Aurreko Albisteak

Maskotek Zubi "eskegiaren" kabina itxietan bidaiatu ahal izatea eskatu dabe Bizkaiko Batzar Nagusiek

Bilbao

Bizkaiko Batzar Nagusiek, arautegia aldatzea eskatuko deutsie “El transbordador de Bizkaia SL” enpreseari, bidaiariek euren maskotakaz zubi “eskegiaren” estaldutako kabinetan bidaiatu ahal daien. Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen arauz besteko proposamenak Bizkaiko Batzarretako talde guztien aho bateko aldeko eretxia jaso dau.

Nuria Atienza talde horretako batzordekideak adierazo dauenez, garraio horretako “egoerea normalizetako ordua da”, maskotek euren jaubeakaz bidaiatu ahal izateko Bizkaiko Zubi Eskegiko estaldutako kabinetan, eta, horretarako, ehun urte baino gehiago dituan garraio hori kudeetan dauen enpresa pribaduari, aldaketa horreek egituretako modua zehazteko eskatu deutso.

Bere esanetan, aldaketak, garraio horretan gertatzen dan “segurtasun eta osasun arazo” bat bideratuko leuke. Izan be, maskoten jaubeek eta maskotek eurek une honetan ontzitxoaren atzekaldean eta erdialdean bidaiatu behar dabe, hau da, automobilentzat eta motoentzat erreserbauta dagon lekuan. Hau da, “kalean dagoz, itsasadarrera erortzeko arriskuagaz eta motordun ibilgailuen keak arnastuz”.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko ordezkariaren eretxiz, egoera hori “penagarria” da, baina gaia “konplexua” dala onartu dau, enpresa pribadu bati bideratu beharreko agindua dalako.

PP taldeak, bere aldetik, Enpresak bere bertsinoa aurkeztea eskatu dau, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordean, eta EH Bilduk, barriz, Bizkaiko garraio publiko guztietan maskotakaz bidaiatzeko erespideak bateratzea eskatu dau, “zerbitzuz-zerbitzu” arautegiaren aldaketak proponiduz ibili beharrean.

Horrez gain, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek txalotu egin dabe Foru aldundiari aldaketa horiek bideratzeko eskatzen eutsan aurreko ekimena baztertuz eta aldaketa horreek indarrean jarteko gaitasuna dauen enpreseari gauza bera eskatzen deutsan arauz besteko proposamenean gauzatuz Podemos Bizkaiak erakutsi dauen jarrerea.


URDULIZKO OSPITALERA DOAN BIZKAIBUSEN LINEA BARRIAREN BURUALDEA LEIOAN EGONGO DA

Agorrileko oporraldiaren parentesiaren ostean Bizkaiko Batzar Nagusien batzarretako jarduerari hasiera emon deutsan saio berean, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako diputatuak, EH Bilduk egindako ahozko itaunari erantzunez, Urdulizko Ospitaleraino Eskumaldetik joango dan linea barria Leioa erdialdean abiauko dala esan dau, Erandion abiau beharrean, hasiera batean hori aurreikusi bazan be, azken udalerri horretako biztanleen erreferentziazko ospitalea Gurutzeta izaten jarraituko dauelako.

Beste alde batetik, Reyesek jakinarazo dauenez, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak erakunde arteko batzorde bat eratuko dabe hilebete honetan, Termibus barria eregiteko lanek Bizkaibuseko zerbitzuan eragingo dituen aldaketen nondik norakoa aztertzeko. Reyesek esan dauenez, lanek irauten daben bitartean –18 hilebete, Udalak jakinarazo deutsonez– Bizkaibuseko zerbitzuaren funtzionamentuak “ez dau ezelango eraginik jasango”.

Obrek erabiltzaileengan izango dituen eraginak dirala eta Diputatuaren agerraldia eskatu daben popularrei emondako erantzunean, Reyesek baieztu egin dau Aldundiak Udalari “78.000 euro” ordaintzen jarraituko dauela, Garellanotik lan egiten daben Bizkaibuseko “egungo 16 lineek” hartzen dituen dartsenen erabilerea dala eta. Kanon hori, KPIgaz baino ez da igongo datozan urteetan.