"2017. urtea azken hamarkadako garrantzitsuena izango da bizkaiarentzat"

Ahaldun Nagusiak legegintzaldiko politika orokorrari buruzko lehen osoko bilkurea zabaldu dau gaur Gernikako Batzarretxean; ekitaldian bere Gobernuaren lehen 15 hilebeteak aztertu ditu eta "errendimendu osoz egiten dauela lan eta esaten dauena beteten dauela" azpimarratu dau. Bere esku-hartzean Rementeriak aldi honetan garapen ekonomikoa eta enplegua, gizarte eta lurralde kohesinoa, administrazinoaren modernizazinoa eta hurbiltasuna edo nazinoarteratzea bezelako arlo estrategikoetan egin dituan ekintzen zerrendea egin dau. Ahaldun Nagusiak baieztu egin dau "urtea estua izango dan arren" bera eta bere taldea guztiz motibauta dagozala 2017. urtearen erronkari ekiteko eta "oso altu jarri dogun mugea" gainditzeko.
"Legegintzaldiko urterik garrantzitsuenaren aurrean gagoz. Nire ustez Bizkaiak azken hamarkadan izan dauen urterik garrantzitsuena izango da. Ikusten dodan moduan esaten dot: azken hamarkadako urterik garrantzitsuena. Seguru nago funtsezkoa izango dala enpleguaren, gazteriaren, pertsona guztien eta Lurraldearen etorkizunerako" adierazo dau Rementeriak. Gainera, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko estrategia barriak eta pertsonen arretaren arloko aldaketa sakonak iragarri ditu, Bizkaia modernoa eta hurbila lortzeko gakoak diran ekintzak, eta baita gazteak ardatz izanda Lurraldearen etorkizunerako ekintza estrategikoak be.
GAZTEEN URTEA BIZKAIAN
"Datorren urtea gazteen urtea izango da Bizkaian; Aldundiak ahaleginak eta bi egingo ditu gure gazteriak dituan aukerak areagotzeko. 2017. urtea mugea izatea gura dot, Aldundiaren eta gure gazteen arteko erlazinoan inflexino-puntua izatea. Ia ez gaitue ezagutzen, ia ez dakie zer egiten dogun. Hori arazoa da, baina baita aukerea be", azaldu dau Ahaldun Nagusiak.
Aldundiak 10 ildo prestau ditu Bizkaian gazteriak dituan laguntzak eta aukerak areagotzeko: gazteentzako enplegu anezka bat; ekintzailetasunaren arloko programa gehiago; Aldundiak eskintzen dituan praktiken eta beken kopuruak zabaltzea; Lurraldeko ikaslerik onena laguntzeko Bizkaia Bekea sortzea; bost beka Bizkaian etorkizunean estrategikoak izango diran sektore guztietan; nazinoartean erreferentziazkoak diran zentroetan prestakuntzea lortzeko aukerak zabaltzea; aeronautika, automozino eta makina erremintaren esparruetako prestakuntzea laguntzea; sortzaileen talentu artistikoa bultzatzea eta gizarteratzea; udan nazinoarte mailako ekitaldi bat egotea; eta denda, garraio, aisialdi eta kultura arloetako deskontuak batuko dituan Bizkaia Gazte Txartel bat, izan dira Ahaldun Nagusiak azpimarratu dituanak.
IBILPIDE LUZEKO ESTRATEGIA BI, JARDUERA EKONOMIKOA ETA ENPLEGUA SORTZEKO
Rementeriarentzat 2017. urtean "ardatz nagusia, erabateko lehentasuna", artean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea da "Gobernu ekintzailea gara, barrikuntzari ekiteko, arriskatzeko, prest dagon Gobernua. Enpresa bilbeari bidea urratzeko prest gagoz. Enplegurako eta jarduerarako, Bizkaiaren etorkizunerako gakoak diran estrategia bi dira, datozan hilebete honeetan konpartiduko doguzanak", esan dau.
