Batzar Nagusietako osoko bilkurak Batzarretako taldeen ebazpenerako hamaika proposamen onetsi ditu
Gaur goizean Gernikako Batzarretxean egin dan Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkureak, joan dan asteko Politika Orokorreko saioaren jarraipena izan danak, Batzarretako taldeek aurkeztu dituen ebazpenerako hamaika proposamen onetsi ditu, eztabaidarako Gernikara heldu diran 24 proposamenen artean. Onetsi diranetako bost Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu dituenak dira, eta beste bost transakzionatuak izan dira, lau Talde Mistoagaz eta beste bat Bizkaiko Talde Popularragaz. Bukatzeko, osoko bilkureak popularren jatorrizko beste proposamen bat be onartu dau.
Batzarretako ekimenek, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak orain astebete Gernikan landu ebazan hainbat gai jasoten ditue. Saio horretan, legealdiko Politika Orokorreko bere lehenengo osoko bilkuran, bere gobernuak gertuko etorkizunerako dituan konpromisoak azaldu ebazan. Bere gain hartu ebazan erronkei, Bizkaiko Batzarrek gaur onetsi dituen ebazpenak gehituko jakez.
ONETSI DIRAN EKIMENAK
Osokoan onetsi diran ebazpenen artean, Aldundiko gobernua eusten daben taldeek aurkeztu dituen bost ekimen dagoz. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, kontratazino publikoan oinarrizko lan eskubideak bermatuko dituen, lanbakoen prestakuntzea eta “ekonomia zidarreztatua” eta “gizarte zerbitzuen karterea” bultzatuko daben eta lurraldeko garraio publikoan tarifen bateratzea sustauko daben neurriak bultzatuko dituen aginduak onetsi ditue, Aldundiari emon beharreko aginduak, hain zuzen be.
Holan, talde bien ekimen baten bitartez, Bizkaiko Batzar Nagusiek agindua emoten deutsie Bizkaiko Foru Aldundiari, lurraldeko Udalakaz koordinauta, “gizarte zerbitzuen karterea martxan jarteko beharrean aurrera egin daian, une honetako errealidadea ulertuz eta eskubide subjektiboak bermatuz”.
Gainera, osokoak agindua emon deutso Foru Aldundiari, Bizkaiko Garraioaren Mobikortasun Agintaritza egiten ari dan beharrak bultzatu daizan “tarifen integrazinorako sistemea sortzeko eta garraio publiko eskintzea koordinetako, batez be”.
Batzarrek emondako beste agindu bat, Ahaldun Nagusiak joan dan asteko osokoan aitatu eban “ekonomia zidarreztatua” terminoagaz dago erlazionauta. Jeltzaleen eta sozialisten testuan eskaria egiten jako Aldundiari, lurraldean “ekonomia zidarreztatua” bultzatzera zuzendutako estrategia egiteari “lehentasuna” emon deion, termino hori barrikuntzaren eta garapen ekonomikoaren ikuspuntutik aukera moduan, eta gure nagusien bizitza kalidadea eta ongizatea hobetzeko apustu moduan ulertuz”.
Horrez gain, Aldundiko gobernua eusten daben talde biek beste ekimen bat be atara dabe aurrera, Aldundiak “lan barik dagozan beharginen prestakuntzea eta koalifikazinoa bultzatu daian”, produkzinoko sektoreen eskariei eta etorkizuneko enpleguaren beharrei erantzungo deutsen kalidadeko enplegua bultzatzeko helburuz.
Horregaz erlazionauta, Batzarrek beste ekimen bat be onartu dabe, Aldundiak lurraldeko enpresa txikiek eta ertainek kontratazino publikoan daukien partaidetzea indartu daian, “oinarrizko lan eskubideak bermatuko dituen neurrien bitartez, gizarte, etika eta ingurumen arloetako erespideetan oinarritutako beste politika publiko batzuk barruan hartuz eta bultzatuz”.
AKORDIOAK TALDE MISTOAGAZ ETA PPGAZ
Beste alde batetik, Talde Mistoak akordioa lortu dau EAJ-PNV eta PSE-EE taldeakaz, aurkeztu dituan bost ebazpenetatik lau aurrera atarateko, horreen eukietan aldaketak sartuz. Horreetako batean, eskaria egiten jako Aldundiari, laneko eta familiako kontziliazinoa bultzatzeko eta lurraldearen gaur egungo eta etorkizuneko errealidade demografikoa arintzeko Eusko Jaurlaritzak definidu dauen estrategiagaz “bat egin daian”.
