Aurreko Albisteak

Deiadar Mendien eguna domeka honetan, irailaren 11n, ospatuko da, Kolitzan

Bizkaiko Batzar Nagusiek kirolean eta kulturan oinarritutako oso jardunaldi berezia ospatzeko bidea zabalduko dabe barriro. Kondairak esaten dauenez, Gernikan egiten ziran bileretarako deialdia egiteko erabilten zan adarraren soinuak bideratuko dau domeka honetan, irailaren 11n, Deiadar Mendien Egunaren XIII. edizinoagaz bat egiten daben pertsonen Kolitzako igoerea. Enkarterriko mendi enblematikoenetakoa dan Kolitza izango da ospakizun honen agertokia, aurreko urteetan, Antonio de Truebaren kroniketan esaten zanez beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Ganekogorta, Sollube eta Oiz) egin diran igoeren ostean.

Bizkaiko Batzar Nagusiek, erakundea barriro beharrean hasi osteko 25. urteurrena zala eta 2004an martxan jarritako tradizinoari jarraipena emonez, ohituragaz jarraituko dabe, bost mendi taldegaz alkarlanean: Balmaseda Mendi Taldea, Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango). Igoerea goizeko 09:30ean hasiko da Balmasedako San Seberino plazatik. Partaideak Kolitzako tontorrera igoko dabe, eguerdiko 12:00etan adarrak jotzeko tradizinoa leialtasun osoz beteteko, 6,2 kilometroko igoerea egin ostean.

XIX. gizaldiko kontakizun erromantikoak gogoratuko dituan jardunaldian, beren beregi egun horretarako egin dan eta urtez urte deiadar mendi batetik bestera eroaten dan adarra erabiliko da barriro. Kolitza mendian entzungo dan adarraren soinuaren ostean, antolatzaileek jai-gune txiki bat prestatu dabe, eta bertan ez dira faltako musikea, dantzak eta jateko pixka bat. Eskualde horretan tradizino handia daben putxerak izango dira “hamaiketakoaren” parte.

Aurtongo kirol igoeraren arduraduna izan dan Balmaseda Mendi Taldeak, tradizinoa betez, lekukoa emongo deutso Bermeoko Sollube 707 taldeko ordezkariari, 2017an Sollube mendirako igoerea antolatu daian, deiadar mendietara egiten diran igoeren zikloagaz jarraitzeko.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasikoa bilakatu da daborduko mendiaren eta euskal tradizinoen zaleentzat. Igazko edizinoan ehunka pertsona joan ziran Gorbeiara, Bizkaiko Batzar Nagusiek egindako deialdian parte hartzeko, iraganean, Bizkaiko ordezkariak, Gernikako aretxaren azpian batzeko eta une historiko bakotxean Bizkaiko biztanleen artean ardurea sortu daben gaiak lantzeko, egiten ziran deialdiak gogoratuz.