Lehenengoa, aurreratu dau Ahaldun Nagusiak, Bizkaian hub finantzario bat sortzeko estrategia da. "Behar egiteko oso ildo zehatzak dituan plan ausarta da. Seguru nago Bizkaiak leku propioa eta bereiztua dauela eskaintza ekonomiko globalean. Urtea amaitu aurretik ekoizteko bilbearen zerbitzurako erreminta finantzario barriak sustetako neurri fiskalen proiektu bat aurkeztuko dogu Zergak Koordinetako Organuan".
Rementeriak esan dau erreminta horreen artean lehenengoa Barrikuntza Funts bat izango dala: "Herri honentzat onak diran proiektu guztiek finantzaketa optimoa eukitea gura dogu eta arrazoi horrengaitik bakarra be kutxa baten botata ez geratzea. Funts horri esker 600.000 eurora arte finantzau ahal izango dira eta %2 inguruko interes-tasa izango dau. Funtsa guztion artean finantzetea gura dot. Guztiok eukitea gure herrian, gure etorkizunean inbertitzeko aukerea. Inbertsino segurua da eta %15eko kenkari fiskala eukiko dau, etxebizitzan aurrezteko kontuen antzera. Inbertsino bermatua, galerarik izateko arriskurik bakoa eta finantza erakundeek merkaturatuko dabena. Aukera ona izango da aurrezle txikientzat eta baita BGAEtan mugara iritsi diran 50 urtetik gorako pertsonentzat be. Aldi berean, alternatiba bat da ondare handiak dituen pertsonentzat funtsean inbertituko daben muntak kenkariak eragingo ditualako euren zergetan".
Bigarren estrategia nagusiari jagokonez Rementeriak azaldu dau Aldundia zidarrezko ekonomia deritzon inguruko industriako sektore barria sustetako beharrean dabilela eta aurreratu dau "ahalik eta arinen enpresa kontratistetako beharginen artean gerta daitekezan lan baldintzen txartzeak ekiditeko edo mugetako kontratazinoko gizarte klausula barri batzuk onetsiko dituala; gizarte bereizkeria edo ezintasun egoeran dagozan pertsonak gizarteratzeko gizarte erespideak sartuz; enpleguaren eta merkataritza doiaren kalidadea, emakumeen eta gizonen arteko bardintasun eragingarria eta familia- kontziliazinoa sustatuz; ete-en parte hartzea bultzatuz kontratazino publikoan; eta eredugarriak izanda".
HIRU ALDAKETA SAKON PERTSONEN ARRETAREN ARLOAN.
Rementeriak hiru ardatz nagusi ditu 2017rako gizarte arloari jagokonez: gizarte zerbitzuen kartera barria ezartea, zaintzailearen estatutua eta egoitzak kontzertetako eredu barria. "Planteetan dogun egoitzen arloko eredu barri horrek plaza moeta barria ekarriko dau konplexutasun handiko zaintzen profiletarako. Aldi berean, plaza kopuru handiagoa eragingo dau, 250 plaza hitzartu inguru eta 112 plaza publiko gehiago, eta baita kontzeptu barri bat be: zerbitzua bermatu, bai, baina baita pertsonek hautatzeko daben askatasuna be", baieztu dau.
Ahaldun Nagusiak azaldu dau eredu barri hori zilegi izango dala "Lurraldeko egoitza baimendu guztiak konbidauko dituan kontratu baten bidez; egoitzek plazak eskiniko ditue eta Aldundiak prezio jakin bategaz okupauko ditu. Egoitza batera sartzeko eskubidea aintzatetsita dauen pertsonak zentroa aukeratuko dau eta Aldundiak zuzenean ordainduko deutso plazea zentroari". Aldundiaren asmoa 2017an "Europako iparraldeko herrien esperientzian oinarrituta dagon eredua ezartea eta Bizkaia Estatuan aitzindaria izatea" da.
