Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundia beharrean dabil daborduko Gipuzkoagaz eta Arabagaz, euskaldunek "hobari berberak" izan daiezan bidesaridun errepide guztietan

Bilbao

Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko Foru Diputatuak gaur goizean Batzarretako taldeei jakinarazi deutsenez, Bizkaiko Foru Aldundia beharrean dabil daborduko Gipuzkoako eta Arabako foru erakundeakaz, “akordio” bat lortzeko, Euskadiko herritar guztiek “hobari berberak” izan daiezan Euskadiko bidesaridun errepideetan. Foru Erakundeak “oinarrizko” printzipioa daroa negoziazino prozesura, “bizkaitar bat arabarra edo gipuzkoarra balitz moduan trataua izan daitela Araban edo Gipuzkoan, eta alderantziz”.

Pradalesek adierazo dauenez, Foru Gobernuak beharrean dabilz daborduko “lau elementutan” oinarrituta egongo dan akordioan: hiru lurraldeen arteko trafiko mistoak ezagutzea; joan-etorri horreek eragiten dituen diru-sarrerak zeintzuk diran jakitea; “konpentsazinozko” kostua ezarteko aukerea baloretea; eta, bukatzeko, etorkizuneko tarifikazino sisteman, Gipuzkoan agertu diranen moduko “iruzurreko boltsak” agertu izana saihestea. Diputatuaren berbetan, boltsa horreek, aurreko Foru Gobernuak sistema martxan jarteko izan ebazan “prisen” ondorioa izan dira.

Bizkaiko diputatuak azpimarratu dauenez, herrialde osoarentzat “ona” izango litzateken eredu bakarra, “hasiera-hasierako” negoziazino prozesuan dago. Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko batzordean egin dauen agerraldian Pradalesek iragarri dauenez, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariak joan dan garagarrilaren 1ean alkartu ziran. Hitzordu horretan, bidesarien gainean berba egiteaz gain, erakundeetako ordezkariek “ekonomiaren garapenagaz, gobernantzagaz edo Smithsonian Folklife Festival izeneko jaialdiagaz” erlazionautako beste gai batzuk be landu ebezan.

Bilera hori, Bizkaiko Foru Aldundiak, Hegoaldeko Saihesbide Metropolitarraren, Artxandako Tunelen eta AP-8 autobidearen erabiltzaile bizkaitarrentzat laguntza “bakarra” martxan jartea iragarri baino zazpi egun lehenago egin zan. Laguntza hori dala eta, “erabiltzaileek gehienez be 30 euro gastauko dabe hilean, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera”, diputatuak gogoratu dauenez.

Pradalesek azaldu dauenez, Aldundia Batzar Nagusien aurrera etorriko da “barrikuntzak” gertetan diranean edo aldeen artean akordioa lortzen danean. Une honetan, proiektua azterlan tekniko fasean dago, “trafikoak, kostuak, erlazinoak…” moduko alderdi jakin batzuk zehazteko. Hori dala eta, une honetan egin behar dana “zuhurtziaz jokatzea” da.


BATZARRETAKO TALDEAK

Pradalesen agerraldia EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeen ekimena izan da. Hasiera batean, talde horreek Unai Rementeria Ahaldun Nagusiaren presentzia eskatu eben, Euskadiko Autonomia Erkidegoko bidesarien “bateratzearen” inguruan Bizkaiko Batzar Nagusietan egin ebazan adierazpenak argitzeko.

Euskadi osorako bidesarien gaineko ekimena “berandu” heltzen dan arren, Joseba Gezuraga koalizino abertzaleak batzordean dauen ordezkariak “eskua luzatu deutso” Aldundiko Gobernuari, EH Bilduren esku egoan Gipuzkoako Aldundiak joan dan legealdian proposau ebana eta, zoritxarrez, kontuan hartu ez zana “kopietan” ahalegindu dirala esan ostean. “Errazionaltasunaren aldeko apustua egiteko ordua heldu da”, esan dau, hori, “auzokideen protesten” ostean eta errepideakaz erlazionautako politikan “errazionaltasuna” sartzera behartu dauen “krisi ekonomiko egoerea” dala eta bideratu dan arren.

Orokorrean, batzarretako oposizinoko taldeek eskaria egin deutsie Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapeneko sailari, Bizkaiko Batzar Nagusiek beste lurralde biakaz egiten ari dan negoziazinoan “lehenago” parte hartzeko aukerea izan daien. Talde mistoak planteau dauenez, konponbideak “orekatua eta errazionala” izan behar dau, “inor baztertuko ez dauena”, errepide horreetan bizi diran erabiltzaileak “pagano” bihurtu barik. PP taldeak eskaria egin dau, Bizkaian ezarri dan 30 euroko mugea eztabaidau daian eta Estaduko beste alde batzuekaz “alderaketak” egin daitezan, Estaduko beste leku batzuekaz alderatuta Euskadin dagon bidesaridun errepideen ehunekoa kontuan izanda.

EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek euren aldetik, “zuhurtziaz” behar egiten jarraitu daiala eskatu deutsie Aldundiari. Alexia Casteloren eretxiz, akordioa mesedegarria izan beharko litzateke “euskaldun guztiontzat”. Eta Jon Andoni Atutxa jeltzaleak eskaria egin dau “hasten dagon eta konplexua izango dan beharra aurretik epaitu ez daian”. “Behar eta errealidade desbardinetatik gatoz”, esan dau.