánchez Roblesek. Aldundiak erabilten dituan azkenengo datuek “2.000 aurre-inskripzino” eta arreta goiztiarrerako laguntza horreen onuradun izango diran “600 ume” erakusten ditue.