EKINTZA NAGUSI BI BIZKAIA MODERNOA ETA HURBILEKOA LORTZEKO
Bere esku-hartzean Rementeriak iragarri dau aurtongo zemenditik 2017ko apirilera arte hamar topaketa izango dituala herritarrakaz Bizkaiko hamar eskualdetan "kontuak aurkezteko, egiten ari garenaren eta ez garenaren barri emoteko eta herritarrek esango deuskuen guztia aintzat hartzeko". Lehen bilera zemendiaren 10ean egingo da Aldundiaren Jauregian. "Ehun bat pertsona etorriko dira gurera eta gauza guztiei buruz egingo dogu berba. Alkarrizketea oinarrizkoa da; beharbada modernoa besteek esaten dabena entzutea besteko gauza zaharra da, baina benetan entzutea, transformetako borondateagaz. Bizkaia danon artean egiten dogu eta hemen guztiok gara baliagarriak".
Gainera, Aldundia eskualdeetara eta herritarrengana gerturatuko da arreta integrala Bilbotik kanpo eskintzeko lehen bulego pilotuagaz. "Aurrera antzean ez da derrigorrezkoa izango uriburura joatea Aldundian tramiteak egiteko. Durangok eta eskualde osoak holango zerbitzuak eta kudeaketak egiteko aukera izango dabe: Ogasun eta Finantza Saila; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila; Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila; Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila; Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesinoa Sustatzeko Saila; eta Laguntza, herritarrei arreta eskintzeko zerbitzua. Aldundi osoa eskualdearen zerbitzura. Durangoko esperientzia ona eta asegarria bada, ostean beste batzuk etorriko dira", azaldu dau Ahaldun Nagusiak.
HIRU EKINTZA ESTRATEGIKO LURRALDEAREN ETORKIZUNERAKO
Rementeriak Lurraldearen eta nazinoarte mailako eraginaren aldeko hiru apustu azpimarratu ditu: 2017ko lehen hiruhilekoan abian jarriko dan Metroaren 3. Linea, Bilboko alde horretako 70.000 emakume eta gizoni zerbitzua emoteko dana, eta urtean 10 milioi pertsona mobiduko dituana; "Aldundi honen lankidetza osoa" Guggenheim Museoaren 20. urteurrena ospatzeko; eta Gaztelugatxeko San Joan. "Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak partida bat erreserbauko dau hurrengo aurrekontuetan Gaztelugatxeko San Joanen proiektu integrala idazteko. Eta hori esaten dodanean ez dot hobekuntza obra batzuk egiteko plana esan gura: kudeaketea, ustezko itzulkin ekonomikoak, aldearen dinamizazinoa, ingurumenaren babesa, potentzial turistikoa… aztertuko dituan plan integrala baino. Hau da, dana. Eta epe ertain-luzea aintzat hartuta. San Joan Bizkaiarentzat garrantzitsua bada koherenteak izan behar dogu eta planteamentu jasangarria, serioa eta etorkizunekoa egin behar dogu", azaldu dau Ahaldun Nagusiak.
TALDE MISTOA
Arturo Aldecoa Talde mistoko bozeroale eta ordezkari bakarrak zabaldu dau Batzarretako taldeen txandea, Bizkaiak gobernu “serioak eta egonkorrak” behar dituala adierazoz. Gauzak hobetzea “posible” ikusten dau, bere taldea Bizkaia hobetzeko “arraun egiteko” prest dagolako. Testuinguru horretan, datozan urteetan Gobernuak egin beharrekoetan hobetu daitekezan gauzak azpimarratu ditu, iruzur fiskalaren kontrako burrukea, adibidez. Horretarako, bere eretxiz, beharrezkoa da “giza baliabideak eta baliabide materialak handitzea”.
Aldecoa bat etorri da Rementeriagaz, Bizkaia kanpoan ezaguna izatea beharrezkoa dala esatean, baina kanpoan behar egiten daben erakundeen eskutik, Merkataritza Ganberaren eskutik, adibidez. Aldundiak, Bizkaira enpresa gehiago ekarteko eta enpresa txikiei eta ertainei emon beharreko finantza arloko laguntzea bultzatzeko estrategia bikoiztu egin behar dauela be adierazo dau, enplegua sortu ahal izateko.
