Aurreko Albisteak

Omenaldia Gernikan Agirre Lehendakariari eta lehenengo Eusko Jaurlaritzari

Ordezkaritza politiko eta instituzional zabalak hartu dau parte Gernikako Batzarretxean Eusko Jaurlaritzaren eta Jose Antonio Agirre lehenengo Lehendakariaren 80. urteurrena ospatzeko antolatu dan ekitaldi nagusian. Iñigo Urkullu egungo Lehendakaria buru dala, daborduko urrun dagon 1936ko urriaren 7 haretan Gernikan sortu zan lehenengo Jaurlaritzaren figurea omentzeko balio izan daben hainbat ekimen antolatu dira. Ezin dogu ahaztu Jaurlaritza haretako kideek oso gertakari gogorrak jasan behar izan ebezala Gerra Zibilean, Gernikaren bonbardaketea edo herbeste luzea, beste batzuen artean.

Omenaldiko ekimen horreen adierazpen nagusia gaur izan da, Gernikako Arbolaren ondoan, orain zortzi hamarkada, hain zuzen be, Agirrek zin egin eban leku berean. Ekitaldi hunkigarri eta jendetsuan Euskadiko ordezkaritza gorenak hartu dau parte. Urkulluk demokrazioako beste lau lehendakariak hartu ditu eskilaretan, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez. Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak gauza bera egin dau Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiagaz eta Jose Maria Gorroño Gernikako Alkateagaz eta gaur egungo Gobernu Kontseiluko kideakaz. Gobernu Kontseiluak ez ohiko saioa egin dau Foru liburutegian, lehenengo Gobernu Kontseilua egin zan leku berean.

200 musikari, dantzari, antzezle eta abesbatzako kide baino gehiago izan dituan ekitaldi sinbolikoak hainbat une hunkigarri izan ditu, bost lehendakariek Agirreren senideei egindako harrera ekitaldia edo senideek Gernikako Batzarretxeko Ohorezko Liburua sinatzea, adibidez, Gernikako Arbolaren azpian makilea itzi ostean.