Bizkaiko Batzar Nagusiek, Barakaldo eta La Arena hareatzaren arteko autobus loturea udaroan hobetzeko azterlana eskatu dabe

Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordea gaur goizean alkartu da, Batzarretako oposizinoak aurkeztu dituan hainbat ekimen lantzeko. Horreetako bat, Aldundiak Barakaldoko eta La Arena (Muskiz) hareatzaren artean eskintzen dauen autobus zerbitzuagaz dago erlazionauta. Batzarretako talde guztiek, abstenidu egin dan PPk izan ezik, Garraio Foru Sailari Udaroan hareatza horretara eskintzen dan “Bizkaibuseko zerbitzua hobetzea eskatzen daben Barakaldoko herritarren eskaria” aztertzeko eskatzen deutson EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eskea onetsi dabe.
Idea, Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen batetik sortu da. Bertan, Ezkerraldeko udalerriaren eta jende gehien jasoten dauen Bizkaiko hareatzaren artean autobus zerbitzu “zuzena” martxan jartea planteetan zan hasieran. Nuria Atienza batzordekidearen eretxiz, holan Barakaldon “eskari handia” dauen zerbitzua eskiniko litzateke, gaur egun eskintzen dan zerbitzu bakarra Areetatik datorrelako eta eguraldi ona egiten dauenean Barakaldora “beteta" heltzen dalako.
Jesús Isasi batzordekide popularrak bere abstentzinoa justifiketako orduan, euren ustez jeltzaleen eta sozialisten zuzenketa-eskea jatorrizko proposamenaren alde ez agertzeko “arpegi garbiketea” baino ez dala esan dau. Batzordekide popularrak esan dauenez, beste udalerri batzuetatik (Getxo eta Bilbo) datozan linea bi igaroten dira Barakaldotik –A3338 eta A 3336– eta horreek ez dira nahikoak eskariari erantzuteko.
EAJ-PNV eta PSE-EEren eretxiz, barriz, euren zuzenketa-eskeak jatorrizko testua hobetu egiten dau, Aldundiak “aukera guztiak” aztertu ahal izango ditualako, linea barria ezarteagaz erlazionautakoak eta gaur egun eskintzen diran zerbitzuak udaroan indartzeagaz edo zabaltzeagaz erlazionautakoak.
URDUÑA-GALDAKAOKO OSPITALEA LINEA
Saio berean, Bizkaiko Talde Popularrak, Goi Nerbioitik (Urduña) Galdakaoko Ospitalera garraio linea bat ezarteko Eusko Jaurlaritzagaz izandako “bileren eta alkarrizketen” gainean galdetu deutso Vicente Reyes Garraio Foru Diputatuari.
Aldundiko arduradunak esan dauenez, alkarrizketa horreek Osakidetzari informazinoa eskatzera mugatu ziran, asteburuetan ospitale horretara doazan bidaiarien eskari posiblea aztertzeko eta garraio publikoaren inguruan erabagia hartzeko kontuan izateko.
Bere erantzunean, Eusko Jaurlaritzak jakinarazo eban 2015ean Aiarako bailaratik ospitalera joandako pertsona kopurua “118koa” izan zala, urteko larunbat guztiak kontuan izanda. Zifra horreek, zapatuetan “3,58 pertsona” eta domeketan “3,3” pertsona joaten dirala erakusten dabe, eta hori ikusita, Sailak Bizkaibuseko zerbitzu bat ezartea “ez zala beharrezkoa” ondorioztatu eban, Reyesek justifikau dauenez.
GALDAKAOKO LANZADERAK ERABILTZAILE KOPURUA BIKOIZTU DAU
Beste alde batetik, EH Bilduk diputatu sozialistaren presentzia eskatu dau Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordean, Galdakaoko lanzadera zerbitzua dagon moduan, Etxebarriko metro geltokira joan beharrean Boluetako metro geltokiraino egiten dauen ibilpideagaz, jarraitzeko erespide “teknikorik edo politikorik” egon ete dan azaldu daian.
Reyesek esan dauenez, orain urtebete Aldundiak behin betiko konponbidea erabagi eban, eta, bere berbetan, erabagi hori “pozgarria izan da” udalerri bientzat, Galdakaorentzat eta Etxebarrirentzat, herri horreetako alkateek esan deutsienez. Diputatuak esan dauenez, gaur egun egiten dan ibilpideak 160 metroko aldea baino ez dauka aurrekoagaz alderatuta, eta ez dago zerbitzua aldatzeko arrazoirik, maiatzeko datuek erakusten dabenez, linea hori erabili daben erabiltzaileen kopurua aurrekoaren “bikotxa baino zeozer gehiago” izan dalako. 2015eko maiatzean “27.910” bidaiarik erabili eben lanzaderea, eta urte honetako hilebete berean, barriz, “58.897” bidaiarik.