Talde mistoko bozeroalea, kontratazino publikoko klausula sozialak toki mailako erakundeei “zabaltzearen” eta Ahaldun Nagusiak iragarri dituan herritarrakaz izan beharreko topaketetan talde heterogeneoak bilatzearen alde agertu da.
Aldecoak esan dau penagarria dala bere hitzaldian Rementeriak foru eskumenen defentsea aitatu ez izana, eta etorkizunerako hainbat idea azaldu ditu osoko bilkuran: familia ugariei emoten jaken laguntzea barriro be martxan jartea; autonomoei laguntza gehiago emotea; etorkinen gizarteratzea; edo Arte Ederretako Museoa handitzeko azterlana egitea, bere eretxiz hori dalako kulturaren arloan Bizkaiaren “harribitxi” nagusia. Holan, Aldundia Bilboko Itsas Museoa hobetzeko lanetan be inpliketea eskatu dau, bere esanetan “gitxi ezagutzen dan, txarto seinaleztatuta dagon eta iristeko gaitza dan” kulturgunea dalako.
Ingurumenaren arloan, foru erakundea Hondakinen Planaren aldaketaren gaineko eztabaideari hasierea emoteko eta lurraldean dagozan gune babestuen kopurua handitzeko eskatu dau Aldecoak.
Bukatzeko, inplikauta dagozan gainerako erakundeakaz –Gobernu Zentrala, Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala– akordioa lortzeko eskatu deutso Rementeriari, AHT-a Bilbora ailegetea danon artean adosteko. Horrez gain, enpresa publikoen eta erdi-publikoen kopurua murriztea be eskatu dau, etorkizunean benetako “lauza” izan daitekezalako Bizkaiaren garapenerako.
“MARKETINEAN, PUBLIZITATEAN ETA PROPAGANDAN” OINARRITUTAKO POLITIKEA
Javier Ruiz PP taldeak Bizkaiko Batzar Nagusietan dauen bozeroaleak adierazo dauenez, Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren agintaldiko lehenengo urtea, “aurrefabrikautako” politikak dituan “publizidade kanpaina handia” baino ez da izan, eta Bizkaia “adiskidekeriaren eta endogamia partidistaren zerbitzuan dagon eta afiliazinoari lehentasuna emoten deutson” Lurraldea dala kritikau dau.
Politika Orokorreko osoko bilkuran, Ruizek Unai Rementeriaren izendapeneko hitzaldia gogoratu dau, eta “sortu ebazan itxaropen guztiak ondo baino hobeto bete dituala” esan dau, “politikea egiteko beste modu hori inork baino hobeto irudikatzen dauelako”. “Bere politika guztia, alkarren artean lotuta dagozan hiru ardatz nagusiren inguruan egituretan da, marketina, publizidadea eta propagandea”, esan dau.
Holan, “Bizkaiaren identidadea ez dabela baloretan” aurpegiratu deutse Rementeriari eta Bizkaiko EAJ-PNVri. “Bizkaiaren identidadea urtzen izteko bide horretan aurrera egiten dabelako, EAJ-PNVren proiektua askoz be harago doalako, hiru lurraldeak bateratzeko proiektu horretan, eraikuntza nazionaleko proiektu horretan”. Holan, EAJ-PNVrentzat foraltasuna “eskumenakaz, kudeaketeagaz, burokraziagaz” lotuta dagoan zeozer baino ez dala kritikau dau, talde horretan “sentimentuzko foraltasunik ez dagola” esanez.
Holan, salatu dauenez, Bizkaian “nagusi dira bezeroen sareak”, eta “adiskidekeriaren eta endogamia partidistaren zerbitzuan dagon eta afiliazinoari lehentasuna emoten deutson” Lurraldea dala salatu dau. Ruizek esan dauenez, jeltzaleentzat, Bizkaia “giza baliabideetako burua EAJ-PNV dan enpresa handia da”.
