Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu Aldundiaren esku dagozan San Mameseko palko bien erabilerea aldatzerik

Bilbao

Gaur goizean alkartu dan Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordeak erabagi dauenez, Aldundiak gaur egungo erespide berberakaz jarraituko dau, San Mames Barriako bazkide danez, Athletic taldeagaz dauen kontraprestazino akordioan oinarrituta San Mamesen dituan palko bien kudeaketeari jagokonez. Batzarretako taldeek ez dabe onartu Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamena. Proposamen horretan, partidu egunetan Aldundiak dituan 22 jarlekuetakoren bat erabili ahal izateko modua aldatzea gura eban.

Asun Merinero talde morearen ordezkariak azaldu dauenez, bere ekimenaren bitartez plaza horreei egiteko “soziala” emotea bilatzen eban, eta baita “VIP” gune horreek herritarrei zabaltzea be, horreen arteko “%20” bizkaitarrentzat gordez, prozedura “antolatua” eta gaur egungoa “baino logikoagoa” erabiliz. Podemos taldearen ordezkariaren eretxiz, Aldundiak aurrera daroan erespidea ez da egokiena, palko horreen erabilerea “Erakunde harremanetarako” lekua izatera mugatzen dalako, eta, bere eretxiz, harreman horreek “beste leku batzuetan” egin daitekezalako. Bere proposamenean, “Foru Aldundiko karguek eta aholkulariek” palko horreek erabili ezin izatea be planteetan eban, bere eretxiz, “parte nagusian” diru publikoz ordaindu dan zelai barriko gune “pribilegiaua” dalako.

Podemos Bizkaiaren ekimenak ez dau beste taldeen ezelango babesik lortu Bizkaiko Batzarretan, bere ordezkari biak izan diralako aldeko botoa emon daben bakarrak. EH Bildu taldea abstenidu egin da bozketan, baina gai horren gainean daborduko “luze eta zabal” egin dala berba esan dau. David Lopategi EH Bilduk batzordean dauen bozeroaleak bere “zalantzak” erakutsi ditu Podemos taldeak Aldundiko karguak edo ordezkariak kanpoan izteko agertu dauen asmoaren aurrean, eta puntu horretan bat etorri da proposamen “morearen” kontrako botoa emon daben Batzarretako gainerako taldeakaz –EAJ-PNV, PSE-EE eta PP–. “Oinarrian, ados gagoz proposamenaren gainerakoagaz”, baina koalizino abertzalearen ordezkariak kritikau egin dau palkoen existentziaren beraren azpian dagon filosofia. “Nahikoa izango litzateke futbolera konbidatzeagaz”, ohiko jarlekuetara, eta ez beharrezkoa ez dan “oparia” diran jarleku berezi horreetara.

Javier Ruiz PPko bozeroaleak, bere aldetik, palkoen existentzia “aukerea dala, eta ez arazoa” esan dau, eta ohikoak dirala Europako estadio gehienetan. Erabilera “mistoaren” aldeko apustua egin dau, espazioa “Erakundeen konpromisoen eta herritarren artean banatuz”. Kontuan izan behar da Aldundiak dituan 22 jarleku horreek, estadioak dituan “54.000 plazen %0,04 baino ez dirala”. Hori dala eta, bere eretxiz, Podemos taldea gai horri “larregizko” garrantzia emoten ari da. Talde popularreko batzordekidearen eretxiz, “arrazoizkoa” da Aldundiak bere egunean aurkeztu eban konbidatuen zerrendea, bertan, “EAJ-PNVko jendeaz” gain, “gizarte zibileko eta gizarte izaerako alkarteen arloko” pertsonak egozalako. Halanda be, zozketa baten bitartez herritar guztiei bertara joateko aukerea zabaltzeko formula bat bilatzearen alde agertu da.

“Behin eta barriro” agertzen dan gaia planteeteagaitik Merinero kritikau ostean, Alexia Castelo batzordekide sozialistak gaur egungo erabilerak “egokiak” dirala esan dau, Aldundiak azaldu eban zerrendea kontuan izanda. PSE-EEk kritikau egin dau Podemos taldeak, bere proposamenean, gizarte arloko bazterketaren esparruan behar egiten daben erakundeak baino ez jasotea, beste erakunde batzuk kanpoan itziz. Ez dator bat Aldundiko karguei bertara joaten ez izteagaz, Aldundia anfitrioia bada, bertako kideek “laguntzeko, konbidatuakaz egoteko” beharra daukielako.

Euzko Abertzaleak taldeko Janire Bijueskaren eretxiz, Aldundiak markauta dauen erespidea “baliozkoa” da, eta talde moreak transmitidu gura dauen “gune pribilegiau” izaera horretatik urrun dago. Ibone Bengoetxea Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu andreak joan dan bagilean izan eban agerraldia gogoratu dau. Batzorde haretan, Aldundiak “barruko protokoloa” ezarri ebala azaldu eban, eta hori kontuan izanda, gonbidapenak “txandaka” egiten zirala, erespide bitan oinarrituta: alde batetik, “Aldundiagaz zelanbaiteko harremana daben erakundeak”, eta bestetik, “gizarteko eragileak, GKEak eta Aldundiagaz alkarlanean aritzen diran Hirugarren Sektorekoak”. Zelaira joateko eskakizun horreetan oinarrituta, palkoetara “Frantziako eta Estatu Batuetako enbaxadetako ordezkariak, toki administrazinoetako 37 ordezkari, kulturagaz, euskereagaz edo kirolagaz erlazionautako 21 pertsona, Bizkaian barrikuntzaren aldeko apustua egiten daben erakundeetako eta alkarteetako 44 kide eta hirugarren sektoreko 44 kide” joan dira, gogoratu dauenez. Bere berbetan, horrek argi eta garbi erakusten dau “palkoek ez dabela holango pribilegio izaerarik”.