Bizkaiko Batzar Nagusiek arau aldaketak onartu ditue lurraldeko tributu sistemako bost zergatan
Bizkaiko Batzar Nagusiek euren etapa demokratikoan garagarrilean egiten daben lehenengo ohiko osoko bilkurea egin dabe. Hori udako hilebete honetan Batzarretako saioak egiteko aukerea emoten dauen araudi barria aplikau dalako izan da posible. Landutako zortzi gaien artean azpimarragarria da Bizkaiko tributu sistemako bost zergaren hainbat alderdi aldatzeko Foru Aldundiak ekarri dauen Foru Araua onartu dala: PFEZ, Soziedadeen gaineko Zergea, Ekonomi Jardueren gaineko Zergea, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentauen gaineko Zergea, eta Uri Lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zergea. Osokoak ez ditu 14 zuzenketa-eske onartu (EH Bilduren 6 eta Podemos Bizkaiaren 8).
José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak adierazo dauenez, barrikuntza “nagusi” gehienak PFEZren gainekoak dira. Familiei zuzendutako prestazinoetan salbuetsita geratzen dira Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren Testu Baterakoan minbizia edo beste gaixotasun larri bat daben adinbakoen zainketeagaz lotutakoak. Gainera, salbuespeneko balizko barri bi sartzen dira araupetutako ikasketak egiteko eta ikerketa lanetarako bankutako fundazinoek emondako bekatarako. Gai horrek Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeen kontrako eretxia jaso dau. Talde horreek ez dira ados egon beka “pribadu” horreek beka publikoen tratamendu berbera izateagaz.
EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoaren aldeko botoagaz onetsi dan Arauak tratamendu fiskal pizgarria ezarten dau inbertitzaile txikiei zuzendutako tresna barrirako, Epe Luzeko Aurrezpeneko Plana izenekorako, hain zuzen be. Salbuetsita egongo dira aurrezpen hori gauzatuko dan depositoko kontuek edo bizitza aseguruek sortutako errentak, beti be, gitxienez 5 urteko epean urtero 5.000 euro baino gitxiagoko ekarpenak egiten badira.
Gainera, Errentaren gaineko Zergan, pertsona zordunak konkurtso prozeduretan jaso dituan errenten salbuespena ezarten da, zor horreek ez badira jarduera ekonomikoak gauzatzetik sortu.
Soziedadeen gaineko Zergari jagokonez, Iruarrizagak iruzur fiskalaren kontrako burrukea bultzatzen daben neurriak “indartu egingo dirala” azpimarratu dau, ez barruko mailan bakarrik, baita nazinoarteko fiskaltasunaren arloan be.
Hamar artikuluetako batean, Foru Arauak Bizkaiko Lurralde Historikoko Tributuen Arautegi Orokorra be aldatzen dau. Ataletako batean, arauaren bidez araupetuko diran paradisu fiskalen zerrendea sartzea aurreikusten da, eta beren beregi aurreikusten da zerrenda hori eguneratzea.
EH BILDUREN ZUZENKETA ESKE BAT ONARTU DA
Testua, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen hainbat zuzenketagaz heldu da osokora. Zuzenketa horreek batzordean adostu ziran, eta gehienek izaera teknikoa dabe. Gaur osokoak beste aldaketa bat onartu dau, EH Bilduren zuzenketa-eske bat onartu da eta, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Instrukzinoa onesten ebazan apirilaren 30eko 1/1991 Arauzko Foru Dekretua aldatzen eban Arauaren 5. artikulua kentzeko.
EH Bilduko Arantza Urkaregik azaldu dauenez, kentze horrek, Atxondoko Udalak aurkeztutako alegazino baten pausuak jarraitzen ditu. Koalizino abertzaleak uste dauenez, Udalei ez jake “ezer” jakinarazo “aurretik”, zerga horrek udal mailako izaerea dauen arren. “Beharrezkoa izango da Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren inguruko gogoeta orokorra egitea udalakaz batera”, adierazo dau.
BEHAR EGITEA MEHATXATUTAKO PERTSONAK ITZULI DAITEZAN
Osoko Bilkuran Bizkaiko Talde Popularraren mozino bat eztabaidau da. Bertan, ETAren Terrorismoarengaitik Bizkaitik alde egin behar izan eben enpresarioen itzulera erraztera zuzendutako “neurri plan bat” egiteko aukerea “aztertu daiala eskatu jako Foru Aldundiari”.
Azkenean, proposamena aurkeztu dauen taldeak, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek aurkeztu daben eta Talde Mistoaren aldeko eretxia eta EH Bilduren eta Podemos Bizkaiaren abstentzinoa jaso dauen ordezko zuzenketa-eskea onartu dau, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz koordinauta, beharrean jarraitu daian “bere egunean, mehatxatuta egotearren Bizkaia itzi behar izan eben pertsonak gure lurraldera itzultzera lagunduko daben” neurri egokiak eta bideragarriak identifikatuz.
Zuzenketa-eskea aurkeztu daben talde biek adierazo dabenez, terrorismoaren biktimen autortzarako eta erreparazinorako neurriek Euskadi osoa hartzen dauen jarduketa eremua jasoten dabe, eta ez Bizkaiko Lurralde Historikoa bakarrik. Hori dala eta, azkenean onartu dan testuan, “Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak onartu dituan planakaz sintonian behar egin daiala” eskatzen jako Bizkaiko Foru Aldundiari, “terrorismoaren biktimen autortzari eta erreparazinoari jagokonez eta, zehatzago esanez, biktima horreen itzulerari jagokonez, halan gura badabe”.