Bizkaiko “arazo nagusia” langabezia dala esatean Rementeriagaz bat etorri ostean, “enplegua sortzeko zereginetan atzeko postuetan egotea, ekonomiaren bizibarritzea ez bultzatzea, eta krisialditik urtetea Espainiako gainerako lekuetan baino askoz be gaitzagoa izatea” penagarria dala esan dau. Beraz, adierazo dauenez, adierazle batzuek erakusten dabenez, “Bizkaia beste lekuak baino txarrago dago”. Adierazle horreen artean ibilgailuen matrikulazinoa, merkataritza soziedadeen sorkuntzea edo esportazinoak dagoz.
Gizarte arloan, Rementeriak adinekoen egoitzen egoerea aitatu ez izana esanguratsua dala esan dau Javier Ruizek, eta bere eretxiz, Ahaldun nagusiak jasan eban “duintasun atakea” “oso berandu” heldu zan.
Beste alde batetik, azpiegituren arloan “jarraikortasuna” baino ez dauela eskintzen esan dau, eta obra handiek “geldik jarraitzen dabela”. Bien bitartean, AHT Bilbora sartzeko trenbidea lur azpian eregiteko proiektuan parte hartzeko “ezelango konpromisorik” ez dagola esan dau, eta gauza bera gertatzen dala Metroaren 4. eta 5. lineakaz.
Ruizek Ekarpenen Legea aldatzeko konpromisoa hartu ebala be gogoratu deutso Rementeriari, eta bere alderdiak lurraldeen arteko alkartasunean sinisten dauela adierazo dau, baina administrazinoen arteko “banaketa orekatuagoaren” alde dagola.
Beste alde batetik, 2013. urteko hitzarmen fiskala “zahartuta” dagola eta “ez dala nahikoa” esan dau. Bere eretxiz “porrot egin dau”, eta horren proba bat, diru-bilketea “aurreikuspenetatik oso urrin” dagola da. Hori dala eta, “enplegua sortzearen eta ekonomia bizibarritzearen” alde egingo dauen beste hitzarmen fiskal bat lantzea beharrezkoa dala esan dau.
PODEMOS BIZKAIA
Osoko bilkuran, Podemos taldeak Unai Rementeriak kargua hartzeko hitzaldian esan ebazan berbak salatu ditu. Hitzaldi haretan “gardentasunaren, partaidetzaren, etikaren eta alkarrizketaren” alde agertu zan, baina hori guztia “berbetara” mugatu da. Talde moreak adierazo dauenez, gardentasunaren gaineko foru araua onartzea pausu bat izan zan, baina “ez dabe beste pausurik emon gura izan”, “partaidetzarako foru plana”, adibidez, Neskutz Rodríguez bozeroaleak gogoratu dauenez.
Bizkaiko egoitzen, Guggenheim museoko hezitzaileen edo TMB izenekoaren gatazkak aitatu ostean, Aldundiak “beste alde batera begira” jarraitzen dauela salatu dau Rodríguezek, “ezelango erantzukizunik” bere gain hartu barik, eta “gatazkak ez ikusteak ez dituala gatazkak desagertuazoten” esan dau.
Bere berbaldian, herrialde “solidarioa eta zuzena” eregitearen beharra defendidu dau Podemosek, baina “errealidadea gogorra eta desbardina dala” esan dau. Holan, EAJ-PNVk gobernuan urteak daroazala eta Bizkaian “dirua pilatzen” jarraitzen daben familiak dagozala esan dau, langabezia eta ezegonkortasuna “gero eta handiagoak diran bitartean”. “Gizarte bardintsuago baterantz joan beharrean, gero eta bardintasun falta handiagoak erakusten dituan gizarterantz goaz”, gehitu dau.
