Gerediagako Foru Zelaiak modu iraunkorrean zabalduko ditu ateak jendearentzat, museo bilakatzeko prozesuaren ostean
Zabaltze hori bat dator seinaleztapen sistema barriaren inaugurazinoagaz. Sistema horretan, Bizkaiko historian erreferentziazkoa dan puntu horren balio kulturalaren eta artistikoaren gaineko informazino praktikoa jasoten da. Aitatutako erakundeek informazino panelak –sei– aurkeztu ditue gaur goizean. Imanol Larrinagaren irudiak dituen eta hiru hizkuntzatan (euskera, gaztelania eta ingelesa) dagozan panel horreetan, antxina eskualdeko ordezkariak alkartzen ziran lekuaren garrantzia, bilakaerea eta historia kontetan da.
Gerediagak historiaren ikuspegitik dauen garrantzia ezin da zalantzan jarri. 600 urtez gitxienez bertan lantzen ebezan gaiak Durangoko Merinaldeko Batzarrek. Eskualdeko leku historiko garrantzitsua eta bertako ikonoa da. 2003an Batzar Nagusien laugarren egoitza ofiziala bilakatu zen, barriztatze proiektua gauzatu ostean, Gernikako eta Abellanedako Batzarretxeakaz eta Bilboko Administrazino egoitzagaz batera. Abadiñoko herriarentzat, eta Gerediaga auzoko biztanleentzat, batez be, oso leku ezaguna da. Bizkaiarentzat, herritarren ordezkariak urtean behin alkartzen diran lekua. Urte gehienetan, ikasturte politikoa zabaltzen dauen osoko bilkurea bertan egiten da.
Bihartik aurrera, barrutiak ordutegia zabalean jaso ahal izango ditu bisitak. Apiriletik irailera, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara bisitau ahal izango da. Urteko gainerako hilebeteetan –urritik martxora– arratsaldeko 18:00ak arte egongo da jendearentzat zabalik.
Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak, hiru erakundeen –Gerediaga Elkartea, Abadiñoko Udala eta Batzar Nagusiak– arteko lankidetzea azpimarratu dau gaur, beretzat “leku parebakoa eta Anbotoko mendikatera begiratzeko lekurik hoberenetakoa dan leku honetan”. Azaldu dauenez, gaur emondakoa “oso pausu garrantzitsua da espazio sinboliko hori bizkaitar guztiengana heldu arazoteko. Turistek, bisitariek eta Gerediagako biztanleek egunero gozau ahal izango dabe paraje eder honegaz”. Instalau diran informazino-euskarriei esker “hobeto ezagutu arazoko dira mende luzez Durangaldeko hamabi eleizateetako ordezkariak alkartu ziran lekuaren jatorria eta bilakaerea”, esan dau. “Gure iragana hobeto ezagutzeko eta gure eskubide historikoetan oinarritzen dan etorkizun komunera aurrera egiteko” beste bultzada bat da.
José Luis Navarro alkateak, ingurune hori jende guztiarentzat zabaltzeak Abadiñorentzat dauen garrantzia azpimarratu dau. “Gerediagako Batzarretxea udalerri honetako ondare monumental eta historikoaren eraikin garrantzitsuenetakoa da, eta hemendik aurrera herritarrek eta bisitariek leku hori ezagutzeko aukera izango dabe. Hori dala eta, herritar guztiei Gerediagako foru zelaira joateko eta, bide batez, historiaren, paisajearen eta kulturaren ikuspuntuetatik Abadiñok eskintzen dituan beste gauza eder ugariak ezagutzeko, gonbitea egin gura deutset”.
Nerea Mujika Gerediaga Elkartearen presidenteak, bere aldetik, Gerediagako foru zelaia Merioaren ibilpideko parte garrantzitsua dala esan dau, “zortzi espaziotan zehar Durangaldearen sorrerea, historia, bilakaerea eta antolaketa politikoa ulertzeko” prestautako ibilpideagaz. Batzar Nagusien eskutik espazio bizia da oraindino Gerediagako foru zelaia, Foruak deuseztatu ziranetik 140 urte bete diran une honetan –joan dan garagarrilaren 21ean–. Horma-irudi honeekaz eta lekua egunero zabaltzeko erabagiagaz aurrera pausu bat emoten da: Merinaldearen iraganak zabalkunde handiagoa izango dau eta Merioaren ibilpidea esperientzia osoagoa izango da”, esan dau.