Aurreko Albisteak

Aldundiak kurumino asiarraren "1.142 kabi" kendu ditu apiriletik

Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturalerako foru diputatu andrea Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera etorri da gaur, batzarretako taldeei Kurumino asiarraren egoerearen gaineko informazinoa emoteko. Bizkaiko Talde Popularrak eskatuta emon dituan datuak kontuan izanda, Foru Aldundiak “1.142 kabi” kendu ditu bost hilebetetan, Foru Aldundiaren eta Eudelen artean apirilean sinatu zan jarduketarako protokolo “barria” indarrean dagoanetik, joan dan irailaren 19ra arte, hain zuzen be.

Gai beraren gainean agerraldia egin eta urtebete geroago, kabi horreek kentzeko une honetan jarraitzen dan prozedurearen barri emon dau Unzuetak. Prozedura hori aldatu egin zan joan dan udabarrian, Aldundiak, egiteko hori Aldundiaren esku dagon Basalan soziedadearen esku geratzea erabagi ebanetik, eskilarak erabiltea eskatzen daben edo kabiak elektrizidade hariterien ondoan dagozan kasu “bereziak” suhiltzaileen esku itziz. Kabiak aktibo dagozala ziurtatuz Udalek be parte hartzen daben jarduketarako metodoak “hobekuntzea” dakar aurreko operatibeagaz alderatuta, Unzuetak esan dauenez, suhiltzaileek denpora gehiago daukielako beste zeregin batzuetarako. Batutako datuek erakusten dabenez, Basalanek “962 kabi” deuseztatu ditu, eta suhiltzaileek, barriz, “180” urteera egin ditue.

Aldundiko behar horren zergaitiak, udan, “velutina” moetako kuruminoaren ugaltze jarduerak gora egiten dauela eta bertako erle autoktonoak erasoten dituala dira. Garai horretan, Unzuetak jakinarazo dauenez, kontrolerako erabilten dan metodoa kabiak kentzea eta “obreroen tranpeoa” izenekoa egitea da. Azkenengo behar hori erlezainek eurek egiten dabe abuztutik aurrera. Foru diputatuak adierazo dauenez, jarduketa horreen gaineko datuak ezin izango dira emon erlezainek eurek egiten daben kanpainea bukatu arte, eta gauza bera gertatzen da kurumino asiarrak bertako erleen kabiei egindako erasoen gaineko datuakaz.

Unzuetak barriro gogoratu dauenez, espezie “inbaditzailea” bertan “geratzeko” heldu da gure lurraldera, Gipuzkoatik eta Frantzia hego-mendebaldetik, eta eskualde batzuetan beste batzuetan baino gehiago ikusten da. Aldundiko arduradunak argitu dauenez, espeziea ez da “mehatxua” gizakiarentzat, eta Aldundiak lankidetzan jarraituko dau erlezain profesionalen Bizkaiko sektoreagaz eta sektore horri laguntzeko emoten diran neurriak bultzatzen. Aldi berean, toki mailako eragileakaz izan behar dan koordinazinoa lantzen jarraituko dau eta herritarrei informazinoa emoteko kanpainak egingo ditu, oraindino be badagolako bertako erleen kolonietan kalte garrantzitsuak eragiten dituan espezie hori dala eta “bildurtuta bizi dan” jendea.

Halanda be, Unzuetak onartu dauenez, Foru Aldundiak eta erlezainek martxan jarritako lanek ez dabe lortuko espezie hori lurraldean zabaltzetzea saihestea. “Tristea bada be, zabaltzen jarraituko dau”, esan dau, adituek eurek emondako eretxia Batzarretako taldeetara zuzenduz.

Bizkaiko Batzarretako Iraunkortasun eta Ingurune Naturalerako Batzordean, diputatu andreak eta batzarretako taldeek, irailaren bukaeran, kurumino asiarraren kabi bat kentzen ari zala, Basalaneko behargin batek jasan eban eta heriotza eragin eutsan gertakari “negargarria” gogoratu behar izan dabe. Guztiek “euren mina eta familiarenganako gertutasuna” erakutsi dabe. Jeltzaleen lerroetatik adierazo danez, Osalaneko Ikuskaritzea istripua aztertzen ari da.


ARMADAREN MANIOBRAK URKIOLAN

Beste alde batetik, EH Bilduk egin dauen agerraldi eskaereari be erantzun deutso Unzuetak. Eskari horretan, talde horrek Espainiako armadak Urkiolan egindako maniobrak salatu ditu.

Aldundiko arduradunak esan dauenez, Aldundiko beharginek ezin izan dabe armadaren presentzia “egiaztau”, eta, hori dala eta, ez da ezelango zehapen espedienterik zabaldu, araudiak parke naturaletan holango jarduketak egitea debeketan dauen arren. Baina Unzuetak egiaztau ahal izan dau Armadak ez eutsela baimenik eskatu “ez ikututako Udalei, ez Parke Naturaleko Patronatuari ezta Aldundiari berari be”.

David Lopategi EH Bilduko ordezkariaren eretxiz, “ohiko jardunbidea” da ezelango jakinarazpenik egin barik ariketa militarrak egitea. Talde abertzaleak “jakin dauenez”, abuztuaren 30ean Espainiako Armadea “23 orduz” ibili zan maniobrak egiten Urkiolako Parke Naturalean. Josean Elgezabal Podemos Bizkaia taldeko batzarkideak be baieztu egin dau koalizino abertzaleak esandakoa, bere taldeak “jasotako informazinoak kontuan izanda”.

EAJ-PNVko batzarretako taldeak “arauak beteteko” eskatu deutso armadari, gertakariak baiezten badira, jarduketa “ez oso eredugarria” izango litzatekelako, Jesús Lekerikabeaskoak esan dauenez.

Eduardo Andrés PP taldeak batzordean dauen ordezkariak, barriz, armadak “eskatu beharreko” baimenak eskatu ebazala “seguru dagola” adierazo dau.