Gainera, pobrezia arriskuan dagozan pertsonak gero eta gehiago dirala salatu dau, eta Bizkaian “ia 250.000 pertsona” pobrezia eta gizartetik baztertze egoeran dagozala, eta “900” kalean bizi dirala zehaztu dau. Hori dala eta, gizarte arloko gastuan egin dan inbertsinoaren aurrean Rementeria harro agertzea kritikau dau, gizarte laguntzan egindako inbertsinoa “gainerako lurraldeetakoa baino txikiagoa dalako”.
Horrez gainera, energia-pobrezia, Bizkaian egunean gertatzen diran hiru kaleratzeak, gero eta prekaridade handiagoa eta “estaldutako pribatizazinoak” aitatu ditu. Bere esanetan, hori da “Bizkaiaren erradiografia”.
Beste alde batetik, Foru Gobernuak Bizkaia “zerbitzuetan oinarritutako lurraldea” bilakatzeko dauen helburua aitatu dau, eta industria egitura “garrantzitsua” dagola adierazo dau, baina arlo horretako politikea “prezioen faktorera eta lobbyen interesei men egitera” bideratzen dala salatu dau.
Podemos taldeak, “etorkizuna aldatzeko” eta gizarte “solidarioagoa” lortzeko bere proposamenak be azaldu ditu. Horreen artean, banka etikoaren aldeko apustua, iruzurraren kontrako burrukea eta fiskaltasunaren “goitik beherako” erreformea dagoz, “aberastasuna modu zuzenean” banatzeko.
Talde moreak adierazo dauenez, kutxa publikoak eusten dituenak soldatapeko beharginak dira, eta “laneko errentek kapital errentek baino gehiago” ordaintzea “ez dala oso progresiboa eta zuzena” salatu dau.
BIZKAIA, “ATZEKO LEKUAN” EH BILDUREN ERETXIZ
Josu Unanue EH Bilduko bozeroaleak, Kolonbian gauzatu dan bakea lortzeko prozesua aitatu ostean, beste ezer baino lehen Basaurin bere etxetik kanporatua izan dan azkenengo familia eta TMBko, nagusien egoitzetako eta Guggenheimeko grebea aitatu ditu. Azpi-kontratautako zerbitzu publikoetan bizi diran “gatazketan” Aldundiak beharginen errebindikazinoen aurrean “ez entzunarena” egin dauela salatu dau. Aldundiak, zerbitzu publikoak, “lehentasun osoa” kontratu “merkeenak” lortzea daben kanpoko enpresen esku izten dituan kudeaketa ereduaren aldeko apustua egin dauela kritikau dau.
Gainera, pertsona nagusiei eskintzen jakezan zerbitzuen ratioak hobetzeko eskaria egin deutso Unanuek Aldundiari. “Baldintzak duinak ez badira, zerbitzua ez da inoiz kalidadekoa izango”, esan dau.
Koalizino abertzalearen bozeroaleak, %7ko igoeran ezarri ziran diru-bilketaren aurreikuspenak ez bete izana be aitatu dau. Esan dauenez, abuztura arte emon diran zifrak ikusita, Bizkaiak “ez dau izango aurrekontuak beteteko behar besteko dirurik”. Bere esanetan, horrek “murrizketak” eragingo ditu Foru Sailetan eta Udaletan. Eta horren proba moduan, azken horreek “75,5 milioi euro” itzuli beharko dituela da.
Holan, zerga politikea aldatzearen alde agertu da, finantzen kargea ez daiten laneko errenten gainean egon eta Soziedadeen zergara gehiago bideratu daiten. Gainera, zor publikoa daborduko 2.000 milioi eurokoa izatea kritikau dau, “zati nagusia” Supersur errepidea finantzetako.
Unanueren eretxiz, panorama ekonomiko hori zuzenean lotuta dago gizarte arloko eskubideakaz. “Aldundia ez dago eskubide subjektiboari estaldurea emoteko prestauta”, aurtengo abendutik aurrera errealidade bilakauko dan gizarte zerbitzuen karteraren barruan.