Bizkaiko Batzarrek onartu daben beste ebazpen transakzional bat Bizkaiko autonomoei eta enpresa txikiei eta ertainei zuzendutako “laguntza zerbitzua” martxan jartearen ingurukoa da, batez be urteetako ibilpidea dabenei eta ekintzailetzarako programa publikoetatik datozanei zuzendutakoa.
Eta transakzionautako talde mistoaren beste ebazpen proposamen biak, Arte Ederretako Museoan eta Itsasadar Museoan egin beharreko hainbat hobekuntzaren gainekoak dira. Hiru taldeek onetsi dituen testuek, alde batetik, beste erakunde batzuekaz akordioak bultzatzearen aldeko apustua egiten dabe, Arte Ederretako Museoko bildumen “balioan jarte handiagoa izateko” eta, bestetik, Bilboko Itsasadar Museoaren programazinoaren eta eukien “eguneratzea” lortzeko.
Bizkaiko Talde Popularragaz lortutako akordioari jagokonez, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek sintonia lortu dabe enpleguaren atalean. Hiru taldeek, Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren lehenengo jarduketa ardatzean –“Bizkaia jarduera ekonomikoagaz eta enpleguagaz”– jasoten diran ekintzen “garapenerako” eta horren ostean egin behar dan “ebaluazinorako” ebazpena adostu dabe, “gure lurraldearen erronka nagusiari, langabeziari” aurre egin ahal izateko.
Onartu dan azkenengo ekimenak PP taldearen sinadurea daroa. Bertan eskaria egiten jako Aldundiari, grebea indarrean dagon epealdietan, “zerbitzuaren kalidadea eta egoitzetako eta eguneko zentroetako erabiltzaileei arreta egokia eskintzen jakela bermatu daian”.
ONARTU EZ DIRAN EKIMENAK
Osoko bilkureak, barriz, atzera bota ditu Batzarretako beste talde biek aurkeztu dituen ekimen guztiak. Hasiera batean EH Bilduk bost defendidu ditu, eta Podemos Bizkaiak lau, baina, azkenean bi, egoitzetan dagozan pertsona nagusien arretearen gainekoak, batera aurkeztu ditue talde biek.
EH Bilduk barriro adierazo dau beharrezkoak dirala iruzur fiskalaren kontrako burrukarako “behatokia” eta garraio arloko “tarifa bakarra”, eta baita sentsibilizazino handiagoa hondakinen bilketa selektiboan be, 2017an halan eskatzen daben udalerri “guztiei” bosgarren edukiontziaren diru-laguntzinoa emonez.
Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, Energiaren Estrategia Iraunkorra 2020 izenekoa bultzatzea, herritarren partaidetzarako foru araua sustetea eta iruzur fiskalaren kontrako neurriak indartzea eskatu dau.
Bizkaiko Batzarrek onartu ez dituen ekimenen artean PP taldearen hiru be badagoz. Horreetan, popularrek familiei laguntzeko plana, metroaren 4. eta 5. lineak eregiteko bultzadea eta gaur egungo esparru juridikoaren aldeko jokaerea jasoten ziran.
Batzarrek ez dabe onartu Talde Mistoaren proposamen bat. Proposamen horretan “akordioa” eskatzen zan administrazino publikoen artean, Abiadura Handiko Trenak Bizkaiko uriburura izan behar dituan sarbideak eregiteko.
NAGUSIEN EGOITZAK ETA GUFE
Sindikatuek lurraldeko nagusien egoitzetan eta eguneko zentroetan orain arte aurrera eroan daben grebea eztabaidaren parte handian egon da presente. Osoko Bilkurak ez ditu onartu EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek gai horregaz erlazionauta batera aurkeztu dituen proposamen biak.
Talde biek eskaria egin dabe lurraldeko egoitzetako bertaratzeen ratioak mendekotasun mailaren arabera arautzeko, eta baita behargin kopurua handitzeko be, arretaren kalidadea hobetu ahal izateko. Beste proposamen batean, eskaria egin deutsie Aldundiari, “epe laburrean, ahal diran enplegu publiko deialdi guztiak” gauzatu daizan GUFEn, arreta zuzeneko lanpostuei “lehentasuna” emonez.