Javier Ruiz PP taldeko bozeroaleak azaldu dauenez bere mozinoaren aurkezpena, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Abellanedan egin zan kontroleko azkenengo osokoan izan eban esku-hartzean justifiketan da. Bertan, Rementeriak, urte luzez Bizkaia itzi behar izan eben enpresarioak gure Lurralde Historikora itzultzeko eta bertan finkatzeko aukerea izatea gura ebala esan eban. Ruizek Rementeriaren berbetatik ulertu ebana, “eurak gura barik eta derrigortuta, terrorismoaren presinoa dala eta Bizkaia itzi behar izan eben enpresarioei” zuzendutako berbak zirala izan zan.
Podemos Bizkaia taldeak, bere aldetik, osotasuneko zuzenketa-eskea aurkeztu dau PPren mozinoaren aurrean. Zuzenketa-eske horrek, biktimen erreparazino ekintzea Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritzara eta idazkaritza horrek aurrera daroazan planetara bideratzea proponiduten dau. Holan, Asun Merinero batzarkideak esan dauenez, “erreparazinorako neurri guztiek ikuspegi orokorra izan behar dabe, indarkeriaren ondorioak jasan dituen pertsona guztiek erreparazino integrala izatearena, hain zuzen be, alderdi guztietatik”.
Bere esku-hartzean, Carlos Totorika PSE-EE taldeko bozeroalea pozik agertu da PPk onartu egin dauelako sozialistek eta jeltzaleek aurkeztu daben ordezko zuzenketa-eskea, “biktimen autortzarako eta erreparazinorako neurriak, enpresarioak itzultzeari jagokozanak barru dirala, Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak planteautakoakaz bat etorri behar diralako”. Bere esanetan, oso pauso garrantzitsua da “Batzar honeetan inork ez dauela defendiduten beste batzuk jazarteko zilegitasuna, edo bakotxak uste dauena adierazotea edo Euskadin bizitzea debeketea”. Horren ostean, “iraganaren irakurketea egiten dogunean txarto egon zana autortzea jagokula” esan dau, “hori dalako bizikidetzea ezarteko izango dogun oinarria”.
EAJ-PNV taldetik, Jon Sánchezen ustez behar egiteko ildoak “erreparazinoan, oroimenean, bizikidetzan eta autortzan” oinarrituta landu behar dira. Terrorismoaren eraginez Euskadi itzi behar izan ebenak bertara itzultzea bultzatzeko, Sánchezen eretxiz beharrezkoa da “lan integrala egitea, koherentziagaz eta gizarteko eragileen eta mobimenduen eta biktimen artean koordinauta”. Baldintza horreetan eta erakunde bakotxari jagokozan eskumenen testuinguruetan “mobidu behar gara”, EAJ-PNV taldeko batzarkideak adierazo dauenez.
Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, bere aldetik, ETAren mehatxua dala eta iges egin behar ebenen itzulerea “Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako gizarteak aspalditik konpondu barik dauen gaia” dala esan dau, “ETAk eragindako krimenak zirala eta pertsona askok erbestera joateko eta euren familiagaz iges egiteko beharra izan eben garaitik”, hain zuzen be.
Zigor Isuskiza EH Bildu taldeko batzarkideak, bere aldetik, popularraren proposamenaren inguruan dituan “zalantza ugariak” adierazo ditu, eta kritikau egin dau PPk “alde batera itzi dauela gizartearen parte garrantzitsua, existiduko ez balitz moduan, bestelako ezelango indarkeriarik egon izan ez balitz moduan”. “Asko gara gatazka honen ondorioak modu batera edo bestera jasan doguzan pertsonak. Badakigu enpresario kopuru jakin batek gogorkeria jasan ebala, ez dogu ukatzen gure herrialdean indarkeria moeta hori gertatu zanik, baina ez da bakarra izan, eta PP taldeak beste indarkeria horreetako asko ezkutau gura ditu behin eta barriro, diktadura garaian iges egin behar izan eben milaka euskaldunek jasandakoa, adibidez”, adierazo dau.
ITSAS GIZONENTZAKO GIZARTE INSTITUTUAREN LOKALAK
Beste alde batetik, osokoak aho batez onartu dau EAJ-PNV, PSE-EE eta EH Bildu taldeek batera aurkeztu daben arauz besteko proposamena, Aldundiak GUFE-IFASen menpe dagozan Bermeoko, Elantxobeko eta Ondarroako ltsas Gizonentzako Gizarte lnstitutuaren lokalen egoerea eta erabilerea “identifikau eta aztertu” daizan, bertan emoten diran erabilereagaz eta zerbitzuakaz konpromisoa erakutsiz, bere garaian Gobernu zentraletik egindako eskualdaketeagaz “bat etorrita”.
Akordio horretan, lokal horreetako erabiltzaileakaz beharrean jarraitzeko eskaria egiten jako Aldundiari, euren proposamenak eta ekarpenak kontuan hartuz, halan bada, alkarren artean adostu daikezan hobekuntzak ezarri ahal izateko.