Bizkaiak "Fracking" teknikea erabiliz hidrokarburoak ete dagozan aztertzeko proiektuak "debeketako" eskatu deutso Eusko Jaurlaritzari

Bizkaiko Batzar Nagusiek, hidrokarburoak ete dagozan aztertzeko proiektuak gauzatzeko frakturazino hidrauliko teknikea erabiltearen kontrako eretxia erakutsi dabe, barriro, gaur goizean. Bizkaiko Batzarrek, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordean, Eusko Jaurlaritzak, Shesa enpresa publikoaren bitartez, Euskadi barruan zein Euskaditik kanpo, parte hartzen dauen baimenetan, “fracking” teknikea erabilten daben hidrokarburo ez konbentzionalen ezelango ikerketa, azterketa edo ustiapen proiekturik gauzatzea “saihestu” daiala eskatu deutsie Eusko Jaurlaritzari.
Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek batera aurkeztu daben eta abstenidu egin dan PPrena izan ezik batzarretako gainerako talde guztien aldeko eretxia jaso dauen arauz besteko proposamenean, eskaria egiten jako Lakuako Jaurlaritzari, Hidrokarburo Ez Konbentzionalen Erauzketarako eta Frakturazino hidraulikorako edo "frackingerako" Ingurumen Arloko Babes Neurri Gehigarrien Legea beteko dala defendidu daian. Lege hori gehiengo handiz onartu zan Eusko Legebiltzarrean, baina Gobernu Zentralak bere kontrako helegitea aurkeztu eban, konstituzinoaren kontrakoa ei dalako.
Bukatzeko, arauz besteko ekimenean, Bizkaiko Batzarrek eskaria egiten deutsie Eusko Jaurlaritzari, baita be, “hemendik aurrerako ekitaldietako aurrekontuetan, teknika hori erabilten daben ikerketarako, azterketarako edo ustiapenerako ezelango partida ekonomikorik ez bideratzeko”.
Gai horri jagokonez, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Batzordeak, aldi berean, Batzarretako Podemos Bizkaia taldearen beste ekimen bat be jaso dau. Ekimen horretan, teknika horren erabilerea “debeketako legea” eta Estaduan emondako baimenen “moratoria” prestau daizala eskatzen jako Gobernu Zentralari. Batzarrek ez dabe onartu talde moreak aurkeztu dauen ekimena, aldeko botoa emon dauen talde bakarra EH Bildu izan dalako. Gainerako taldeek kontrako botoa emon dabe.
PSE-EE taldeko Alexia Castelo, Eusko Jaurlaritzak teknika horren erabileraren gaineko “jokaera argia” izatearen alde agertu da. Teknika horren erabilerak, beronen aplikazinoa baztertzeko eskatzen eban herri ekimenaren aurkezpena eragin eban, eta ostean Eusko Jaurlaritzak ekimen legegile batean jaso eban. Justizia epaitegiek balio barik itzi dabe kautelaz. Batzordekide sozialistaren eretxiz, Podemos taldeak aurkeztu daben ekimena, “itxurak egiteko baino balio ez dauen ekimena” da.
Gaur onartu dan arauz besteko proposamena, Batzar Nagusiek “frackingaren” teknikea erabiltearen kontra onartu daben hirugarrena da, 2013an eta 2014an onartu ziran beste bien ostean, María Presak gogoratu dauenez. EAJ-PNV taldeko batzordekideak azaldu dauenez, bere taldeak “beti” izan dau eretxi berbera gai horren inguruan. “Ez gagoz lur azpian zer dagon jakiteko aukeraren aurrean itxita, baina bai fracking teknikea erabiliz ustiatzearen kontra”, esan dau, “teknologiak zelan egiten dauen aurrera ikusi egin beharko dala” azpimarratu eta gero.
Talde Mistoko Arturo Aldecoaren eretxiz, Podemos taldearen proposamena “ideologikoa” da, eta EAJ-PNV eta PSE-EE taldek aurkeztu dabena, barriz, “estrategikoa”. Proposamen hori petrolioaren prezioaren jatsierea dala eta aurkeztu da. Prezioak behera egin dauenez, une honetan ez da beharrezkoa holango ustiapenetara jotzea.
PP taldearen eretxiz, eztabaidea, erauzketa “seguruak eta beharrezkoak diran berme guztiak dituenak” egitearen inguruan egituratu behar da. Eduardo Andrés, ze erreserba dagon ezagutzeko azterlanak egitearen alde agertu da, “etorkizunean kasu bakotxean egokia dan teknikea aukeratzeko”. Azaldu dauenez, Estaduak helegitea aurkeztu eutsan Euskadiko Legeari, “atzeraeragintasuna” planteetan ebalako eta kostaldeko eta itsas inguruko guneetan prospekzinoak egiteko aukerea emoten ebalako. Eremu horreen eskumena Estaduarena da.
