Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak gizarteratzerako laguntzen erdia gastau dau irailaren 30erako

Bilbao

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Foru Diputatua Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur goizean, PP taldeak eskatuta, aurton gizarte inklusinora bideratu diran laguntza ekonomikoen barri emoteko, eta baita etxe bako pertsonei zuzenduta dagon Habitat Bizkaia programearen barri emoteko be, oraingo honetan Talde Mistoak eskatuta.

Laespadak iragarri dauenez, bere sailak gizarte bazterketaren kontra burruka egiteko laguntza ekonomikoak emotera zuzendutako aurrekontuaren “%49,41” gastau dau daborduko, urte osorako aurreikusi ziran “586.118,31” euroetatik. Kopuru horrek erakusten dauenez, holango laguntzek 2012tik erakusten daben beherako joereagaz jarraitzen dabe, eta aldaketa horren zergaiti “nagusia”, laguntzak jasoten dituen pertsonen “soslaiaren aldaketea” da.

Laespadak azaldu dauen moduan, RGI izenekoagaz bateragarriak ez diran laguntza horreek, oinarrizko beharrakaz lotutako gastuak estaltzera eta gizarteratzeko edo lan munduan sartzeko prozesu baten ondorioz sortutakoetara bideratzen dira. Aldundiak egiaztau ahal izan dauenez, azken urteetan laguntza ekonomiko horreen eskatzaileen kopuruak behera egin dau nabarmen. 2012an “450 pertsona” onuradun izan ziran, eta 2016ko lehenengo bederatzi hilebeteetan “104” pertsona izan dira. 2013an, eskaria “387” eskaeratan geratu zan; 2014an “276” izan ziran; eta 2015ean “209raino” jatsi ziran.

Joera hori ikusita, Aldundiak laguntza ekonomiko horreek “barriro planteetea” erabagi dau, pertsona onuradunen eremua beste talde batzuetara be zabalduz, “genero indarkeriaren biktima diran emakumeei edo daborduko gurasoen etxetik kanpo bizi diran 23 urte arteko gazteei”. Diputatu andreak iragarri dauenez, 2017an beste Foru Dekretu bat onetsiko da. Araudia aldatzeko lan taldea osotuta dago daborduko.

Batzarretako taldeak bat etorri dira diputatu andregaz, gizarteratzera bideratzen diran laguntzen araudia aldatzea “preminazkoa” dala esatean, soslaia aldatu egin dalako. EH Bilduko lekuetatik, aldaketa horregaz batera diru-kopuru handiagoa bideratzea eskatu dabe, zifrek kontrakoa esaten daben arren, “kaleko errealidadea beste bat dalako”, Josu Unanue bozeroaleak adierazo dauenez.

ETXE BAKO SEI PERTSONEK ETXEBIZITZEA DAUKIE, HABITAT BIZKAIA PROGRAMARI ESKER

Bizkaian etxe barik dagozan pertsonei zuzenduta dagon Habitat Bizkaia programearen ebaluazinorako metodoa ezagutzeko Talde Mistoak eskatu dauen beste agerraldian Laespadak adierazo dauenez, une honetan “6 pertsona” dagoz daborduko Bizkaiko hainbat herritan, eta beste “14” “ebaluetan” dabilz, Bizkaian aurrera eroaten ari dan eta joan dan garagarrilean martxan jarri zan “House in first” (etxebizitzea lehenengoa) filosofian oinarrituta dagon lehenengo programa pilotua osotzeko prozesuaren barruan.

Etxe bako pertsonei bizilekua emoteko erabilgarri dagon etxebizitza parkearen gainean galdetu dauen oposizinoari erantzunez, Laespadak esan dau “zortzi” lurraldeko hainbat udalerrik lagatakoak dirala, eta beste “hamabi”, barriz, merkadu pribadukoak.

Programea ebaluetako metodoari jagokonez, Laespadak esan dauenez, “barritzailea” izango da, esperientziaren diagnostiko “dinamikoa eta etenbakoa” egingo dauelako eta, bere berbetan, horrek programan hobekuntzak sartzeko aukerea emongo dau, beharrezkoa izan ezkero. Programaren onuradunek eta “erreferentziazko” erakundeek osotutako jarraipeneko batzordeak egingo dau ebaluazino hori.