Bere azalpenean adierazo dauenez, lurraldeko langabezia mailea “kezkagarria” da. Langabezian dagozan 80.000 pertsonen “%45,9k” 24 hilebete baino gehiago daroaz langabezian. Atal horretan, Bizkaiko enpleguaren %85 sortzen daben enpresa txikiei eta ertainei lehentasuna emotea eskatu dau, multinazionalei emon beharrean. Bere eretxiz, kezkagarria da Bizkaiko gazteen “%36” langabezian egotea.
Nekazaritza arloko politikak aldatzea be eskatu dau Unanuek, sektorean lanpostu gehiago sortuko dituan “agroekologiaren” aldeko apustua eginez. Bere berbetan, EAJ-PNVren politikak nekazaritzako ustiapen handien aldekoak dira, Bizkaiko baserritarren ustiapen txikien kaltetan.
Urari jagokonez, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan demokratizazino prozesua hastea eskatu dau, Bilbok erakunde horretan dauen kontrola baztertuz. Kanpoko kontratazino larregi egiten dala esan dau, eta gaur egungo kudeatzaileek “pribatizazinoaren alde daukien gogoaren” aurrean ur zerbitzua “babesteko” eskatu dau.
Hondakinen kudeaketeari jagokonez, Bizkaiko ereduak Zabalgarbin dauen larregizko mendekotasuna kritikau dau. Bere eretxiz, planta hori “ez da bideragarria”, bere emoitzetan “ezkutau egiten diralako” energia barriztagarriak dirala eta emoten diran primak. Alderdi horregaz lotuta, bosgarren edukiontziaren ezarpen “eskasa” penagarria dala esan dau. “Zelan leike Durangaldean funts barik geratu izana?”, galdetu dau.
Bukatzeko, eta egin barri diran hauteskunde autonomikoetan talde politikoek lortu dituen azkenengo emaitzak aitatuta, herritarren “%75ak” burujabetasunaren alde bozkatu ebala azpimarratu dau Unanuek. Bizkaia “herritarren borondatearen aurrean entzungor” geratuko dan galdetu dau. Holan, EAJ-PNV eta Podemos Bizkaia taldeak animau ditu, Espainiako Erresumaren erregimenagaz apurtuta eregiteko Bizkaiaren etorkizuna.
SOZIALISTEN ETA JELTZALEEN ALDEKO ERETXIA
Carlos Totorika Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeroale sozialistak azpimarratu dauenez, PSE-EE eta EAJ-PNV “euren arteko aldeak baztertzeko” eta “liskarren eta artifizioen ordez konponbideak” eskatzen dituan Bizkaiko gizarteari “ibilpide orria eskintzeko” gai izan dira, eta sozialistek “enplegua sortzeko, eta zerbitzu publikoei eta alkartasunari eusteko” behar egingo dabela adierazo dau.
Politika orokorreko osoko bilkuran Totorikak esan dauenez, sozialistek Foru Gobernu hau martxan jartea posible egin eban akordioa EAJ-PNVgaz sinatu ebenean, “Bizkaiko gizarteak aurrean doguzan erronka handien aurreko erantzunak eskatzen ebazala jakinda” egin eben.
Totorikak gogoratu dauenez, legealdi hau “ekonomiaren eta gizartearen arloan atzerapen handia eragin daben urte luzeen ostean hasi da, eta baita Estaduan gaur egun dagon krisi politikoaren zergaitia diran eskubide ekonomikoen eta sozialen murrizketa garrantzitsuek eta ustelkeria politikoko eskandaluek eragin daben barruko debaluazino sakonaren ostean be”.
Holan, “gizarte arloko baztertze boltsak sortu dituan austeridadean oinarritutako politikak” salatu ditu, horrek “oso ondorio pertsonal eta sozial larriak izan daikezan kronifikazino arriskua” sortzen dauela esanez, eta “ekonomia salbatzera ei etozanek klase ertainak heriotzaraino zauritu dituela” kritikau dau. “Klase ertainak dira, hain zuzen be, makro eta mikroekonomiaren arteko transmisinorako uhal moduan jarduten dabenak, eta alderdi hori sarritan ahazten dogu”.