EH Bilduko David Lopategik kritikau egin dau bere eretxiz Eusko Jaurlaritzak eta EAJ-PNVk “frackingaren” gaian erakutsi izan daben eretxi “anbiguoa”. “Ez dagoz kontra”. “Eskumenak Euskadiren esku egongo balira, argi eta garbi daukat buru belarri sartuko litzatekezala teknika horretan”, esan dau.
Podemos Bizkaia taldeak, barriz, ibilpide aldaketea txalotu dau, “orain lau urte ondo ikusten ebelako”. Neskutz Rodríguez bozeroaleak, jeltzaleen eta sozialisten proposamena “garapen iraunkorragoaren aldeko apustu argia” izatea gurako leuke, “frackingak” “kalte larriak” eragiten ditualako ingurumenean. “Urak kutsatzen ditu eta ez da bateragarria abereakaz eta uztakaz”.
EZEZKOA FSC ZIURTAPENARI
Beste alde batetik, saio berean, Batzarretako taldeek ez dabe onartu Talde Mistoak aurkeztu dauen arauz besteko proposamen bat, Aldundiak eta Aldundiaren esku dagozan enpresek, FSC ziurtagiria sartzeko aukerea “aztertu deiela” eskatzeko. Aldecoaren berbetan, ziurtagiri horrek “erabilten diran produktuen jatorria, behar dan moduan kudeatutako basoetan dagola bermatzen dau”. Batzordeak onartu ez dauen beste ekimen batean, Aldundiak eta Aldundiaren esku dagozan enpresek, bereizgarri hori daukan papera eskuratzeko beste azterlan bat egitea eskatu dau.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek ez dabe onartu Talde Mistoak, alde batetik, gastuan “ahalik eta zorroztasun handiena” eskatzea eta, aldi berean, beste azterlan bi egitea eskatzea, horrek Administrazinorako dituan gastuakaz. Gainera, adierazo dabenez, Foru Aldundiak “bere bide propioa” hasi eban 2004an ziurtapenen arloan, PCF (Klororik Bako Prozesua) eredua aukeratuz.
ARBOLEN MOZKETEA AREATZAN
Talde Mistoak eskatuta, Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatu andreak, bertoko espezieak berbizteko Foru Aldundiak Areatzan baimendu eta kontrolauko dauen arbolen mozketea azaldu dau Batzarretako Taldeen aurrean. Bitarteko mozketak “93 hektareako” azalera hartuko dau, eta modu selektiboan, “913 ‘insignis’ pinu, 2.610 ‘douglas’ izei, 2.613 ‘lawson’ zipres, eta 3.648 pinu larizio” ebagiko dira.
Esku-hartze hori “12 hilebetez” gauzatuko da, Udalak egingo dauen enkantearen bitartez, eta Unzuetak azaldu dauenez, helburua, “zutik geratzen diran arbolen hazkundea hobetzea; bertoko zugatz orritsuen eta konniferoen berbizte naturala errezteko arbolak dagozan gunera argi gehiago sartzeko aukerea zabaltzea; lurzorua babes barik itzi barik eta higadurak eragindako arazoak txikituz, bioaniztasuna eta animalien eta landareen habitata babesteko arbolen estalgiari eustea; eta jarduera ekonomikoa eragingo dauen egurraren aprobetxamendua lortzea” da.
TXARTO ELIKATUTAKO ASTOAK ETA ZALDIAK BASAURIN
Basaurin, txarto elikatutako 34 asto eta zaldi konfiskatu izanaren inguruan, Aldundiak zehapen espedientea zabaldu dauela esan dau Unzuetak. Espediente horrek lau arau hauste larri ekarri daikez. Horreetako hirutan isunak “3.000 eta 60.000 euro artekoak” izan daitekez, eta beste batean “600 eta 6.000 euro artekoak”.
Unzuetak azaldu dauenez, identifikau bako 23 asto eta zaldi eta beste Autonomia Erkidegoetako titularrak dituen beste 11 eukazan pertsona horrek, daborduko “14 zehapen espediente” ebazan. Foru Aldundiak aurrera eroan dituan jarduketakaz batera, Ertzaintzak be ikerketa prozesua zabaldu dauela esan dau diputatu andreak, pertsona horrek zigor kausak jaso daikezan ala ez jakiteko, eta gertakarien “larritasuna” eta “lehenengo aldia ez dala” kontuan izanda, posible dala pertsona horrek “zehapenen maila altuena” jasatea.