Bizkaiko Batzar Nagusien eretxiz, Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko akordioa lantzeko foro egokia Kongresua da

Bizkaiko Batzar Nagusiek ez dabe onartu gaur, Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordean, Espainiako Gobernuari Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko “Ekonomia- eta Merkataritza-Akordio Orokorra (CETA) sinatzea edo berrestea ez daiala baimendu” eskatzea. Batzarretako Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamen batean jaso dan eskari hori ez da onartu, kontrako 10 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP) eta aldeko 4 (Podemos eta EH Bildu) izan ditualako. Ekimenaren kontra agertu diran taldeen eretxiz, gai hori eztabaidetako foroa Diputaduen Kongresua izan beharko litzateke, akordio “mistoa” danez Europar Batasuneko Legebiltzarrek berretsi behar dabelako, horren ostean Gobernu Zentralak behin betiko sinau daian.
Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeak Bizkaiko Batzarretan dauen bozeroaleak azaldu dauen moduan, ekimenaren helburua Gobernu zentralari akordioaren behin behineko edozein aplikazino “ez onartzeko” eskatzea eta Europar Batzordeak, nazino, lurralde eta eskualde mailako berrespeneko prozedura guztiak egin arte itxaron daiala “exijitzea” zan, “Europako herritarren ahotsa entzun ahal izateko”.
Talde moreko batzordekideak adierazo dauenez, Europako Legebiltzarrak irailean onartu beharko dauen akordio horrek “lan, ekonomia eta nekazaritza-elikadura arloko baldintzak galtzea” eragingo dau. Gainera, Bizkaian ateak zabalduko jakoz, aitatutako merkataritza arloko akordio horren bitartez Kanadak Europan merkaturatu gura dauen “harea bituminosoak” teknikea erabiliz ataratako petrolioari. Petrolioa holan eskuratzeko, ustiatzen dan lekuan ingurumen eta gizarte arloko “oso eragin kaltegarriak” sortzen dituan aide zabaleko meatzaritzea behar da.
PP taldearen eretxiz, eztabaidaren muina, merkataritza librean oinarritutako eredu ekonomikoa onartzeagaz edo ez onartzeagaz dago erlazionauta, eta bere taldeak “eredu horren aldeko apustua” egiten dauela esan dau Javier Ruiz bozeroaleak. Bere eretxiz, akordioa klabe “positiboan ikusi behar da enpresaren eta enpleguaren sorreraren ikuspegietatik”. Europar Batasunak esku artean dituan aurreikuspen ekonomikoek erakusten dabenez, merkataritza “%25 handituko da”, “12.000 milioi euro ingurutan”, hain zuzen be. Akordioaren abantailen artean, PP taldeko bozeroaleak “inportazinorako eskubideak desagertzea”, gure enpresek Ipar Ameriketako herrialde horretan “baldintza berberakaz” lehiatzeko aukera izatea, eta oztopo burokratikoak desagertzea aitatu ditu. Hau da, “jarduera ekonomikoa eta enplegua hobetuko ditu”, laburbildu dau.
Alexia Castelok (PSE-EE), bere aldetik, esan dau Podemosen proposamenak ez dituala jasoten akordioaren zirriborroan aldeen artean negoziau diran “aldaketak”, gatazken aurrean bitartekaritza lana egiteko epaitegi iraunkorra egongo dala edo Europar Batasuneko kide diran herrialdeetako legebiltzarrek berrestea eskatzen dauen akordio “misto” izaerea, besteak beste. Amaitzeko, bere taldea, akordio horren eukiaren “azterketa fasean” dagola azaldu dau.
EH Bildu taldeko David Lopategiren eretxiz, holango akordioek (TTPI, CETA…), toki mailako ekonomia “hondatuak”, “deuseztatutako” enpleguak eta multinazionalen aurrean “desabantaila” egoeran dagozan toki mailako enpresak eragin ditue. Koalizino abertzaleko batzordekideak adierazo dauenez, antzeko akordioen ondoreak “oso kaltegarriak izan dira jendearen benetako ekonomiarako”, eta eragina izan dabe enpleguaren kalidadean. Merkadu librea “eskumaren totema” da, eta “laguntza guztiak jaso eta gero ospa egiten daben” enpresa multinazionalen iritsiera errezten dau.
EAJ-PNV taldeko Janire Bijueskak, “Europar Batasuneko herrialdeek sinatutako nazinoarteko 1.400 akordio” dagozala esan ostean, akordio horren izaera “mistoa” dala eta, Europar Batasuneko kide diran Estaduetako nazino mailako Ganberen irazkia pasau beharko dauela azpimarratu dau. Espainiako Estaduan eztabaida “bikotxa” egongo da, Kongresuan eta Senaduan, hain zuzen be. Batzordekide jeltzaleak esan dauenez, Podemos taldearen proposamenean “koordinazino faltea” dago. “Alde batetik, sinadurea ez baimentzeko eskaria egiten da, eta horren ostean, behin behineko fasea indarrean ez sartzea eskatzen da”. Europako iturriek adierazoten dabena kontuan izanda, Bijueskak azpimarratu dau akordioak aurretik herritarren eztabaida fasea gainditu dauela, Podemos taldearen proposamenean hori zalantzan jarten bazan be. Horrez gain, “aldeko” txosten juridikoa badaukala be esan dau.