Krisia “Bizkaiko gizartean be eragin indartsua eta jarraitua izaten ari dala eta, luzatu ahala, gero eta pertsona eta familia gehiagorengana eta gero eta soslai anitzagoengan zabaltzen dala” adierazo ostean, Totorikak esan dau Bizkaiak “industriako muskulua galdu dauela, 80.000 pertsona baino gehiago langabezian dituala eta diru-bilketak ez dituala emon oraindino aurreikusten ziran emaitzak”.
Egoera hori ikusita, “denporea erdi negarretan galdu beharrean, Aldundian berehalako eta danon arteko ekintzarako estrategia ezarteko apustua egiten dogu, eta apustu hori, lurraldearen lau lehentasunetara bideratuta dagon Bizkaia Goazen 2030 Plan Estrategikoan” jasoten da: “jarduera ekonomiko eta kalidadeko enplegu gehiago izango dituan Bizkaia, gizartearen eta lurraldearen ikuspegietatik batuago egongo dana, aukera gehiagogaz guztientzat, munduagaz, aukera globalakaz, lotuago, eta Administrazino modernoagoa, gertukoagoa eta arduratsuagoa izango dauena”
Bizkaiak behar dauden bultzada ekonomikoa “kanpoko merkaduen bilakaerak markauko dauela” esan ostean, “barruko kontsumoa ez dalako oraindino behar besteko indartsua eta eutsia denporan”, “nazinoarteko merkadua gure ekonomian funtsezkoa dala eta izango dala” esan dau, eta, horregaitik, “Aldundiaren eta beste erakunde eta enpresa batzuen ezinbesteko inplikazinoaren” aldeko apustua egin dau, “enpresa txikiagoei eta merkataritza arloan esperientzia gitxiago daukienei esportazinoan lehenengo pausuak emoten lagundu ahal izateko”.
Bere eretxiz, beharrezkoa da, baita be, “enpresa txikiei eta ertainei euren esportazinorako merkaduak dibertsifikatzeko esfortzuan laguntzea, eta esportetan daben enpresei laguntza logistikoa eta kontsultakoa eskintzea”. Gainera, bere esanetan, “aurrera egin eta bertako herritarren ongizatea hobetu gura dauen gizarte bat, beste gauza batzuen artean, gizarte barritzailea eta ekintzailea” izan behar da.
Beste alde batetik, “Bizkaian iruzur fiskalaren kontra hasi dogun burrukea” azpimarratu dau Totorikak. Burruka horri esker, 2015eko ekitaldian iruzur fiskaleko 446,74 milioi euro aurkitu dira. Esan dauenez, sozialisten apustua, “egiaztapen eta ikerketa jarduketak oraindino gehiago indartzean” oinarritzen da.
ALKARRIZKETARAKO ETA ADOSTASUNERAKO BOKAZINOA
EAJ-PNV alderdiak esan dauenez, ez da sartuko “orain zergak altxauko dodaz, orain zergak jatsiko dodaz gorabehera horreetan” eta, aurreko erreforma fiskala zein neurritan bete dan aztertzen danean izango da “doikuntzak” egin behar diran ala ez erabagiteko unea.
Jon Andoni Atutxa bozeroale jeltzaleak, bere aldetik, Ahaldun Nagusiak “Gaurko Bizkaiari eta etorkizuneko Bizkaiari buruz” egin dauela berba esan dau. “Ikuspegi zabalagaz, seriotasunegaz eta zorroztasunegaz. Oinak lurrean. Eta guztiz bat gatoz bere ikuspegiagaz. Gaur egunerako ekintzak eta etorkizunerako konpromisoa” erakutsiz, adierazo dau.
Batzarkideak esan dauenez, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, “gobernu indartsua eta egonkorra” beharrezkoa zan eta, hori zala eta, akordioa lortu zan PSE-EE taldeagaz. Adierazo dauenez, “alderdi bi dituan gobernu bakarra” eta “oinak lurrean dituan gobernua” da.