Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak %39 handitu dau egoera txarrenean dagozan pertsonen artean enplegua bultzatzeko inbertsinoa

Bilbao

Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako Foru diputatu andrea berak eskatuta agertu da Bizkaiko Batzar Nagusien aurrera, aurton martxan jarri diran hiru Foru Dekreturen barri emoteko. Dekretuen helburua lanpostuak sustetea da, pertsona gazteen artean, 45 urtetik gorakoen artean, eta lan barik dagozan eta lan munduan sartzeko gaiztasun bereziak dituen pertsonen artean. Aldundiko arduradunak adierazo dauenez, bere sailak 6,7 milioi euro inbertiduko ditu egoera “txarrean” dagozan talde horreetan langabeziaren kontrako burrukarako foru estrategian, hau da, aurreko ekitaldian baino %39 gehiago.

Laespadak azpimarratu dauenez, prestakuntzea “enplegurako zubi moduan planteetan da, euren adina, ikasteko orduan izan daben ahalmena edo gizarte egoerea dirala eta, besteak baino gaiztasun gehiago dituen pertsonen enplegugarritasunerako funtsezko tresna eta apustu moduan”.

Gizarteratze ibilpideak eta zeharkako trebezietan edo trebezia teknikoetan trebakuntzea jasoten dituan prestakuntzaren aldeko apustuaz aparte, dekretuek enpresei emongo jakezan kontratazinorako laguntza zuzenak be jasoten ditue, “praktiketako kontratuen edo beken” arlotik kanpo, Laespadak azpimarratu dauenez, eta “beti be”, lantaldearen hazkunde “garbia” eragiten badabe.

Prestakuntzaren aldeko apustuari jagokonez, Foru Aldundiak Behargintzak eta udalen enplegu zentroak eta enplegugarritasunagaz erlazionautako proiektuetan gitxienez “hiru urteko” esperientzia daben hirugarren sektoreko erakundeak erabili gura ditu.

Alde batetik, lan barik dagozan Lurraldeko pertsona gazteen enplegugarritasuna bultzatzeko diru-laguntzen oinarriak eta deialdia ezarten dituan maiatzaren 31ko 102/2016 Foru Dekretua, “2.832.000” euroko inbertsinoa izango dauena eta jarduketarako hiru ildo jasoko dituana. Horreetako bi “barriak” dira, koalifikazinorik ez daukien gazteei zuzendutakoa (1.070.000 euroko partidea izango dauena), eta LHko edo Unibersidadeko ikasketak dituen gazteei zuzendutakoa (642.500 euro). Hirugarren ildoak gazteen kontratazinoa sustauko dau, eta kontratautako pertsona bakotxarengaitik jaso ahal izango dan gehieneko laguntzea “7.000 eurokoa” izango da. Kontratuak mugarik bakoak edo gitxienez urtebetekoak izan beharko dira.

45 urtetik gorako pertsonen, denpora luzez lan barik edo gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dagozan pertsonen enplegugarritasuna hobatzeko Foru Dekretuari jagokonez, laguntza guzti horreen erdia eroango dauela esan behar da. Lan Berri izenez ezagutzen dan ekimenak 3.455.967 euro jasoko ditu, hau da, aurreko urtean baino %27,6 gehiago.

Bukatzeko, Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasunerako batzordean eta bere agerraldia eskertu deutsien batzarretako taldeen aurrean, Europako Gizarte Fondotik datozan beste laguntza batzuen “osagarri” moduan, “egoera zaurgarrienean” dagozan pertsonak –“ezinduak eta genero indarkeriaren biktima diran andrazkoak”, zehaztu dau– lan munduan sartzea bilatzen daben proiektuak diruz laguntzeko “500.000 euroko” Foru Dekretuak azaldu ditu Laespadak.


BATZARRETAKO TALDEEN ZALANTZAK

Dekretuak martxan jarri izana eta Batzarretan emondako azalpenak eskertzeaz gain, Batzarretako taldeek deialdien eukiaren gaineko “zalantza” batzuk agertu dabez, puntu honeek dirala eta: Behargintzak zentroen partaidetzea, konkurrentzia lehiakorra, enplegu berdearen edo gizarte arloko barrikuntzaren aldeko apustua egiten daben enpresen aldeko diskriminazino positiboa, emondako prestakuntzaren homologazinoa edo aurton bertan partidak handitzeko aukerea.

Azken puntu horri jagokonez, Laespada oso argia izan da. “Aurton ez da gehiago egongo, eta 2017an, ikusiko dogu”, esan dau. Horren ostean argitu dauenez, “irailean” izango doguz lehenengo emaitzak.

Diputatu andreak behin baino gehiagotan errepikau dau deialdiak “konkurrentzia aske” modalidadean egin dirala, irabazleak “kalidade gehieneko” proiektuak dirala bermatzeko. Laespadak argitu dauenez, Behargintzak zentroek hiru puntu izango ditue proposamenen balorazinoan, zentro horreek “publikoak” diralako eta eskualde bakotxeko “errealidadetik gertu dagozalako”. Prestakuntzako tituluaren homologazinoak, ikastaroak emoten dituan zentroaren araberakoak izango dira. Aldundiak “ez dau ezelango ziurtagiririk emongo”.

Gainera, Laespadak baieztu dauenez, ez dago enplegu “berdea” edo gizarte arloko barrikuntzan edo ikerketan behar egiten daben enpresek egindakoa sustetako klausula berezirik, “gure eretxiz ez dalako egokia”, helburua enplegugarritasuna handitzea dalako, eta enplegua “arlo eta sektore askotan ari dalako sortzen, industrian, adibidez”.

EH Bilduri emondako erantzunean, Laespadak “uste dau” laguntzak ez dirala izango LHren eskaintzaren “bikoizketea”, Lanbide Heziketako ikastetxeetara “gerturatzen ez diranakaz egiten dogulako behar”. Bukatzeko, laguntza horreen bitartez lortu diran lanpostuen jarraipena eta ebaluazinoa egingo dala azpimarratu dau.