Ekonomia eta Ogasun batzordeak aho batez abalau dau kirol talde profesionalen tratamendu fiskalaren aldaketea

Gaur goizean Bilbon alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasun batzordeak aho batez onartu dau kirol talde profesionalen tratamendu fiskala aldatzen dauen Foru Arau proiektua. Aldundiak aurkeztu dauen artikulu bakarreko testuak aldatu egingo dau, osokoan berretsi eta gero, Soziedadeen Zergea, irabazi asmorik bako erakundeak zirala ulertzen zanez lehen mailako futbol taldeek eukiezan kenkari jakin batzuei jagokenez.
Aldaketa horren zergaitia, Foru Ogasuna, 2016ko garagarrilaren 4ko Europar Batasunaren Ebazpenera egokitu behar dala da. Ebazpen horrek Estaduaren laguntza moduan hartzen dau futbol taldeek soziedade anonimoakaz alderatuta lehiatzeko orduan abantailea izatea. PSE-EEko Alexia Castelok gogoratu dauenez, Espainiako Estaduak egin dau daborduko antzeko aldaketea eta orain esparru komunak derrigortzen dauenez, Euskadiko foru ogasunek be pauso bera emon beharko dabe. Oraindino “erabagi” barik dago ebazpen hori dala eta kirol taldeek dirua “itzuli beharko ete deutsien” Foru Ogasunari. Osoko Bilkuran onesten bada, arauak egun horretatik aurrerako zerga epealdietarako izango dau eragina.
PARADISU FISKALEN KONTRAKO NEURRIAK
Batzorde berean Podemos Bizkaiaren Arauz besteko proposamena be eztabaidau da, Bizkaiko Foru Aldundiak paradisu fiskalen kontrako neurri jakin batzuk hartu daizan. Zehatzago esanez, talde moreak eskaerea egin dau, Bizkaiko Batzarrek eskaria egin deioen Foru Aldundiari, “Paradisu fiskaletan egoitzaratuta dagozan edota han egotea justifikatuko leuken jarduera ekonomikorik ez daukien enpresak kontratazino publikotik kanporatzeko”; “Enpresa handien gardentasuna eta kontu emotea bermatzeko”; “Paradisu fiskalakaz egin daitekean edozein eskualdaketearen ganeko zergak jarteko”; eta “Espainiako Diruaren kontrol eta zuritze zerbitzuari informazinoa bialdu daigula eskatzeko”.
Bizkaiko Batzar nagusietan ordezkaritzea daukien talde gehienek ez dabe ekimena onetsi. EH Bildu izan da Podemosen proposamenaren alde agertu dan bakarra, Arantza Urkaregi batzordekideak onartu dauenez, beste erakunde batzuen eskumenetan sartzea eragin daikean arren. “Helegite posibleen aurrean kokiltzen bagara, ez dogu inoiz ezer egingo” paradisu fiskalen aurrean, esan dau. “Zeozer egin ahal izango dogu Bizkaitik”, gehitu dau Mikel Isasi Podemoseko batzordekideak, eta, gehitu dauenez, aurkeztutako neurrien paketeak nazinoarteko Oxfam erakundeak emondako aholku gehienak jarraitzen ditu.
EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa Podemosen ekimenaren kontra agertu dira, eta bat etorri dira neurri horreek eskumenakaz erlazionautako arazoa planteetan dabela esatean. “Iruzurraren eta paradisu fiskalen kontra burrukau beharragaz bat gatozan arren, neurri horreek geure eskumenen esparrutik kanpo geratzen dira”, adierazo dau Alexia Castelo sozialistak. Bere eretxiz, Batzar Nagusiek, araudi mailan, Soziedadeen eta Errentaren zergatan, paradisu fiskaletan aritzen diran enpresen “oinarri zergagarriak murrizteko aukerea gaitzago bihurtzea” bilakatzen daben neurri zehatzak onetsi ditue.
Soziedadeen Zergan eragina daben neurri horreen artean, Castelok hainbat aitatu ditu: Bizkaiko lurraldean aritzen diran enpresen “egoitza presuntzinoa”; “paradisu horreetako eragiketakaz lotutako zerbitzuak” gastu kengarri moduan ez hartzea; “dibidenduen banaketaren eta partaidetzen transmisinoaren salbuespena” ez apliketea, ezta “jaubetza industrialaren lagapenetik sortutako errenten murrizketea” be. Gainera, Bizkaiko foru araudiak, –batzordekide sozialistak esan dauenez– paradisu fiskaletan bizi diran pertsonakaz egindako eragiketak merkaduko balioan kontabilizetera eta holango trantsakzinoen oinarri zergagarrietan kopuru jakin batzuk sartzera” behartzen dau.