Beste erakusketa bat Batzar Nagusietan: Nagore Amenabarroren eta Fernando Villenaren "Bolizko Atea"
Bilbao
Bizkaiko Batzarrek aurrera jarraitzen dabe uriaren erdialdean leku librea eskintzeko apostuagaz, Euskadin prestautako artisten lana Bizkaiko gizarteari helduarazoteko. Oraingo honetan, Nagore Amenabarro amezketarrak eta Fernando Villena bilbotarrak, “euren moduengaitik eta modu eta materialarengaitik pinturatzat antzemoten doguzan dimentsino biko “artefaktuak” egiten ditue”, Txus Meléndez irakasleak, erakusketaren komisarioak, erakusketaren katalogoan esaten dauen moduan.
Villenak hainbat lekutara egin dituan bidaietako argazkiakaz eta bideoakaz esperimentetan dau, eta gero, oroimenetik, margolariaren jakituriatik eta horren guztiaren sintesitik, “bere koadroetan oso antolakuntza eregia eta anitza eskintzen dau: kolore lauz osatutako gainazalak, mozketak eta keinuak, pintzelaren zantzuak eta, batzuetan, gertuko tonu biren ñabarduren jolasa, erlauntz baten burrunba urrunagaz parekatuta”, Meléndezek deskribidu dauenez.
Amenabarro, barriz, motibo naturaletan oinarritzen da, (loratan gehienetan), eta tonu nagusien –urdinak, zuriak eta grisak– aukeraketea moduko hainbat ekintzaren bitartez, motiboa lanbro antzeko giroan edo “ordena desbardina iragarten dauen” mikroskopiotik ikusitako laborategiko laginean murgilduz lausotzen dau, erakusketaren komisarioak adierazo dauenez.
Erakusketea irailaren 26ra arte egongo da zabalik Uriaren erdialdean dagon Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga kalea, 6 – beheko solairua. Bilbo), goizeko 08:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura, eta zapatuetan 14:00etara. Sarrerea librea izango da.