Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek ez dabe onartu Urduña eta Aiarako Bailara eta Galdakaoko Ospitalea lotzen dituan garraio publiko zerbitzua jaigunetan barrikusteko aukerea

Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak ez ditu alkarrizketak “hasi” beharko Eusko Jaurlaritzagaz, domeketan eta jaiegunetan Urduñatik eta Aiarako Bailaratik Galdakaoko Ospitalera joateko aukerea emongo dauen autobus zerbitzua zabaltzeko. Bizkaiko Batzar Nagusietako Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Batzordeak ez dau horren gaineko proposamena onartu gaur. Batzarretako Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Bizkaiko Talde Popularrak aurkeztu dauen eta EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen aldeko botoak jaso dituan arauz besteko proposamenaren kontra bozkau dabe. Proposamenean eskaria egiten zan, Vicente Reyesek zuzentzen dauen saila Eusko Jaurlaritzagaz berbetan hasi daiten, “domeketan eta jaiegunetan” garraioa “posible egiteko”.

Jesús Isasi batzordekide popularrak azaldu dauenez, bere eskaria, “Amurrioko eta Laudioko udalerrietan eta Arabako Batzar Nagusietan” talde politiko “guztien” aldeko botoakaz adostu zan eskari batetik sortu da. Bertan, jaiegunetan Galdakaoko ospitalera joan behar daben gaixoei, senideei eta beharginei errepideko zerbitzua emotea eskatzen zan.

Arabako udal horreen eta Arabako Batzar Nagusien eskaria sindikatuen arlotik egindako errebindikazinoei gehitzen jake, Nuria Atienzak adierazo dauenez. Podemos Bizkaiako ordezkariak gogoratu dauenez, ibilpideak “59” geraleku ditu. EH Bilduk be bat egin dau proposamenagaz, bere eretxiz “ez dauelako ezelango kosturik eragingo”. “Baloreteaz eta aztertzeaz gabiz berbetan”, adierazo dau Zigor Isuskizak.


BADAGOZ “ALTERNATIBAK” JAIEGUNETAN

PP taldeak aurkeztu dauen ekimenak EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako eretxia jaso dau. Talde biek esan dabenez, ezezko “horren ostean azterketea” dago, eta azterketa horretan ikusi daiteke ez dagoala “behar besteko eskaririk”, jaiegunetan Urduñatik autobus zerbitzua ezarteko. Joaquín Colmenero batzordekide sozialistak esan dauenez, Bizkaiko udalerriaren eta Aiarako bailarako herri arabarren arteko Bizkaibus bitarteko konexioa “bermatuta” dago, Arrigorriagan egiten dan “garraio aldaketaren” bitartez.

EAJ-PNV-k bat egin dau sozialistek esandakoagaz. Gaur egun eskaintzen dan zerbitzua “egokia” da, erabiltzaile kopurua kontuan izanda, eta maiztasunak “onak” dira, lanegunetan zein jaiegunetan. Unai Lerma ordezkari jeltzaleak esan dauenez, Bizkaibusek gaur egun eskualde horretan eskaintzen dauen zerbitzuari, Renfe Aldirien lineak eskaintzen dauen zerbitzua gehitu behar jako. Zerbitzu horrek “30 minutuz behin” lotzen dau Urduña Arrigorriagagaz. “Beti dago gehiago eskatzeko aukerea, baina kartara eskainitako zerbitzuak ez dauka zentzurik”, adierazo dabe Foru Gobernua eusten daben talde biek.


“EZ DA DOIKUNTZARIK EGONGO BIZKAIBUSEN ETA BILBOKO METROAN”

Orain dala aste batzuetatik hona, Bizkaiko Talde Popularra, aurresikusitakoa baino diru gitxiago batu dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak aurtongo aurrekontuetan egingo dituan “doikuntzen” gainean dabil galdetzen Aldundiko sailetako arduradunei. Oraingo honetan, Vicente Reyes Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako foru diputatuaren txandea izan da, eta bere gobernu kideek adierazitako gauza bera adierazo dau. “Ez da doikuntzarik egongo oinarrizko zerbitzu publikoetan”, esan dau. Bere sailari jagokonez, zerbitzu horreek “Bizkaibus eta Bilboko Metroa” dira, zehaztu dau.

Diru-sarreren arloan gertetan ari diran “gorabehera handiak” dirala eta, Aldundiaren agindua “zuhurtzia” da, azken hiruhilekorako itziz ezinbestekoak ez diran partidak. Partida horreek aurrekontuaren II. Kapituluan jasoten dira, gogoratu dau Reyesek. Aldundiko arduradunak denpora gehiago eskatu deutse oposizinoko taldeei, egoerea aztertzeko, PFEZ edo Soziedadeen zergea modukoen diru-bilketaren itxiera zelangoa dan ikusi arte.